Dessale Berekhet. Kazetaria eta idazlea

«Galdetuz gero, Etiopiatik bereiztea bozkatuko luke Tigrayko jendeak»

TPLFren eta Addis Abebaren arteko gatazkak ondorioak eragingo ditu Etiopia osoan. Borrokak Amhara eskualdera zabaldu dira, besteak beste, eta urrun ikusten da akordio bat lortzeko aukera. Dessale Berekhet kazetaria egoerari adi dago.

Tigraytik ihes egindako herritarrak, Um Rakuba kanpalekuan, Sudanen. ALA KHEIR / EFE.
urtzirrutikoetxea
2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Etiopiako Tigray eskualdeko gerrak giza hondamendi bat eragin eta gutxik esperotako bilakaera militar eta politikoa izan ditu azken asteotan. Iazko azaroan, Addis Abebako gobernuak eskualdeko exekutiboa desegin, eta armada federalak lurraldea okupatu zuen, Eritreako militarren laguntzarekin. Abiy Ahmed lehen ministroak, aurreko urtean Bakearen Nobel saria irabazitakoak, entzungor egin die nazioarteko deiei, nahiz eta etxetik ihesi Sudanera zihoazen milaka lagunen testigantzek eta erakunde humanitarioek sarraskiak, bortxaketak eta giza eskubideen bestelako urraketak salatu. Ekainaren amaieran, baina, egoera goitik behera aldatu zen, Tigrayko matxinoek Mekele hiriburua hartu eta armada kanporatzean. Orduan, hala nolako su-etena ezarri zuten, baina gerrak ez du etenik, eta Tigraytik kanpora ere hedatu da. Dessale Berekhet eritrear idazle eta kazetari erbesteratua egunik egun erreparatzen ari zaio egoerari, Etiopiako, Eritreako eta diasporako adituekin batera.

Gerrarekin loturiko azken albisteen artean irakurri dugu matxinoek Lalibela hartu dutela. Munduko ondare da gune hori, eta Tigray eskualdetik urrun samar dago. Zer gertatzen da?

Zera gertatzen da, gatazka jada ez dela Tigrayko borroka, Etiopia osokoa baizik. Mobilizazio handia dago Addis Abebako gobernuaren kontra, eta, askotan, elkarren aurka jarri dira lurralde bereko talde etnikoak; Afar eta Somalia eskualdeetan, esaterako, baita Oromo eskualdean ere. Eta horrek Etiopian ez ezik, eskualde osoan ere eragina du.

Gerra Lalibela eta Amharako beste eskualde batzuetaraino eramateari buruz, Tigrayko arduradunei galdera hori bera egin zieten BBCn. Esan zuten eskualdeari egiten dioten blokeoa apurtu nahi dutela, gobernuak alde guztietatik setiatuta baitauka. Nazioarteko presioa ere geroz eta handiagoa da Abiy Ahmedek lehengaiak igarotzen utzi ditzan, baina, orain arte, gerrarako hitzak izan ditu. Are gogorragoak dira haren ministroak eta ordezkari militarrak. Negoziatzeko esertzeaz ez, dena txikitzeaz ari dira hizketan.

Nola iritsi gara honaino? Gogoan dut Bakearen Nobel saria eman ziotenean errezeloa agertu zenuela, baina Etiopiak eredu zirudien Afrikan: ekonomia indartsua zuen—Txinak eraikitako Djibutirainoko trena da horren adibide—, eta askok nahiko luketen ispilu zirudien herrialdeak.

Bai, Etiopia istorio arrakastatsua izan zen ekonomikoki, politikoki diplomazian, eta militarki; bake misioak ugari ditu nazioartean. Eta, orain, hara, grazia egoera horretatik erortzen ari da. Ez dut esan nahi lehen paradisua zenik, baina egoera askoz hobea zen. Abiy Ahmedek denei iruzur egin die? Hori ematen du: hitz onak eta ederrak ditu, eta ekintzak guztiz kontrakoak. Oso makurra da. Nik sinetsi egin nahi nuen etorkizunaz esaten zuena. Kritikoa zen aurreko gobernuarekin, oso modu zentzuzkoan. Asko konbentzitu gintuen; zuzen zebilela uste genuen. Baina ikusi duzu zer egin duen. Eta oraindik ikusi ez duguna, eta egunik egun jakiten duguna: Sudandik jaso ditudan albisteek diote gorpuak aurkitu dituztela mugako Setit ibaian. Gorpu asko, 60 gutxienez, ziur asko zibilenak.

Tigrayn egindako sarraskietan hildakoak?

Itxura guztien arabera, bai. Zaila da egiaztatzen oraintxe bertan, baina lehen ere hainbat sarraski egin dituzte Etiopiako armada federalak, Eritreako armadak eta amhara miliziek.

Baina eskualdea ez dago matxinoen esku jada?

Mendebaldeko Tigray ez. Han borroka ugari daude oraindik: Humera hirian eta Addi Goshu eskualdean.

Eta orduan, nolatan hedatu dute matxinoek frontea amhara lurraldeetaraino, Tigrayko zati bat oraindik okupatuta egonik?

Azalpen ugari egon litezke. Batetik, geografia bera. TDFk [Tigrayko Defentsa Indarrak] abantaila dauka gune menditsuetan. Edo baliteke amhara eskualdearen zati bat kontrolpean izatea, gero negoziatzeko orduan indar handiagoa izateko. Mendebaldeko Tigrayn ez dute aurreratu beste fronte batzuetan bezainbeste. Halere, ez zaie falta jenderik, denetariko jendeek bat egin baitute Tigrayko indarrekin: irakasleek, artistek... Alde horretatik, moral handia dute, baina armen aldetik mugatuta daude.

Eta, hala ere, Mekele hiriburua eta Tigrayko eremu handi bat bereganatu zituzten ekainean, askoren ezusterako. Zer gertatu zen? Nolatan halako indarra?

Tigrayk duen abantaila nabarmenena da [Etiopiako] armada federala iraultzaren oinarrietatik egin izana, eta iraultza tigraytarrek egin izana. Ondorioz, oso ondo ezagutzen dute armada, haren indarguneak eta ahulguneak. Bertatik bertara ezagutzen dituzte armadako jeneralak eta koronelak. Tigraytar militarrek eman zizkieten kargu horiek, baita Abiyri berari ere.

Armada, itxuraz, ondo armatuta eta hornituta dago, baina kide gehienak familiari laguntzeko sosaren truke joan dira. Eta, bistan da, bizi nahi dute. Tigrayn, aldiz, denetik dago: erizainak, idazleak, eta ez dute beste lurralderik. Besteentzat, Tigray ez da haien etxea; nahiago dute etxera jo.

Hau da, Etiopiako armada Tigraytik sortu zen, baina banaketa etnikoari eutsi zitzaion, eta, noizbait, amharak nagusitu dira.

Etiopian, nation building bat egon da, nazio eraikuntza bat. Aldi batez, etiopiar sentimendu bat izan da. Baina gatazka hastean, etniagatik, tigraytarrak armadatik kanporatu zituzten. Hori dute orain ahulgunea; esperientzia zuten horiek kanporatu izana. Esperientzia handia zuen jendea kendu zuten, eta horiek Tigrayko indarrekin daude. Orain borroka ez da herrialdeagatik, norbere etniagatik baizik. Eta horrek ondorioak ditu eskualde osoan. Etiopia da Somaliako misioan Afrikako Batasunaren izenean dauden bake tropen hornitzaile nagusietako bat, baina zatiketa eta gerra piztu dira han diren tropen artean ere, tigrinya eta amhara etnietako militarren artean. Antzeko albisteak datoz Darfurren [Sudan] dauden indarrei buruz. Bakeari eustera joan dira, eta zer den paradoxa, elkarren aurka borrokan ari dira Gorder eskualdean. Bake misioetara joaten zen lehen... Orain, Etiopia da misio bat behar duena. Baina ez dakit misio batek ere konponduko ote lukeen, estatuaren oinarriak ere balantzaka daude eta.

Tigrayn dago arreta, baina aipatu dugu herrialdeko beste talde etniko batzuk ere hasi direla mobilizatzen.

OLA [Oromo Askapenerako Armada] ilea txirikordatzen ibili dela esan ohi dugu sare sozialetan; hau da, gerrarako prestatzen ibili direla. Oromoen eta amharen arteko ezinikusia oso aspaldikoa da: oromoak amhara jauntxo feudalen menpeko izan ziren. Egun ere, amhareraz esaera mordoa daude oromoen aurka. Gatazkak piztu dira Etiopiako somaliarren, eta gobernu zentralaren eta amharen kide izan ohi diren afar etniakoen artean ere.

Tigraytarrak, berriz, Eritreako talde etniko nagusiaren ahaide dira. Baina Eritreako armadak Etiopiakoarekin bat egin du.

Berez, oromoak ez bezala, gu guztiok gara ahaide, baita amharak ere. Haien jatorri eta kultura antzekoak ditugu. Eritrean eta Etiopiako Tigrayn, baina, tigrinya da nagusi: herri bera dira mugaren alde bietan, Hego eta Ipar Korea bezala.

Eta zein da orain Tigrayko agintarien agenda? Etiopian jarraitzea? Independentzia?

Duela gutxi arte Debretsion Gebremichael [TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteko burua] ez zen hain argi mintzatzen independentziaz galdetzen ziotenean. Esan zuen Tigrayko herritarren biziak seguru izateko borrokan ari zirela, hortik aurrera askorik zehaztu gabe. Nolabait, esan zuen herritarren esku egongo zela [Etiopiako] Federazioko eskualdeekin zer-nolako harremana izan erabakitzea, edo harremanik ez izatea, herritarren autodeterminazioaren arabera. Aste honetan, erreferenduma aipatu du jada. Lehen ere agintari militar batzuek hala esana zuten, baina ez buruak berak. Argi dago orain bertan halakorik eginez gero Etiopiatik bereiztea bozkatuko duela jende guztiak. Baina egoera ez dago argi, erabat setiatuta baitago eskualdea. Berriki arte esajeraziotzat jotzen nuen Etiopia Jugoslavia bezala desegin zitekeelako ideia, baina geroz eta antz handiagoa dauka.

Independentzia lukete helburu, orduan? Badago Eritreako tigrinyekin bat egiteko proposamenik?

Tigrayn, independentzian pentsatzean, Eritrea auzokide lagunkoi moduan ikusi ohi da, eta zenbait intelektualek hau esan izan dute: «Goi lurretako tigrinyera hiztun guztiak estatu bakarrean egon gaitezen». Mugimendu hori egon badago, baina ez da indartsua.

Alemanak batu baziren, gu zergatik ez? Denak dira tigrinyera hiztunak eta kristau ortodoxoak. Egia da kolonialismoak bereizi gintuela. Azken batean, iraganak, sufritu dugunak, egiten gaitu desberdin. Etiopiaren aurka ari ginenean, Etiopia komunista zen, baina gure iraultza ere komunista zen, gure ikuspegitik. Haientzat, ordea, gu kapitalistak omen ginen, komunisten aurkakoak. Azken batean, mentalitatea desberdina da. Hizkuntza bera, baina pentsaera oso desberdina.

Tigrayko gerra hau mugarri izan liteke Eritrean ere aldaketa bat gerta dadin?

Etiopian, zatiketa etnikoa nabaria da; Eritrean, ez. Diktadura anker bat dago, jende asko dauka engainatuta, eta oposizioaren barruan zatiketa ergelak dituzte. Eritreako oposizioaren zati batek Tigrayko kausarekin bat egin du. Esaterako, Frankfurten [Alemania] erbesteratuta dagoen Mesfin Hagos Defentsa ministro ohia eta Haile Menkoryos diplomazialaria, Nazio Batuen Erakundean Eritrearen ordezkari izana, Sudanen dira Tigrayko Defentsa Indarrekin batera. Baina Eritreako diktadoreak mehatxu argia helarazi die. Sudani ere mehatxu egin dio Osman Salehk, diktadorearen eskuineko eskuak, eta beldurra zabaldu da.

Nazioartean ere bai? Etiopia oso pieza garrantzitsua da geopolitikan.

Abiyren gobernua inoiz baino bakartuago dago: Sudanekin harremanak asko gaiztotu dira, enbaxadoreak erretiratu dituzte, eta AEBek Sudanen alde egin du eskualdeko aingura izateko, luzaroan Etiopiaren aldamenean egon ostean. Egoera nahasia da oraindik. Turkiak interes ekonomiko asko ditu Etiopian; esaterako, ehungintzan. Hark Abiyren alde egin du, eta Saudi Arabiak eta Golkoko herrialdeek ere antzera egingo dute, ziur asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.