Errekaleorreko argindarra moztu, eta hiru pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak

Auzokideek harresi bat antolatu dute argindar azpiegitura babesteko. Gasteizko udal gobernuak esan du ez zegoela «beste aukerarik»

Errekaleorreko auzokideak eta Ertzaintza, aurrez aurre. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2017ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun

Gasteizko Errekaleorreko auzokideek atzo goizean goiz zabaldu zuten bertaratzeko deia. Ohartarazi zuten jasoa zutela Ertzaintza joateko eta argindarra mozteko mehatxua. Iberdrolako teknikariak Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren ekimenez joan ziren argindarra moztera, eta, haiekin, Polizia. Ertzainak iritsi zirenerako, antolatuta zeuden auzokideak. Lehenengo oztopoa herri harresi bat izan zen. Poliziak oldartu egin ziren. Hiru pertsona atxilotu zituzten, agintaritzaren aurkako atentatua egotzita. Beste bi pertsonari diligentziak zabaldu dizkiete, delitu bera egotzita.

Harresia ez zen izan, ordea, auzokoen protesta bide bakarra. Bederatzi pertsona aldamio batean eta elkarren artean kateatu ziren. Kateatuta zeudenak askatu gabe, hesi bat antolatu zuen Ertzaintzak, bai kateatuen inguruan, bai auzoko etxe askoren bueltan. Kableak kentzeari ekin zioten Iberdrolako langileek. Orduek aurrera egin ahala, geroz eta pertsona gehiago iritsi ziren.

Makina bat tentsio une izan ziren ertzainen eta han zirenen artean: aldamioko pertsonak askatzen saiatu zirenean, teknikariei kargu hartu zietenean eta Polizia hesiaz haratago pasatzen saiatu zenean. Ertzainak behin baino gehiagotan oldartu zitzaizkien. Pertsona ugari identifikatu zituzten. Behin auzoko argindar kableak kenduta, Ertzaintzak proposamen bat egin zien aldamioan kateatuei: euren burua identifikatuz gero, joan egingo zirela. Kateatuek proposamena onartu zuten, eta ertzainek alde egin zuten.

Agerraldi eske

Gasteizko EAJren eta PSE-EEren gobernuak esan zuen ez zegoela «beste aukerarik». Industria Sailak argindarra eteteko eskatu zuen, «ezbehar elektriko bat» gerta zitekeela eta. «Berehalako arriskuak ikusita, ez zegoen okupei argindarra kentzea beste aukerarik». Nabarmendu zuen 2015eko otsailean su hartu zuela etxe batek, eta hiru txakur hil zirela. Hori berriz gertatzeko arriskua ikusita, adierazi zuten «ulertzen» dutela argindarra kentzea.

Aurkako ahotsak ere entzun zituen Gasteizko Udalak. Alde batetik, Errekaleor Bizirik-ek antolatuta, manifestazioa egin zuten atzo iluntzean hirian. Bestetik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Irabazik Gorka Urtaran alkatearen agerraldia eskatu zuten, azalpenak eman ditzan «Jaurlaritzak bultzatutako ezkutuko kaleratzeaz».

[Youtube]https://youtu.be/z_0hPoVl-Xk[/Youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.