Albistea entzun

Jada dakiguna behingoz sinetsi

Mikel Valero, Iker Eizagirre eta Ibai Esteibarlanda - Hiritik At kooperatiba

2021eko urriak 12

Optimista informazio urriko pesimista ei zen, Alfonso Sastreren iritziz. Itxaropenari uko egitetik urrun, errealitateari aurrez aurre heltzeko jarrera da honako hau. Hortaz: krisi anitzak sakontzen eta txirikordatzen ari dira, zibilizazio krisiaren eta kolapso orokorraren agertokia gero eta posibleago eginez. Euskal Herrian ere, gure bizi-eredua hego-globalaren baliabide zurrupatzean oinarritu dugu. Datu bat: munduko biztanle guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan dugun kontsumo mailarekin bizi ahal izateko, 2,6 planeta beharko lirateke. Politikoki mirabe eta ekonomikoki guztiz menpeko, multi-krisi honen lehen lerroetan kokatuak gaude.

Argi dago existitzen denak ez digula balio eta balio beharko lukeena ez dela oraindik existitzen. Eta zer egin? Tematiak izan eta saiatu. Dena eraldatzeko borondatetik dator proposamena: Lurralde Burujabetza. Trantsizio eko-sozialerako herri egitasmoa. Lehen froga: Hernani Burujabe.

Lurralde Burujabetza, tokiko garapen komunitarioaren tradizioan kokatzen da, lurraldea du eraldaketarako objektu eta subjektu. Behetik gora, eraldaketarako indarra bertan baitago. Potentzia hau trantsizio agenda partekatu batean antolatzea da abiapuntua: udalgintza eraldatzailea (agente publikoa), herrigintza (soziala) eta ehun ekonomiko eraldatzailea (ekonomikoa) egitasmo berean. Autonomiak errespetatuz bilatu beharreko artikulazioa. Txiri-txiri, konfiantzak itsatsiriko oinarri ziurrak sortuz. Udalerritik eskualdera. Horixe Lurralde Burujabetzaren subjektua.

Ez dago benetako demokraziarako aukerarik menpekotasun ekonomikotik, bizitza onik ez dagoen bezala kapitalaren arauen pean. Burujabetza eta demokrazia txanpon beraren bi aurpegi dira. Hortaz, Lurralde Burujabetza, tokian bi hari hauek txirikordatzeko estrategia integrala da: Sektorekako Burujabetzen eraikuntza eta Sakontze Demokratikoa.

Bizitzarentzako funtsezkoak diren eremu ekonomikoak des-merkantilizatzeko estrategia publiko-herritarrak martxan jarri. Horixe da sektorekako burujabetzak tokitik eraikitzeko proposamena. Elikadura, zaintza, energia, etxebizitza, kultura, finantzak, telekomunikazioak,... Nondik hasi? Planifikazio publiko-herritarrean ezarri beharko dira lehentasunak. Horren gainean, udalak funtsezko baliabideen gaineko publifikazio prozesuak jarriko ditu martxan: ura, zabor kudeaketa, azpiegiturak, lurrak, zerbitzuak... Guztion eskura datekeen ondare komuna handitu, indartu eta babestuko da horrela. Espekulazioaren eremutik atereaz, herritarren eskuetan jartzeko.

Udalak zuzenean kudeatuko ditu baliabide eta zerbitzu batzuk. Beste asko, herritar antolatuen eskuetan lagako dira, horretarako herri erakundetze ekonomikorako prozesuak sustatuz. Hernanin elikadura, energia eta zaintzatik abiatzea erabaki da. Tresnei dagokienez, irabazi asmorik gabeko kooperatiba integrala aukeraz beteriko formula dela deskubritu dute hernaniarrek. Besteak beste, agente anitzen parte hartzea ahalbidetzen duelako (lurralde kooperazioa) eta sorturiko etekin ekonomikoa lurralde estrategiara bueltatzea bermatzen duelako.

Sektore burujabeen arteko sinergiez, erabakimenean sakonduko da eta sektore berrien gaineko estrategia publiko-herritarrak abiatuko dira. Poliki, izaera auto-zentratua duen lurralde-gintza demokratiko baten eko-sistema ehunduz. Ekoizpenetik kontsumorako kateak lurraldean gradu handiagoz itxiz, horrekin dibertsifikazioa sustatuz eta tokian tokiko kate ekonomiko laburren onuradun izanez. Lurralde bezala behar ditugun produktu eta zerbitzuak bertatik bertara demokratikoki planifikatu, ekoitzi eta modu orekatuan banatzea posible izatea bilatzen du eredu auto-zentratuak. Gure jendartea zeharkatzen duten arrakalak gainditzeko tresnak emanez herritarroi. Bertatik bertara, modu burujabe eta demokratikoan.

Lotura dialektikoa agerikoa izanagatik ere, Sakontze Demokratikorako lurralde estrategia berezitua beharko da. Abiapuntua ona da: herri honek tokiko demokrazian esperientzia metatu itzela du. Kontzeju, batzar, batzorde komunal eta usadiozko juntak, auzo elkarte, udal kontseilu eta batzorde aktibo, prozesu parte hartzaile arrakastatsu,... horiek denak balioan jartzetik, herri erabakimenean sakontzeko urrats berriak egingo dira. Parte-hartze marko berritu horiek burujabetzen eraikuntzaren erronkarekin txirikordatuz, demokrazia zuzena eta burujabetza batuz prozesu berean. Herri kontseiluak edota auzo batzordeak korronte demokratizatzailean ditugun zenbait tresna dira. Egungo udal-instituzioekin tentsio sortzaileak bilatuz, herriak hautatu eta moldatu beharko ditu bere auto-gobernurako egokiak diren lanabesak.

Dagoeneko dakigun hori sinesteko prest gauden edo ez, hori da gakoa. Jakin badakigu eskala, politika eta elite zaharrekin distopia sozial ilunenen bidean garela. Kolapso sozial eta ekologikora zuzen. Hernanik ekin dio sistemarekiko desertzio ordenatu, pausatu eta antolatuari. Burujabetza eta demokrazia bide eta helburu dituen xendari. Besapean, Lurralde Burujabetzaren mapa. Hasia den bide-orria, ibilian osatzen joan beharrekoa. Zeinek daki, hipotesiak eta ekintzak egokiak badira, apika hernaniarrek hasi eta euskal herritarrok amaituko dugun emantzipaziorako mapa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.