Unibertsitate Sistemaren Legea

EAJk uste du legea «positiboa» dela; EH Bilduk, «aukera bat galdu» dela

EHUk eta Steilasek ontzat jo dute unibertsitate publikoen finantzaketa hobetzeko apustua egitea.

Edurne Begiristain - Ion Orzaiz
2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak gaur onartuko duen Unibertsitate Lege berria begi onez hartu zuten atzo EAJk eta EH Bilduk, baina ñabardurekin. Legearen aldeko botoa iragarri zuen Josune Gorospe EAJko diputatuak, besteak beste jeltzaleen zuzenketa nagusienak txertatu direlako eta arauak euskal sistema unibertsitarioa indartzeko bidea zabaltzen duelako. EH Bilduren izenean, Bel Pozueta kritikoagoa izan zen: alde positiboak izanda ere «gabezia» ugari dituela ohartarazi zuen. Abstentziora joko du gaur koalizio subiranistak.

EAJko diputatuak nabarmendu zuen jatorrizko testua «dezente hobetu» dela jeltzaleek Espainiako Gobernuarekin hitzartutako zuzenketei esker. Besteak beste, aipatu zuen EAJk erkidegoen eskumenak «indartzea» lortu duela mugaz gaindiko unibertsitate lankidetzari dagokionez, eta unibertsitate barruko «gobernantza eta demokrazia» indartu egin direla. Horrekin batera, aurrerapausotzat jo zuen prezio publikoen eta beka programen gehienezko prezioak ezartzeko erkidegoen eskumenak aitortzea eta unibertsitateko gizarte kontseiluaren autonomia handiagoa sustatzea.

Negoziazio prozesu luze eta korapilatsua izan du legeak, eta bidean hamaika ekarpen egin dizkiete taldeek. EH Bilduko diputatuak salatu zuen koalizioak egindako batzuk ez direla aintzat hartu. «Aukera bat galdu» dela ohartarazi zuen Pozuetak: «Euskal gizartearen beharrei erantzungo dien lege on bat ontzeko aukera galdu dugu».

Hala ere, tramitean EH Bilduren hamasei zuzenketa txertatu dira egitasmoan, eta, horiei esker, jatorrizko testua «hobetzea» lortu da. Besteak beste, zerbitzu psikologikoa unibertsitatean bermatzeko neurriak jaso ditu legeak, koalizioak aurkeztutako zuzenketak jasotzen duen moduan. Pozuetaren iritziz, baina, legeak oraindik «gabeziak» ditu: «Anbizio gutxikoa da. Ez da aski unibertsitate sistema hobetzeko». EH Bilduko diputatuak ohartarazi zuen unibertsitate sistemaren «demokratizazioan» atzerapausoa dela, ez delako neurririk jaso errektorearen pisua gutxitzeko gobernu kontseiluan. Kontrara, uste du legeak unibertsitateen «eredu bertikala» indartuko duela. «Zapore gazi-gozoa uzten digu errektore kontseilua indartu izanak».

Epe zehatzak eskatu ditu

Bestalde, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak baikor hartu du legea, eta esan du neurri batzuk «oso positiboak» direla. Besteak beste, ontzat jo du unibertsitate publikoen «finantza nahikotasunaren» aldeko apustua egitea, baina helburuak betetzeko epe zehatzak finkatzeko eskatu du.

Era berean, begi onez ikusten du langileak kontratatzeko indarrean diren mugak malgutzea, eta horiek egonkortzeko eta irakasle berrien prestakuntzaren aldeko apustua egitea. Nolanahi ere, erronka berriei «zehaztasun eta malgutasun gehiagorekin» heltzeko tresnen falta sumatzen du EHUk, besteak beste irakasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak sailkatzeko eta kontratatzeko moduetan.

Steilas sindikatuak, berriz, irakurketa gazi-gozoa egin du unibertsitate lege berriaz. Patxi Azpillaga EHUko irakasle eta sindikatuko ordezkariak azpimarratu du «ausarta eta aurrerakoia» dela arauaren hitzaurrea, besteak beste aurrenekoz txertatu direlako kontzeptu feministak eta aitortza handiagoa ematen zaiolako ikasleek unibertsitatean izan beharreko rolari. Halaber, errektorea hautatzeko sufragio unibertsalaren sistemari eustea «ona» dela azpimarratu du, «demokratikoa» delako: finantzaketan «aurrerapausoa» ematen dela dio.

Hala ere, azpimarratu du legeak Espainiako errealitateari begiratzen diola eta EHUren ikuspegitik «gabezia nabarmenak» dituela, lurralde zatiketari eusten diolako. Hizkuntza politikan «ahuleziak» ere sumatzen dizkio, soilik «marko orokorra» finkatzen duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.