Montejurra, egiaren bila

Kaleratu berri diren agiri batzuek egiaztatu dute erregimen frankistak antolatu zuela 1976ko maiatzaren 9ko borroka. Bi karlista hil ziren, eta 30 lagun zauritu. Trantsizioko atalik beltzenetako bat da.

Eraso egin zuen mertzenario taldea. Lehen planoan, Aniano Jimenezen hiltzailea, Marin Garcia. JOSU CHUECA.
joxerra senar
Iruñea
2023ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Montejurrakoa Euskal Herrian trantsizioan izandako atalik beltzenetako bat da, Gasteizko Martxoaren 3ko sarraskiarekin eta 1978ko sanferminetako gertakari larriekin batera. 1976ko maiatzaren 9an, mugimendu karlistak urtero Montejurran (Nafarroa) antolatu ohi zuen ekitaldian, erregimen frankistako zerbitzu sekretuek finantzatutako eskuin muturreko mertzenarioek bi karlista hil zituzten tiroz —Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Jimenez Santos—, eta beste 30 lagun zauritu. Betidanik izan da argi estatuak bultzatu zuela operazio hura: Antonio Saenz de Santa Maria Guardia Zibilaren jeneral eta orduko buruzagi nagusiak berak aitortu zuen hori 2010ean, hil aurretik. Azkenik, berriki kaleratutako dokumentazioak egiaztatu du estatuko aparatua zegoela atzean.

Lazaro Ibañez Alderdi Karlistako egungo idazkari nagusiak aitortu duenez, ustekabean eta zeharka jaso dute dokumentazioa Iruñeko egoitzan. Bi karpeta dira guztira, eta, besteak beste, Jose Luis Ruiz de Gordoa Nafarroako orduko gobernadore zibilaren eta Manuel Fraga Iribarne orduko Gobernazio ministroaren sekretupeko agiri ofizialak daude horietan. «Dokumentuok frogatzen dute Alderdi Karlistak betidanik esandakoa: estatu krimen bat izan zen, orduko Espainiako Gobernuaren goi estamentuetan antolatu zen. Errege emeritua jakinaren gainean zegoen».

Zergatik orain, 47 urte geroago? Agirien atzean dagoen iturriak anonimotasuna gorde nahi izan du. Jakin denez, gaixotasun larri bat du. Ibañezek argi du zergatia: «Gizatasun keinu bat izan da. Gertutik ezagutu zuen zerbaiten aurrean barrena hustu nahi izan du. Deigarria da, bai».

Hasieratik gaurdaino, bertsio ofizialak zabaldu du karlista kontserbadoreen eta antifrankisten arteko gatazka bat izan zela. Fragak esan zuen «anaien arteko borroka» bat baino ez zela izan. Irmo ukatu du hori Lazaro Ibañezek. «Gezurra da. Ez zen alderdiko bi talderen arteko borroka batizan. Estatuko estoldek antolatu zuten, eta beren baliabide guztiak erabili zituzten, Europako eta Argentinako talde faxisten laguntzaz».

Montejurrako ekitaldia

Karlistentzat, Montejurrak balio sinboliko handia du, 1873ko azaroan bertan izandako batailaz geroztik. 1936ko gerran, karlistek militarren altxamendua babestu zuten, eta, 1939tik aurrera, erromeria eta gurutze bidea antolatu zituzten urtero Estellerriko mendi horretan, euren hildakoen omenez. Urteekin, kutsu politikoa hartu zuen, batik bat 1960ko hamarkadatik aurrera. Francok bere oinordeko gisa Juan Carlos I.a aukeratu izanak haserrea piztu zuen mugimendu karlistaren barruan, eta sektore horren aurkako jazarpena hasi zuen frankismoak. Testuinguru hartan, demokrazia aldarrikatzeko mezuak zabaltzen hasi ziren Montejurrako ekitaldian; 1969ko maiatzean, kasu, Lizarran manifestazio bat egin zen Franco traidoretzat hartuta, eta haren irudi bat suntsitu zuten. Garai hartako Polizia Armatuak bortitz erantzun zuen.

Dokumentuek erakusten dutenez, diktadurako agintariak kezkatuta zeuden Montejurrakoa «erregimenaren aurkako ekitaldi publikorik handiena eta oldarkorrena» bihurtu zelako, eta «Francoren aurkako matxinada sustatzea» egozten zieten Montejurran bildu ohi ziren karlistei.

Ildo beretik baina kontrako zentzuan, Lazaro Ibañezek gogoan du testuinguru berezian gertatu zela 1976ko sarraskia. «Mugimendu karlista gorantz ari zen, eta frankismoko sektore batek haren diziplina eta indarra hautsi nahi izan zituen».

Diktadorea hil eta aste gutxira, 1976ko urtarrilaren 6an, Jose Luis Ruiz de Gordoa gobernadore zibilak Fragari proposatu zion Montejurrako ekitaldiaren kontrola bereganatzeko eta karlista tradizionalisten esku uzteko plana. Birkonkista operazioa izena jarri zioten. Apirilaren 21ean Iruñeko Tres Reyes hotelean izandako bilera sekretu batean jada operazioaren xehetasunak jasotzen dira.

Operazio hark arrakasta izan zezan, funtsezkoa zen karlismoaren sektore tradizionalistak joatea. Sekretupeko dokumentuetan ageri denez, Nafarroatik kanpoko ehun autobusetan 5.000 lagun inguru heldu zitezen nahi zuten, eta euren artean jendea kolpatzeko 2.000 makila banatzea. Tradizionalistak bereizteko ikurrak ere banatuko ziren. Alta, egitasmo hark porrot egin zuen, sektore hark ez ziolako dei hari erantzun. Ibañezek laburbildu du: «Sektore tradizionalistako kideak etxean geratu ziren. Ez zeuden prest karlismo antolatu bati aurre egiteko».

Operazioa ez zen eten, baina. Bi egun lehenagotik, Polizia Armatuaren eta Guardia Zibilaren sei konpainiak kontrolatzen zuten ingurune guztia. Gainera, Italiako, Portugalgo, Frantziako eta Argentinako mertzenario talde bat ekarri zuten, eta Iratxe hotelean hartu zuten ostatu. «Astebete lehenago, 50.000 pezeta kobratu zuen bakoitzak, eta, dena amaitu ostean, beste 150.000 pezeta [Guztira, 14.000 euro inguru, gaur egungo diruaren balioan]», dio Ibañezek. Banco Gipuzcoanoko kontu korronte bat jarri zen horretarako. Ibañezek gogoan du ere goiz hartan Land Rover batek armak deskargatu zituela. Hori guztia gutxi ez, eta mertzenarioen artean polizien eta militarren goi agintariak identifikatu ziren gerora.

Egun hartakoa oroimenean iltzatua du. «Iratxeko monasterioan geundela gure ereserki bat kantatzen, berrehun mertzenarioz osatutako talde bat etorri zen, harriak botatzen eta borrekin. Berokien azpian armak antzematen zitzaizkien. Arma astunak ere bazituzten. Euren asmoa zen gure taldea desegitea, gure ikurrak hartu eta mendian gora egitea, baina guk aurre egin genien, eta atzera eginarazi». Borroka hartan, mertzenarioek suzko armekin tiro egin zieten, eta Ibañezek gogoan du lehen lerroan egon zirenen ausardia, baita orduko amorru eta ezintasuna ere. Inguruan ziren guardia zibilek erasotzaileei erantzun ordez, eurei aurre egin zieten : «Guardia zibil bati golkotik hartu eta esan nion tiroka ari zitzaizkigula. Negarrez erantzun zidan ez esku hartzeko agindua zutela, baina sabelaldean metrailetak jarrita aurrera egitea galarazi ziguten».

Erregea, jakinaren gainean

Agirietan ageri denez, gertakariak izan aurretik, Juan Carlos I. errege emerituak ohorezko domina bat eman zion Ruiz de Gordoari, «eskainitako zerbitzuengatik». Ibañezek argi du erregea denaren jakitun zela, eta egun hartan Iratxe hotelera deitu zuela «operazioa nola zihoan» jakiteko.

Alderdi Karlista «suntsitu» zutela uste du Ibañezek. 1977ko lehen hauteskundeetan, kasu, legez kanpo izan ziren, eta ezin izan ziren izen horrekin aurkeztu. «Helburua zen mugimendu karlista eraistea, eta ordaindu egin dugu». Alderdiko bi buruzagik urteetako borroka judizialari ekin zioten, emaitzarik lortu gabe. «Zigorgabetasuna erabatekoa izan da. Mertzenarioak ate batetik sartu eta bestetik irten ziren. Ez dago justiziarik».

Gerora, mertzenario haietako batzuek GALen zerbitzura amaitu zuten. 2003an Auzitegi Nazionalak hildako bi karlistak «terrorismoaren biktima» gisa aitortu bazituen ere, estatuak inoiz ez du ardura aitortu. «Egia, justizia eta erreparazioa nahi ditugu», dio Ibañezek. Egiaren bila jarraitu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.