Koronabirusa

Arindua ez da beti bermatzen

Zaintza aringarrietako adituek abisu eman zuten izurriaren hasieran: arta klase horiek ahul heldu ziren ataka gaitz honetara. Behar bezala bermatu gabeko zerbitzuak dira zenbait kasutan. Hainbat motibo daude atzean.

CATI CLADERA / EFE.
Arantxa Iraola - Oihana Teyseyre Koskarat
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
«Hara zer gertatu zitzaion gure amari; arnasteko arazoekin hasi zen. Halakoetan espero duzuna da medikuren bat hurbiltzea egoitzara, eta aztertzea zer baliabide jar daitezkeen harentzat, haren pairamendua arintzeko». Irrati kate batean egunotan bere lekukotasuna eman du Carmen Gonzalezek, Gasteizen, ama adinekoentzako etxebizitza komunitario batean hil berritan. «Eta eman zitzaigun erantzuna izan zen, inork oxigenoa preskribatu ahal izateko, aurrena erietxera joan behar zuela». Ez du ulertzen zergatik: «Izurri baten erdian, erietxeak gainezka daudela, 96 urteko pertsona bat, dementziak jota, aurrez ospitalera eraman behar dela esatea zoratzekoa iruditzen zait». Osasun zentroan, larrialdietan, COVID-19a artatzeko taldean: guztietan erantzun bera jaso zutela salatu du. «Amaierarik gabeko murrua izan zen: aurrena erietxera eraman behar zela. Adineko pertsonek une horietan behar dutena ez dut uste, ordea, erietxera eramatea denik: norbaitek haiek dauden tokira joan behar luke, baloratzera. Eta agian gure amak ez zuen oxigenorik behar ere... baina inork ez zuen baloratu, eta zuk ikusten duzun bakarra da itotzen ari dela». Hortik, eskea: «Hil behar badute, hil daitezela duin; sufrimendurik gabe. Ez dezagula borrokarik egin behar zaintza aringarriak lortzeko». Pandemiak gordin erakutsi du heriotzako orduko artak zenbaitetan ez direla behar bezala bermatzen.

Apirilaren hasieran hala abisatu zuten arloko profesionalek: «Ukitzea, gertutasuna, besarkadak, baita musuak ere. Ohikoak dira horiek gure lanean. Orain, ordea, eskularruek, maskarek eta babes sistemek ordezkatu dituzte». Espainian zaintza aringarrietan diharduten medikuen eta erizainen elkarte Secpalen eta Aecpalen batutako profesionalen salaketa izan zen. Arazoa, hala ere, COVID-19a baino lehenagokoa dela argi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zaintza aringarriak ematen dituztenen Arinduz elkarteko eledun Alberto Melendezek: «Osakidetzan arloko zerbitzuetan ezegonkortasuna, adibidez, handia da: ahulak dira».

Ezin jakin

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du adierazpenik egin nahi izan lan honetarako. Zaila da jakiten egoera benetan zein den. Arinduz elkartean bertan martxan diren zerbitzuen katalogo bat ontzen ari direla aurreratu du Melendezek. «Baina ez da erraza; izan ere, Osakidetzak hamarkadotan egin duen hautua izan da espezifikotasunik ez ematea unitateoi. Joera izan da esatea mundu guztiak badakiela horri buruz, eta, ondorioz, ez direla talde espezifikoak behar». Arloko trebakuntza orokortu hori, hala ere, lortzeko dagoela esan du: «Baina nire ustea da iruditzen zaiela errentagarriagoa hori esatea alorrerako unitate espezifikoak eratzea baino». Ondorioz, badira egiturak, baina uharte dira usu: «Araban, adibidez, badugu antolatua egitura bat, baina, hein batean, bertan gaudenon esfortzuaren bidez lortu dugu. Geu tematu garelako egin da; baina legezkoa ere ez da gure egitura». Horren ondorioz, arta «heterogeneoa» dela esan du: «Izan ere, ESI erakunde sanitario integratu bakoitzean bakoitzak hautatzen duen horixe egiten du: hautatzen duen eran. Eta ez dago ebaluazio bat».

Espainiako osasun sisteman ez dago zaintza aringarrietako espezializaziorik —beste espezializazio batzuetatik heltzen dira osasun profesionalak zaintza aringarrietara—. Frantziak ehundua duen sisteman ere, ez da arta aringarrietan espezializatzen ahal mediku gisa. Aldiz, aparteko diploma bat badute espezializazioa lortzeko erizainek eta medikuek.

Espezializazio falta hori ere bada,Melendezen ustez, «espezifikoki» arta horietara zuzenduriko unitateak ez behar bezala garatzeko zioetako bat. Eta argi du beharrezkoa litzatekeela horretan urratsak egitea: «Ez kasu guztiak artatzeko, baizik eta kasu zailenetarako. Ume batena, adibidez, kasu zaila da,alboko esklerosi amiotrofikoa duen pertsona gazte batena ere bai, zenbait minbizi klase ere multzo horretan sar daitezke, eta dementziak-eta gero gehiago daude, eta pertsona horien ordezkaritzaren inguruko duda handiak sortzen dira maiz... Pentsatzea, duten ezagutzarekin —eta usu fakultatean esplikatu ere ez dizkiete egin hainbat oinarri—, edozein profesionalek asmatuko duela egoera horiei erantzutenarazoa gainetik kentzeko asmoa besterik ez da».

Justu 2016an hasi zuen plan bat Jaurlaritzak artok sendotzeko, baina Melendezek uste du deus gutxi eman duela. «Hitz hutsak ziren. 'Arta hobetu egingo da. Koordinazioa hobetu egingo da...' Plan bat hasieratik aurrekontu jakinik gabe jaiotzen bada, baliabiderik jarri gabe, itxurakeria hutsa da». Eta izurriak agerian utzi du. «Anbulantzia, eta erietxea; anbulantzia, eta erietxea. Ez da besterik egon. Edo begira zer gertatu den zahar etxeetan; hango osasun profesionalek, kasu askotan, ez zuten trebakuntzarik arloan».

Arta aringarrietako erizaina da Mirentxu Aramendi Donibane Lohizuneko poliklinikan (Lapurdi). Badira hamar urte erizaina dela; zortzi arta aringarrietan ari dela. Gabeziak ikusten ditu berak ere: «Eskualdeko Osasun Agentziak erabakitzen du zenbat ohe zuzendu zaintza aringarriei erietxe batean. Donibane Lohizuneko klinikan, adibidez, lau ditugu, eta horrek modua ematen dio erietxeari horren araberako diru iturri bat eskuratzeko. Diru gehigarri hori oinarrizko zerbitzuen arabera kalkulatzen dute; arazoa da oinarrizko zerbitzuetan jadanik langile gutxi daudela; beraz, gure zerbitzuetan, proportzionalki, hala da. Badira urte batzuk ohe identifikatu gehiago eskatzen ditugula; ez ditugu lortu». Arta etxean jaso nahi duten pazienteei irekitzen diete atea horretarako ere: horretan espezializatutako taldera bideratzen dituzte.

Bat dator Aramendi, trebakuntza beharrezkoa da, eta ez da beti ziurtatua. «Garrantzitsua da medikuak ongi formatuak izatea, ahalik eta azkarren identifikatzeko arta aringarrien beharra duten eriak. Batzuek pentsatzen dute soilik heriotzaren aurreko uneetan hartzen ditugula gure zerbitzuetan, baina ez da hala. Eriak gure zerbitzuetara garaiz iristean, arta ezberdinki egitea lortzen dugu, osoago». Medikuetan ikusten du, bereziki, gabezia hori: «Erizainok ikasketen denboran lantzen dugu gai hori pixka bat; gerora unibertsitate diploma bat egiten ahal dugu. Medikuen artean agian gutxiago aipatzen den arta mota da. Baina aldatzen ari den sentsazioa badut. Mediku gazteengan sentitzen dut aldaketa hori». Eta osasun sistemaren egungo antolaketan ere ikusten ditu esperantzarako printzak:«Diziplinarteko bilerak egiten ditugu astean behin. Badira arta aringarrietan erreferenteak diren medikuak: norabidea finkatzen dute haiek. Bada garapen bat».

Sarean lotuta

Nafarroako Gobernuak arta aringarrietan esperientzia duten hiru profesionalekin hitz egiteko era ahalbidetu du. Osasunbideko Lehen Arretako Kudeaketa Klinikoko eta Jarraitasun Asistentzialeko Laguntza Zerbitzuan ari da Nuria Goñi; Nafarroako Ospitalegunean Cristina Ayanz, erizain artahorientzako erietxean berriki abiatu duten unitatean; Maria Gonzalez, berriz, San Juan de Dios ospitalean, Arta Aringarriko arduradun kliniko. Elkarrekin mintzatu nahi izan dute, urteotan zaintza aringarrien inguruan «sarea» trinkotzeko Nafarroan egin diren ahaleginen erakusgarritzat dutelako hiruren hitzak solasaldi batean txirikordatzea.

«Bide luzea egin dugu Nafarroan. Oro har, lehen mailako artaren hautuaren alde egin da», azaldu du Goñik. Abangoardia izan da arta mota hori zaintza aringarriak sustatzeko; San Juan de Dios erietxeari atxikita. Bi hamarkada luzeko bidea da, eta mugarritzat dute Nafarroako Gobernuak 2013an hasitako lan ildo bat: Paziente Kroniko eta Pluripatologikoen Arta Osorako Nafarroako Estrategia. «Izan ere, paziente bat ja kronikoen estrategian badago, errazagoa da pertsona horren arta premiei erreparatzea, eta, adibidez, guri deitzea», adierazi du Ayanzek.Izan ere, Nafarroako Ospitalegunean abiatua duten unitatearekin osatzen dute orain jarduna. «Eta guk, adibidez, ez dugu zaintza aringarrietarako oherik —San Juan de Diosen badira halakoak—; hemen gaude laguntza emateko zaintza aringarriak ematen dituztenei,eta pazienteen arta planifikatzeko». Ari dira «trebakuntzan» ere.

Ezinbestekotzat dute. «Finean, garrantzitsua da ulertzea zaintza aringarriak ez direla bizitzaren bukaerako kontu bat bakarrik», azaldu du Gonzalezek. Herrialde barruan ez dute alde handirik ikusten toki batetik bestera: arta «homogeneoa» dela uste dute: «Egitura sendoa dugu, baina lantzen jarraitu behar da». Ideia horietan irmo, COVID-19aren uholdean ere xedeak argi izan dituztela nabarmendu du Ayanzek, ospitalean, hainbat garai zailetan, izan dituzten bizipenak gogoan hartuta. «Bisitak, heriotzako ordurako-eta, bermatu egin dira. Familiekin lan handia egin da; esperientzia politak izan dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.