Borondate metaketa, erreferenduma xede

Hamaika Gara egitasmoak sinadura bilketa bat abiatu du. Eztabaida «sustatzeko» eta «erreferendumak egiteko ahalmena» garatzeko eskatu diote Nafarroako Parlamentuari eta Eusko Legebiltzarrari

Hamaika Gara egitasmoaren aurkezpenean batutakoak. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jon olano
Donostia
2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Etorkizun politikoa erreferendum bidez erabaki ahal izateko, hainbat eragilek sinadura bilketa bat abiatu dute, Hamaika Gara izenpean. Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak abiatu zuen asmoa, eta 24 eragile dira orain sustatzaileak; horiek bultzatutako manifestuaren arabera, Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari eskatu diete etorkizun politikoari buruzko eztabaida «sustatzeko»; zehazki, lehenari galdegin diote «erreferendumak egiteko ahalmen osoa bere gain hartu, arautu eta garatzea», eta bigarrenari, «etorkizuna erabaki ahal izateko bideak jorratu eta tresnak bereganatzeko, erreferendumak egiteko ahalmena barne».

Iparraldeko herritarrek, berriz, eragiten dieten «gai edo auziei buruzko erabakiak hartzeko ahalmena izateko nahia» adieraziko dute dokumentua izenpetuta, eta diasporako kideek «borondatea eta konpromisoa» adierazteko aukera izango dute «euskal diasporatik norabide horretan ekarpena egiteko». Sinatzeko aukera izango da Hamaikagara.eus atarian. 16 urtetik gorako herritarrei parte hartzeko deia egin diete.

Bilketa atzo abiatu zuten, egitasmoa aurkeztearekin batera, Donostiako Tabakaleran. Sustatzaileen artean daude Oneka, Ernai, Etxalde, Kontseilua, Bilgune Feminista, Kontseilua, Ikastolen Elkartea, ESK, EHNE eta LAB sindikatuak... Horien ordezkaritza bat bildu zen aurkezpenean, eta guztien izenean hitz egin zuten Lumagorri LGTBI kolektiboko Amets Martinez de Hereditak eta Gaur Geroako Maite Arregik.

Azaldu dutenez, manifestu bat prestatu dute sinadura bilketarako. Printzipio batzuk jaso dituzte bertan, eta, gero, lurralde eremuka bereizi dituzte eskakizunak edota konpromiso adierazpenak. Manifestuan, adierazi dute herritarrek beren «bizitzetan eta komunitatean eragiten duten auziei buruz erabakitzeko eskubide osoa» dutela, eta horretarako erreferendum bidez erabakitzea «posible» egingo dutela: «Elkarrekin bizi gara, eta elkarrekin erabakiko dugu, edozein dela bakoitzaren sorterria». Testuak erreferentzia egiten dio «estatus politikoa eta beste lurraldeekiko harremanak menpekotasunik gabe eta askatasunez erabakitzeko» aukerari: «Egiaz, errealitate ezberdinak bizi ditugun arren, burujabetzan sakontzeko borondatea konpartitzen dugu».

Bultzatzaileek «bizitza duina» jarri dute helburu, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo dute «bizitza erdigunean» jartzea eta zaintza lanak «modu orekatuan berrantolatzea». Era berean, «justizia soziala iparrorratz» gisa hartuta, ekonomia herritarren beharren arabera antolatzea nahi dute: «Enplegu eta pentsio duinak geureganatu, kalitatezko osasun sistema bermatu, hezkuntza propio eta burujabe bat ahalbidetu, gorputz eta identitate guztiak aske bizitzeko baldintzak sortu, indarkeria matxistari, LGTBI+fobiari eta diskriminazio orori aurre egin, eta, kultura eta hizkuntza aniztasunarekiko begirunez, euskara indartu».

Ekitaldia maiatzaren 16an

Era berean, nabarmendu dute eskubide zibil eta politikoak «bertan bizi garen herritar guztionak» direla eta «historikoki ukatu zaizkienei aitortu eta bermatu» egin behar zaizkiela. «Alde horretatik, emakumerik gabeko erabakiguneek ez dute zilegitasunik», gaineratu dutenez. Halaber, «atzerakada demokratikoei herritarrok ahaldunduta» eta «demokrazian sakonduta» erantzuteko beharra azpimarratu dute: «Komunitate batek bere burua gobernatu nahi duenean, bere borondatea muga bakartzat hartuta, erabakitzeko ahalmena izan behar du».

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileek esan dute Hamaika Gara «mugarri bat» izango dela eta «ateak zabalik» dituela: «Badakigu nora goazen, eta badakigu bide honetan ezinbesteko urratsa dela herritarron gehiengoa erreferendumak legeztatzearen aldekoa dela irudikatzea, eta batez ere, gehiengo hori saretu eta burujabetzarako prozesuan inplikatzea».

Adierazpenaz eta horri sostengua adierazteko sinadura bilketaz aparte, bi ekitaldiren berri eman dute agerraldian. Lehena maiatzaren 16an izango da, Durangon (Bizkaia); ekitaldi nazional bat antolatu dute egun horretarako, sinadura bilketari bultzada emateko. Bestea ekainaren 13an izango da; «Hamaika Gara eguna» egingo dute egun horretan, herriz herri ariko dira atxikimenduak biltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.