Memoria politikoki desegokia

2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Afrikako elezahar batek dio safarien historia oso bestelakoa izanen zatekeela lehoiek kontatu izan balute. Gauza bera gertatuko litzateke gidari eta zamaketari beltzek, animalia horiek aurkitu, jazarri eta bwana zuriei tiramenean paratzeko ardura zuten horiek, kontatuko balute.

70eko Trantsizio politikoan erran ziguten ehiztarien eta lehoien arteko adiskidetzea beharrezkoa zela, azken horiek ere jan baitzuten bwanaren bat. Eta, horrela, adiskidetzaileek (UCD, PSOE, PCE, EAJ), Amnistiari buruzko 1977ko Legearen eztabaidan, defendatu zuten frankismoaren eta bere safari odoltsuen historia atzean utzi, ezabatu eta atzendu egin behar genuela.

Jakina, argudio hura gezurra baizik ez zen izan, ehizaldiek jarraitu baitzuten eta bakanal odoltsuek fauna afrikarra sarraskitu baitzuten, Europako milaka etxe dotore eta jauregitako horma eta saloiak apaintze aldera. Aurrekoaren adibide garbia izan da gure satrapa eta ahalkegabe Borboia. Izan ere, animalien eskubideak defendatzeko GKE bateko presidentea izaki, ez zuen inolako zalantzarik izan desagertze bidean izanagatik berak hildako ehizakien ondoan argazkiak ateratzeko.

Azken boladan parada izan dut zenbait jardunalditara joateko, bertan trantsizio politikoko prozesu batzuen eragile kualifikatuek parte hartu dutelarik: Hegoafrika, Kolonbia, Portugal, Txile, Argentina, Uruguai, Guatemala, El Salvador... Bada, lurraldehorietan izandako aurrerapausoak baloratuko bagenitu, giza eskubideen urraketak ofizialki aztertzeari buruz, haien erantzuleak epaitzeaz eta haien biktimei ordaina ematearen inguruan, ikusiko genuke rankingeko azken tokian, alde handiz, estatu espainiarra litzatekeela. Beraz, ez da deus harropuzteko.

Berriki onetsitako Memoria Historikoaren Legea berandu, oso berandu, iritsi da, eta motz, oso motz gelditu da. Hark babesten duen egiak barne hartzen du biktima sorta zabala, baina uko egiten dio biktima horien biktimagileak ikertzeari. Horrekin batera, justizia eskuratzea bazter uzten du erabat, eta jasotako ordaina adierazpen hutsa izatetik gertu dago. Alabaina, afera ez da frankismoaren krimenak estali zituen isiltasun mantua jasotzea soilik, haien egileak babesten dituen inpunitate lauza ere jaso behar da. Eta babesturik jarraitzen dute.

Demokratikoa izan nahi duen memoria historikoak, historiografianjasandako hutsuneak betetzearekin konformatzeaz haraindi joan beharko luke, erauzitako orrialdeetako zenbait bederen birjarrita. Aurrekoaz gainera, kontakizuna hastapenetik berridatzi beharko litzateke, lehoien eta zamaketarien ikuspuntutik, hots, aintzat harturik giza eskubide guzien baldintzarik gabeko defentsa, haien bortxaketen gaitzespena eta haien biktima guztiendako ordaina.

Ildo horretan, estatu espainiarrari dagokion memoria historikoak aipatu beharko luke ezen, eskubide horien urraketa nabarmenak, 1936ko uztailaren 18an hasi baziren ere (erailketak, desagertzeak...), 80 urtetik goiti mantendu direla. Azken gertakariak Ceutan, El Tarajalgo hondartzan, eta Melillako auzo txinatarra inguratzen duten hesietan izan dira, eta bertan berriro ikusi ditugu jardun polizialen irudiak non, 36an bezala, gizakiak animaliak balira bezala tratatuak izan baitira.

1978ko Konstituzioa ez daiteke izan azken puntua ezein memoria historikorako, diktadura frankista eta gaurko erregimena lotzen dituen zilborrestea, inpunitatearena, hor baitago, hain zuzen. Frankismotik oinordetzan jasotako hari izpi polizial, benemerito, ekonomiko, politiko eta judizial lodiek txirikordatutako kordoia, hari izpi lodi horiek azaltzen baitituzte, besteak beste, Otsailaren 23ko estatu kolpea, GALen estatu krimenak edo Euskal Herrian azken hamarkadetan izandako tortura konstituzionalen milaka kasu.

Martin Villa Barne ministroak, 1978ko sanferminetako gertaerez errandakoa, «gureak akatsak dira, haienak krimenak», izan da ondorengo Barne ministroek (Barrionuevo, Corcuera, Rubalcaba, Fernandez Diaz...) segitu duten gidoia. Gaurkoak, Grande-Marlaskak, ez du ezta onartu ere akatsik izan denik Melillan benemeritak gauzaturiko jardunean, haren irudiko hura bidezkoa eta neurrikoa izan baitzen. Hala, bertsio ofizialak dio Melillan izandako indarkeria bakarra dela gero erailak, desagertuak eta zanpatuak izan zirenena. Deus berririk ez eguzkiaren pean. Berriro ere Grande-Marlaska bwana da idazten duena Melillako safariaren historia. Ez da harritzekoa hari aurkezturiko torturen salaketen aurrean gorrarena eta ez ikusiarena egin duen batengan, nahiz eta, arrazoi horrengatik, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak estatu espainiarra kondenatu duen behin baino gehiagotan.

Zenbaitek esperantza handiak ditu Memoria Demokratikoaren Legea aplikatzeak ekartzen ahal duenaz. Errealitate bihurtuko ahal dira! Eta zintzoki erraten dugu: Memoriaren Legearen aukerak azken tantaraino agortzea zalantzarik gabeko betekizuna da. Baina, halaber, betekizuna dugu itxirik uzten dituen ateen kontra jotzen segitzea: Amnistiaren legea baliogabetzea, Justizia eskuratu ahal izatea frankismoaren krimenak epaitu ahal izateko, indarrez jabetutako ondasunak itzuli eta sorrarazitako kalteengatik ordainaraztea, lapurtutako haurtxoak... Bestela, memoria historikoaren premutasuna dilista poto baten truke saltzen ahalko zen, sakramentu batzuk gorabehera.

Frankismoaren inpunitate murruan ireki diren arrakalen aurrean bi politika dira posible. Bata da haiek buxatzea zenbait erreformarekin, kapitulu hau betiko ixte aldera. Bigarrena, arrakalak handitzen saiatzea, murru hori behin betiko eraisteko. Beste arlo batzuetan gertatzen den bezala (feminista, ekologista, sindikala...), bigarren hau politikoki eremu desegokian kokatzen da. Zer eginen diogu, bada!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.