Galera eteteko formula bila

PP, Ciudadanos eta Vox batuko dituen koalizio bat eratu nahi du Pablo Casadok, baina EAEko PPk errezeloz hartu du ideia. Alonsok atea ireki dio Ciudadanosi, baina itxi Voxi

Borja Senper Gipuzkoako PPko burua, Alfonso Alonso EAEko PPko presidentea eta Pablo Casado PPko presidentea, ekainean, Donostian. JUAN HERRERO / EFE.
Edurne Begiristain.
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Nafarroakoak erakutsi die bidea, eta formula berbera errepikatu nahi dute beste erkidegoetan.Udazkenean berriz ere Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara deitzen badute, Pablo Casadoren PPk Ciudadanosekin eta Voxekin koalizioan aurkeztu nahi du. Eredugarritzat du Nafarroan UPNk, PPk eta Ciudadanosek egindakoa, eta eskuineko alderdiekin aliantza handi bat eratu nahi du. Iritzi dio formula egokia dela PSOE garaitu eta Espainiako gobernura iristeko, eta eman du lehen pausoa norabide horretan: España Suma marka erregistratu du. Euskal Autonomia Erkidegoan ere jarri diote izena balizko koalizio horri: Pais Vasco Suma.

Haatik, EAEko PPko presidente Alfonso Alonsok hotz hartu du PPren, Ciudadanosen eta Voxen artean koalizio bat egiteko proposamena. Izan ere, Espainian balio lezakeenak ez du zertan funtzionatu EAEn, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errealitatea oso bestelakoa baita. Pablo Casadoren PP ez baita Alonsoren PP, edo, beste era batera esanda: Alonsok EAErako duen estrategia ez baita Casadoren estrategia.

EAEko PPren barruan, baina, badira Pais Vasco Suma formula begi onez ikusten dutenak ere: horietako bat da Beatriz Fanjul EAEko PPko Nuevas Generacioneseko idazkari nagusi eta Kongresurako Bizkaiko zerrendaburu izandakoa. Casadoren ildokoa da Fanjul, eta berak eman dio hauspoa Ciudadanosekin eta Voxekin batzeko proposamenari. Publikoki onartu du «etengabea» dela EAEko PPren boto galera, eta joera hori eteteko formula egokia izan daitekeela eskuineko hiru alderdiak elkarrekin aurkeztea bozetara. «Gehiago da batzen gaituena banatzen gaituena baino». Eta hordagoa bota dio Alonsori: «Alternatiba baliagarri bat eratu beharko du, EAEko PP desagertzea nahi ez badu».

Fanjulek estualdian jarri ditu Alonsoren ildokoak, eta EAEko PPren presidenteak ez du ezkutatu hiruko aliantza bat ez duela gustuko. Atea irekita utzi dio Ciudadanosekin bat egiteko aukerari, baina baldintzak jarrita: erabat itxi dizkio ateak Voxi.

EAEko PPko presidenteak ez du ahazten Ciudadanosek pribilegiotzat jo izan dituela eskubide historikoak, eta hargatik marra gorri bakarra jarri dio alderdi horri koalizio bat osatzeko: «foru sistema» eta kontzertu ekonomikoa errespetatzea eta defendatzea. Voxekin batzeko aukera, berriz, erabat baztertu du PPko buruak. «Foru sistemaren, kontzertu ekonomikoaren eta erkidegoen aurka dagoen alderdi batekin, inoiz ez», ohartarazi du.

Ciudadanosekin bat egiteak azken urteotako boto galera eteteko eta eskuineko eremu politikoa sendotzeko aukera eman diezaioke EAEko PPri. Baina koalizioek ez dute beti batzen. Politikan bi gehi bi ez da beti lau. Alonsok badaki hori, eta argi eta garbi utzi du batzeko prest dagoela baldin eta «PPren proiektuaren inguruan» egiten bada. PPk ez duela arazorik beste alderdiekin aritzeko, baina aliantzena «tokian-tokian» aztertu behar dela. «Koalizioak eratzea egokia izan daiteke zenbait tokitan, baina ez guztietan».

Alonsoren errezeloekin bat egin dute publikoki, besteak beste, Iñaki Oiartzabal Arabako PPren presidenteak eta Borja Senper Gipuzkoakoak. EAEko PPren «izaera propioa» nabarmendu dute biek ala biek, eta urrundu egin dira eskuineko beste alderdiez. Senperrek argi utzi du: «Ezin dugu zalantzan jarri Euskadiko PPren ibilbidea, eta alderdiak nortasun propioa du, oso definitua eta argia».

Ciudadanos, prest

EAEko PPren zuzendaritzak Voxekin bat egiteko aukera alboratu du, baina mahai gainean dago oraindik Ciudadanosekin ituna egiteko aukera. Ate hori ez dago itxita. Ez da lehen aldia, gainera, EAEko PPk aliantza baterako eskaintza egiten diona Ciudadanosi; aurten, udal eta foru hauteskundeen atarian, bat egiteko proposamena egin zion, baina Ciudadanosek baztertu egin zuen eskaintza. Igaro dira udal eta foru bozak, eta bestelakoa da panorama: 2015ean, Ciudadanosek galdu egin ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zeuzkan ordezkari apurrak. Bizirik irauteko formula izan liteke PPrekin bat egitea. Indarra erakusteko baino gehiago, ahuldadea ezkutatzeko ariketa bat.

EAEko Ciudadanosi, gainera, ez zaio gaizki iruditzen PPrekin koalizio bat egitea. Alderdiko bozeramaile Luis Gordillok adierazi du«konstituzionalismoak garai zailak» dituela Nafarroan ez ezik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, eta beharrezkoa dela indarrak batzea. Aitortu du formula egokia izan daitekeela «salbuespenezko egoerei» irtenbidea emateko. Ideia horrekin bat egin du EAEko PPren idazkari nagusi Amaia Fernandezek ere. «Arriskuan» ikusten du konstituzionalismoaren etorkizuna, eta eskatudu «ibilbide orri» berbera duten indarrak batzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.