Koronabirusa

Langile publikoak. Dudaz beteriko itzulera

Administrazioko langileen %60 itzuli dira lanera, eta azaldu dute ez dutela ia argibiderik jaso. Sindikatuek Jaurlaritzaren jarrera salatu dute; haien ustez, ez dago nahikoa berme lana babestuta egiteko

Eusko Jaurlaritzako langile publiko batzuk lanera itzuli ziren atzo Gasteizera, Lakuako egoitza nagusira. RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako langile publikoak aurrez aurreko lanera itzuli dira. Larrialdia adierazten duen zinta zuri-gorria jarri dute Lakuako egoitza nagusiaren atarian, Gasteizen. Korridoreak osatu dituzte, eta sarrera nagusian langileek banaka eta segurtasun distantzia mantenduta sartu behar dute eraikinera; ahal den heinean, bederen. 07:30ean zabaldu dituzte ateak, eta orduan iritsi dira langilerik goiztiarrenak. Oinez, bizikletan eta autoan gehienak. Txartela detektagailutik pasatu, eta barrura. Baina langileen tropelak goizeko zortzietan agertu dira, orduan iritsi baitira autobusak. Askok maskarak jantziak dituzte, baina zaila da segurtasun tartea mantentzea, eta pilaketak sortu dira momentu batean.

Jaurlaritzaren arabera, administrazioko langileen %60 itzuli ziren lanera atzo. Langileen beste %40 salbuetsitako taldeetako kideak dira, eta, oraingoz, ez dira lanera itzuliko. Langileek zazpi orduko lanaldi jarraituak egingo dituzte, eta sartzeko eta irteteko ordutegiak malguagoak izango dira: 07:30etik 09:00etara eta 14:30etik 16:00etara.

Hala ere, langileek ez dute gogorik sarreran pilatuta dauden kazetarien galderak erantzuteko. Gerturatu bezain laster, sentitzen dutela esan, eta lantokira sartzen dira bata bestearen atzetik. Hala aitortu du Arratek ere, baina azkenean adierazi du prest dagoela galdera pare bati erantzuteko. Era telematikoan aritu da gaur arte lanean, nahiz eta azaldu duen tarteka lantokira itzuli behar izan duela, arazoak izan dituelako ordenagailuarekin. Whatsappera iritsitako mezu baten bidez jakin zuen lanera itzuli behar zuela: «Talde bat dugu laneko kide batzuek, eta mezu bat bidali zuten bertara; ondoren, departamentuko zuzendaria jarri zen gurekin harremanetan». Esan du ez zuela ia argibiderik jaso, eta lehen eguna izanda urduri dagoela. Beste hainbeste dio gerturatu berri den lagunak ere. Hedabideetatik enteratu zen lanera itzuli behar zela, eta nabarmendu du «ziurgabetasunez eta zalantzaz beteriko» itzulera dela.

Egoitza nagusiaren atarian dago Juanjo Ruiz de Mendoza ere. Administrazioko langilea da Lakuan, eta, haren esanetan, bertan egon daitekeen beteranoetako bat. Ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak lanera itzultzeko emandako abisuetan «nahastea» egon dela, eta, ondorioz, lanera itzuli behar ez zuten langileak ere lantokira joan direla. «Langile asko etorri dira, eta fitxatu dute. Jaurlaritzak itzuleraren datu onak emango ditu, baina ez du azalduko langile askok etxera itzuli behar izan dutela lanpostuak babestuta ez zeudelako», salatu du Ruiz de Mendozak. Haren arabera, Eusko Jaurlaritzak lanerako itzuleraren irudi on bat eman nahi du, ustezko hauteskunde kanpaina laster has daitekeela gogoan izanda.

Langileen hitza

Andres Zearreta Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuordearen arabera, ezarri dituzten neurriak sindikatuekin negoziatu dituzte, eta horren emaitza izan da, adibidez, langile publikoen ordutegia «are gehiago malgutzea». Sindikatuek, ordea, ez dute hark esandakoarekin bat egiten. Izaskun Fernandez administrazioko langilea eta LABeko kidea da. Egoitza nagusiko sarreran dago, sindikatu bereko kide batzuekin batera. Adierazi du Jaurlaritza sindikatuekin harremanetan jarri zela, baina «plantak egiteko», ez besterik. «Txotxongilo batzuk izango bagina bezala tratatu gaituzte, eta hedabideen bitartez jakin dugu lanera itzuli behar genuela», esan du.

Aitor Esteban LABeko ordezkaria da, eta atarian dago. Fernandezek esandakoari ondokoa erantsi dio: «Jaurlaritzak alorreko mahaian parte hartzera gonbidatu gintuen, eta esan ziguten neurri batzuk negoziatu nahi zituztela gurekin, baina konturatu ginen haiek hartutako erabakiak bertikalki komunikatzen ari zirela». Haren arabera, «lotsagarria» da erabakien berri emateko era, eta Jaurlaritzak ustezko negoziazio baten «itxurak» egin ditu orain arte.

Egoera salatzeko, protestarako hautua egin dute sindikatuek, eta, hain zuzen, eguerdiko hamabietan batu dira LAB, ELA, UGT eta CCOO egoitzaren aurrean, Eusko Jaurlaritza: hau ez da prebentzioa lelopean. Azaldu dute langileak babestea dutela lehentasuna, eta asko kezkatzen dituela Jaurlaritzak «hitz egiteko eta adosteko duen ezintasunak». Orain, langileen lan baldintzen eta iragarritako prebentzio neurrien jarraipena egingo dutela iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.