Koronabirusa

Kritika zaparradaren ostean, atzera egin dute

Espainiako Gobernuak zuzendu egin du ordu batzuk lehenago emandako irizpidea. Igandetik aurrera, umeek aukera izango dute ibilaldi laburrak egiteko

Haur bat, maskara jantzita duela, guraso batekin kalera irteteko prest. ENDiKA PORTILLO / FOKU.
Gotzon Hermosilla - Edurne Begiristain
2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Kritikek eragina izan dute, eta, azkenean, Espainiako Gobernuak atzera egin du umeen konfinamendua arintzeko neurriei dagokienez ordu batzuk lehenago emandako irizpideetan. Larunbatean iragarri zuen Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak haurrek etxetik ateratzeko aukera izango zutela datorren astelehenetik aurrera, eta atzo eguerdian eman zituen neurri horri buruzko xehetasun gehiago Maria Jesus Montero gobernuko bozeramaileak: 14 urtetik beherakoek aukera izango zutela etxetik irteteko, baina soilki gurasoekin erosketak egitera, botikara edo banketxera joateko, hau da, orain arte alarma egoeran onartuta zeuden ekintzak egitera. Eta adin horretatik gorakoek ere erosketak egitera ateratzeko aukera izango zutela, euren kabuz.

Iragarpenak kritika zaparrada eragin zuen: oposizioko alderdi guztiak kontra agertu ziren, eta PSOErekin koalizio gobernua osatzen duen Unidas Podemoseko kide ugarik ere desadostasuna erakutsi zuten, besteak beste, haurrek paseo bat emateko aukerarik izan gabe jarraitu behar zutelako. Iluntzean, baina, Espainiako Osasun ministro Salvador Illak agerraldia egin zuen, eta zuzendu egin zuen ordu batzuk lehenago iragarritakoa.

Illak esandakoaren arabera, alarma egoera luzatzeko dekretuan —gaur aurkeztuko dute Espainiako Kongresuan— klausula bat sartuko dute, eta, horren arabera, Illari konfinamendua arintzeko erabakiak hartzeko ahalmena emango zaio. Ahalmen hori baliatuta, Illak agindu berria izenpetuko du, eta horretan jasoko dute 14 urte arteko haurrek «paseoak» egiteko aukera, «ez derrigorrez banku eta supermerkatuetara».

«Entzuten dakien gobernua da hau», esan zuen Illak, zuzenketaren arrazoiak azaltzeko. Adierazi zuenez, neurria larunbatean aurkeztuko dute, eta igandean sartuko da indarrean, baina ez zuen horren inguruko xehetasun gehiago eman nahi izan: «Gobernuak zuhurtasun handiz jokatu du beti. Utzi gobernuari lan egiten; larunbatean emango ditugu xehetasun guztiak», esan zuen Osasun ministroak.

Kalera bai, baina nora?

Monteroren lehen iragarpenaren arabera, irteerak «mugatuak» ziren. Alarma egoera arautzen duen dekretuak zehaztutako egoeretan bakarrik atera ahal izango ziren haurrak kalera: heldu batek lagunduta erosketak egitera, botikara edo banketxera, hain zuzen, baina ez paseo bat ematera edo kirola egitera: «Badakigu lasaitasun partziala dela».

Haur gehienak etxean egon dira bost astez eta kutsatuta egoteko «probabilitatea oso txikia» dela gogoratu zuen Monterok. Hala ere, umeen irteera «kontrolatua» izatea nahi zuen gobernuak, eta gurasoei «erantzukizunez» jokatzea eskatu zien. Horrez gain, haurrekin bizi ez den beste edozein herritarrekin harremanak «saihestu» beharra azpimarratu zuen Monterok, eta, beraz, argi utzi zuen haurrak soil-soilik etxean bizi den helduarekin atera ahal izango direla kalera.

Illak egindako iragarpenaren ostean, pentsatzekoa da neurri horiek guztiek indarrean jarraituko dutela, baina xehetasun garrantzitsu batekin: gurasoei bestelako zereginetara laguntzeaz gain, umeek aukera izango dute paseoak egiteko.

Zenbat denbora?

Bere erabakia zuzendu aurretik, Espainiako Gobernuak ez zuen denbora mugarik zehaztu, ezta kalera irteteko ordutegi zehatzik ere, baina argi utzi nahi izan zuten irteerak ez zirela mugarik gabeak izango: «Araututako jarduerak egiteko behar den denborara mugatuta egon behar dute irteerek», azpimarratu zuen Monterok. Hau da, gurasoak erosketak egiteko edo botikara eta banketxera joateko beharko duten denborara mugatuta. Ohartarazi zuenez, helduen «ardura» izango da umeei alarma egoeran ezarritako baldintzak betearaztea, baina, esan zuenez, ez ditu inork «kronometro batekin» neurtuko irteera horiek.

Orain, aldiz, ibilalditxoak egiteko aukera irekirik, litekeena da hasierako asmo hori moldatu behar izatea eta irteeretarako denbora bat ezartzea. Seguru asko, larunbatean argituko dute hori.

Maskarak erabili beharko dituzte?

Ez dago garbi umeek maskararik erabili beharko duten ala ez, baina Monterok iradoki zuen ez direla beharrezkoak izango, haurretan ez direlako «hain eraginkorrak». Gobernuko eledunak argudiatu zuen umeek aurpegia maiz ukitu ohi dutela, eta zailagoa dela horiek jantzita mantentzea. Nolanahi ere, helduen ardura izango da haurrekiko prebentzio neurriak zorroztea, hala nola segurtasun distantzia mantentzea eta higiene neurriak handitzea. «Gurasoei arduraz jokatzeko eskatzen diegu. Kalera ateratzerakoan, euren segurtasuna bermatu behar dute, baina baita gainerako herritarrena ere».

Larunbatean argitaratuko den aginduak argitu beharko du hori, bai eta umeak bizikletarekin edo patinarekin ibili ahal izango diren ere.

14-18 urte artekoak?

Hasieran itxialdia arintzeko neurriak 12 urtetik beherakoentzat izango zirela iragarri bazen ere, 14 urtetik beherakoei eragingo die azkenik. 14 eta 18 urte bitarteko adingabeen kasuan, orduan, zer? Gobernuko bozeramaileak azpimarratu zuen adin horretako adingabeak «dagoeneko» beren kabuz atera ahal direla erosketak egitera, eta aurrerantzean ere hala egiten jarraitu dezaketela.

Iparraldean, zer?

Martxoaren 12an erabaki zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ikastetxeak ixtea. Ordutik, etxean dira Ipar Euskal Herriko haur eta nerabeak. Konfinamendu neurri arinagoak bete behar dituzte hala ere. Ariketa fisikoak egiteko egunero ordu batez ateratzeko aukera utzi du Frantziako Gobernuak, eta gazteenek ere baliatzen dute horretarako parada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.