Bilbo: arlo publikoa, inbertsio funtsen esku

Xabier Jimenez Lopez
2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun

Norbaitek artikulu baten hasieran galdetuko balu zer zerikusi duten kiroldegi batek, autobus geltoki batek eta bizilagunak etxegabetuak izateko mehatxupean bizi diren alokairuko etxe batzuek, irakurleak pentsatuko luke asmakizun absurdo bat edo txiste txar bat kontatzekoa naizela.

 

Bada, erantzun zuzena hau da: Azora inbertsio funtsa. Milaka milioi euroko kapitala duen sozietate bat da, eta Donostiako Gros auzoan 30 familia baino gehiago etxegabetzen saiatzeagatik da ezaguna, baita berriki Amenabar taldeari 2057ra arte Termibus ustiatzeko kontzesioa erosteagatik ere. Kontzesio horren barruan daude hauek guztiak ere: Bilbotik ateratzen edo Bilbora iristen diren autobusen kudeaketa kanonetatik lortutako irabaziak, 526 autorentzako aparkalekutik eratorritakoak eta ondoko 850 metro karratuko merkataritza gunetik eskuratutakoak.

Hain zuzen, Termibus lurperatzeko eta geltoki berria eraikitzeko proiektuak polemika handia piztu zuen, lehiarako elkarrizketa izeneko prozeduraren bitartez adjudikatu baitzituzten lanak. Sistema horretan, administrazioak (Bilboko Udalak) preskripzio agiri bat egiten du konkurtsorako, adjudikazio prozesurako aurkeztuko diren enpresei entzun eta gero. Trukean, oro har, enpresa adjudikaziodunak ez du eskudirurik jasotzen, baizik eta instalazioak hainbat urtetan ustiatzeko kontzesioa (eta hortik lortutako irabaziak); hala, erraz ordaintzen dira hasieran egin beharreko gastua eta inbertsioa. Horrela, titulartasun publikoko azpiegitura bat ustiatzeagatik eskuratutako irabazi horiek poltsiko pribatuetara iristen dira.

Beraz, esan daiteke enpresek baldintza agiria bera egiteko prozesuan parte hartzen dutela zeharka, eta prozedurak berak, legezkoa izanagatik ere, hutsune handiak dituela gardentasunari dagokionez, enpresak epaile eta alderdi baitira.

Hain zuzen, autobus geltokia eraikitzeko lanak ez ziren batere gardenak izan; izan ere, udal gobernuak kalkulatu zuen 22 milioi kostatuko zirela (hasierako planteamendua 55 milioiraino iristen bazen ere), nahiz eta zenbait aurreikuspenek adierazi zuten kostu erreala askoz ere txikiagoa zela. Funtsezko aldea izan zen udalak 9,3 milioi euroko orube publiko bat sartu zuela, gaur egun egoitza bat, hotel bat, gimnasio bat eta ostalaritza-instalazio bat dituena, eta hasierako eskaintzan ez zegoena. Alde horrek, zalantzarik gabe, eraikuntza-enpresaren baten poltsikoetan amaitu du, eta Azoraren beraren poltsikoetan  ere bai, zeinak ustiapen-eskubideak eskuratu baititu 2057. urtera arte..

Baina putre funts horrek badu bestelako loturarik ere Bilborekin, Termibus alde batera utzita. Casillako pabiloi berria eta haren ingurua eraikitzeko lanen adjudikazio prozesuan ere murgilduta dago enpresa hori, beste sei enpresarekin batera; tartean daude «kirolaren eta jarduera fisikoaren» arloari ironia martxan lotutako marka ezagun batzuk ere, hala nola FCC eta Murias. Horretarako ere lehiarako elkarrizketaren metodoa erabili dute geroago lizitatuko den baldintza agiria egiteko. Zehazki, trukean enpresak berrogei urtez kudeatuko ditu kiroldegia, udal ekipamendu berrian garatzen diren aisialdiko jarduera gehigarriak eta lurpeko aparkalekua. Ustiaketa horrek sobran gaindituko du udalak berak lanetarako kalkulatu duen diru kantitatea: 17,5 milioi euro.

Berriro ere, eraikuntza enpresa baten eta putre funts baten esku geratuko da azpiegitura publiko bat, Casillako kiroldegia hain zuzen, zeina errentagarria baita (enpresek eta putre funtsek ez dute inbertitzen ez badute onurarik lortzen), eta garrantzitsua hiriarentzat eta inguruarentzat.

Donostian jendea etxerik gabe uzten duen funts batek kudeatzen du orain autobus geltokia, eta funts hori bera hautagai da, beste eraikuntza enpresa batzuekin batera, kirol instalazio bat kudeatzeko, zeinak publikoa izan behar bailuke, eta Bilbo Kirolak kiroldegi sarearen parte izan, Bilboko gainerako kirol instalazioak bezalaxe. Hori dena kontuan hartuta, agerian geratzen da EAJk gero eta apustu handiagoa egiten duela hiriarentzat estrategikoak diren espazio eta instalazio publikoak pribatizatzearen alde, eta PSEk begi onez ikusten duela hori.

Apustu ideologikoa da, eta argi dago kapitala arlo publikotik arlo pribatura transferitzeko asmoa dutela, kontzesioak irauten duen urteetan enpresek izango dituzten irabazien bitartez. Pentsamendu eta praxi neoliberalaren beste fase bat da: fase horretan, jada ez da eztabaidatzen zer den errentagarriena edo eraginkorrena, ezta kudeaketak publikoa edo pribatua izan behar duen ere; horren ordez, zuzenean ematen zaio sektore pribatuari arlo publikoa kudeatzeko ardura, hark negozio borobila egin dezan. Administrazioak (udalak) uko egiten dio berea den hori kudeatzeari, lanak «doan» izango direla aitzakiatzat hartuta.

Baliteke azaldutako bi adibide ezin argiagoetan gertatutakoa gehiagotan pasatzea aurrerantzean ere, eta hori arriskutsua da; izan ere, enpresen eta, beraz, interes pribatuen menpe uzten da arlo publikoa. Funtsek eta eraikuntza enpresek hiriko zenbait azpiegitura garrantzitsuren gestio eskubideak kudeatu edo saltzen dituzte, azoka batean baleude bezala, beren irabazi handiak egokitzeko edo ugaritzeko helburu hutsez.

EAJk eta PSEk atea ireki diete enpresa pribatuei, eta enpresa horiek beren interes ekonomikoak lehenesten dituzte, ez kalitatezko zerbitzu publikoak ematea eta haien bitartez enplegu egonkorra sortzea, lan eskubideak kontuan hartuta. Beste hainbeste egin dute udal gobernu baten lan arlorik politikoenean eta bereizgarrienean ere, agintaldiko planean hain zuzen, 2015etik Deloittek egiten baitu.

Salvador Allendek Txileko estatu kolpe bete-betean emandako hitzaldi famatuan esan zuen bezala: bada garaia merkatariak tenplutik kaleratzeko.

Erredakzioan itzulia>>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.