Urtegi bat baso bilakatzea

Urte bat baino ez da igaro Artikutzako urtegia erabat hustu zutenetik, eta landareak hasi dira hazten Enobietako errekaren inguruan. Onura baino ez dute ikusten ikertzaileek.

Ezkerrean, Artikutzako urtegia, 2013an; eskuinean, Enobietako erreka landarez inguratuta, urtegia zegoen leku berean, aurtengo ekainean. BERRIA.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Urtegia zegoen lekuan, baso bat loratzen hasi da. Hiru urte dira jada Artikutzako urtegia husteko lanak hasi zituztela, eta 2019ko martxorako hustuxea izanda, aurten jada hasi dira aldaketa nabarmenak sumatzen ingurunean: mugitu behar zuen buztina higitu da, Enobietako erreka berragertu da urtegia zenaren azpian, eta berdatzen hasi da ingurua. «Orain landarediz estaltzen ari da erabat», azaldu du Arturo Elosegi EHUko Ekologia katedradunak. Urtegia hustearekin batera gertatzen ari diren aldaketak ikertzen ari den lantaldeko kidea da Elosegi, eta, ikerketaren ondorioak argitaratzear, argi du zer ekarri duen eraldaketak: «Onura», ez bertzerik. «Inpaktua oso txikia izan da, eta lehenagotik urtegiak sortzen zituen inpaktuak oso azkar ari dira desagertzen». Arlo ugaritan igarri dute: «Aztertu ditugu uraren kalitatea, mikrobioak, zomorroak, ornogabeak, arrainak... Orokorrean, hobekuntza ikusi dugu urtegia hustu zenez geroztik».

Esperientzia berezia da Artikutzakoa, Europan hustu duten urtegi handienetako bat baita: «Presa txiki asko bota dira Euskal Herrian, baina Europan handienetako bat da hau». Horrek ikerlari ugariren arreta piztu du, eta Kataluniatik, Alemaniatik eta Italiatik etorri dira, bertzeak bertze. «Ahalik eta jende gehienak ahalik eta gauza gehien iker dezala nahi genuen». Ona izan da esperientzia, eta bertze anitzentzako bidea erakuts dezake, Elosegiren ustez: «Jarraipen garrantzitsua egin dugu».

Uste du halako presa gehiago hustuko dituztela datozen urteotan: «Zahartzen ari dira; inoiz iritsiko da horiek husteko garaia, eta, zer egin eta zer ez egin ikasteko garaian, informazio garrantzitsua eman digu Artikutzakoak». Azaldu duenez, Gipuzkoan 900 urtegitik gora daude gaur egun, eta 80 bat baino ez dira erabiltzen: gainontzekoak hustuz joan beharko dira, pixkanaka. Kaltegarriak direlako: «Erreketan oztopo horietako bakoitza izugarrizko problema da, espezie asko migratzaileak baitira». Amuarrainak eta izokinak, erraterako; baina ez bakarrik: «Presa txiki batek erreka oso bat itxi dezake espezie askorentzat». Intsektuentzat, adibidez. Bertzelako espezieak ere aurkitu dituzte, hala nola ur satorrak. Eta gehiago ere bai: «Sorpresa izan da aingira batzuk ere agertu direla. Oso zaharrak izan behar zuten, urtegia egin aurrekoak edo... Ez dakigu bestela nola arraio iritsi diren horra gora». Beherago dagoen Añarbeko urtegiak trabatzen die bidea, hain zuzen. Izokinik horregatik ez dago, adibidez.

Errekaren inguruko paisaiak berde bizia hartu du azken urtean, eta, pixkanaka, basoa ernatzen hasi da. «Duela urtebete lokazti bat zena gaur egun pertsonak baino altuago den landaredia da». Askotariko zuhaitzak ari dira hazten: sahatsak, haltzak, haritzak, pagoak... «Espezie pila bat». Ihiak ere bai, ur ertzean. «Inguruan batez ere basoa dago, eta, oso modu onean kontserbatuta dagoenez, oso landare exotiko gutxi topatzen ari gara. Oso interesgarria da ikustea nola ari den astetik astera aldatzen». Airearen kalitatea ere hobetu da, metanoa sortzen baitzuen urtegiak.

Paretarekin zer egin

Goizuetako (Nafarroa) lurren barnean dago Artikutza, baina Donostiako Udalak erosi zuen 1919an. 1947tik 1953ra eraiki zuten urtegia, Donostia urez hornitzeko, baina 1992tik jardueratik kanpo zegoen —Añarbeko urtegiak ordezkatu zuen Donostiaren ur beharra 1976tik aurrera—. Arriskutsua zen Artikutzakoa, ez zegoelako lur egonkorrean, eta horregatik erabaki zuten hustea. Presaren atea irekita lortu dute hustea, baina zirrikitua «justu xamarra» da, Elosegiren ustez. Donostiako Udalak badu asmo bat, Rafael Atxa udal ingeniariak azaldu duenez: paretaren erdian, goitik behera, sei metro zabal eta hogeitik gora metro luzeko irekidura bat egitea. Ez dakite noiz eginen duten, ordea: «Proiektua adjudikatu gabe dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.