Asimilazioa besterik eskaintzen ez duen estatua

Xabier Elizalde Lacalle, Aingeru Ezkerra Andueza, Gotzon Garmendia Amutxastegi, Pilar Pingarron Zumeta eta Juan Maria Sansinenea Makazaga
2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Europar Batasunean dagoen estatu batean, Espainiar Estatuan, hain zuzen, bizi gara, eta, ondorioz, teorikoki behintzat, estatu demokratikoaz egindako elkarteko herritarrok gure proiektu politiko demokratiko guztiak, independentziarena barne, aurrera eramateko oztopo berezirik ez genuke aurkitu behar. Gutxienez sinesmen hori dabil lasai asko gure artean, edo hobeto esanda, sinesmen hori saiatu dira eta saiatzen dira estatuko establishment-eko indarrak guri sinetsarazten.

Baina errealitatea, sineskeria horretatik oso urruti dabil, azken hilabeteetan berriro ikusteko aukera izan dugun lez. Norabide horretan guri arreta eman digun kasua, Pegasus espioitzarena izan da. Kasu horrek coram populo ipini digu estatu honen esentzia antidemokratikoa eta frankista, ez bakarrik exekutiboak estolderia beltzena indar demokratikoen aurka erabili duelako, lehen ere egindako estatu terrorismoari, indar politiko legal eta demokratikoen (HB kasu) aurkako entzuketa ilegalei, mota askotako astakeriei, jarraipen sinple bat emanez. Baina hori ez da larriena. Larriena da hori guztia (edo zati bat, behintzat) estaldura legalarekin, juridikoarekin, egina izan dela. Hau da, epaile batek edo epaile patriotiko batzuek entzuketa horiei ondo iritzi dietela, beraien iritziz estatuak lanabes horiek erabiltzeko eskubidea duelako. Jokabide hori pentsaezina litzateke benetan demokratikoa den estatu batean, non epaile horiek justizia administraziotik kanporatuak izango liratekeen (agian kartzeleratuak ere), baina esentzia frankistak hain ondo gordeta dauden estatu honetan, ez dago hori gertatzeko inongo arriskurik. Ikusi besterik ez dago Pegasus-en inguruko polemikan zer gutxi sakondu den benetan larria den puntu honetan: epaileek jar diezaiekete herritarrek aukeratutako politikarien eta beste herritarren aktibitate politikoari muga bat. Eta, gainera, muga hori ezkutua da.

Azken hilabeteetan ere ikusi dugun gertakari honek, Atristrainen kasuak hain zuzen, edozein kontzientzia demokratiko asaldatzen du. Lehen ere «sententzien eta arrazoi juridikoen fabrikazioa»-ren kontzeptua ezaguna egiten zitzaigun (batez ere eskuinaren eta ultraeskuinaren diskurtsotan), baina Atristrainen kasuan ikusi dugunak astakeria juridikoen maila guztiak gainditu ditu. Badirudi estatu honetako judikaturan (goi mailatan bereziki) estatuaren defentsan, bere batasun sakrosantuaren defentsan batez ere, batzuek azken lubakiaren postuetara jotzen dutela eta hori egitean bere «aberriaren defentsan egindako rolaz» harro daudela. Logikoa eta ona denez, Atristrainen defentsa juridikoa ez da eskuak gurutzatuta geratuko eta etorkizunak esango digu zein izango den Estrasburgoko epaileen eta bere sententzien betetzeaz arduratzen direnen erantzuna. Edozein kasutan, asko gara Euskal Herrian, Europatik etortzen diren gauza askok (agian denek ez) estatu hau hobetzen dutela sinesten dugunak. Estatu hau bere dinamika propioan utzita, berehala faltan botako lukeen antolamendu frankistan, edo are okerrago, erdi aroko ereduan eroriko litzateke, horiek direlako bere sakontasunean gehienbat indarra duten pultsioak. Pertzepzio hori bereziki indartsua da alor judizialean, baina ez da horretara mugatzen. Plano ekonomikoan ere nabarmena da. Historia ekonomikoa beteta dago inflazio altuko, deskontrol finantzarioko, zor publiko altuaren, dibisaren debaluazioko eta antzeko kaoseko tarteekin. Horri dagokionez, EB etorri da arau minimo eta beharrezko batzuk inposatzeko.

Alor berean ikusi dugun gertakari ikaragarri batek, ETAren zuzendaritza batzordean izandako batzuen kontra, Miguel Angel Blancoren hilketa dela eta, hasitako prozedura judizialak berriro txunditurik utzi gaitu. Pertsona horien parte hartzearen zuzeneko frogarik ez omen dago, baina nahikoa omen dira Ertzaintzaren eta GCren txosten batzuk prozedura judizial larri bati hasiera emateko. Testuinguru honetan, galdetzen dugu zergatik ez dauden antzeko txosten batzuk GALen eta Gerra Zikinen inguruan. Txunditurik utzi gaituela esaten dugu, baina aspalditik dakigu estatu honetan Espainiaren batasun sakrosantuaren alde edo kontra jotzeak ez dituela ondorio berdinak. Orain dela gutxi Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruko xehetasun berri batzuk ezagutuko ziren, baina norbaitek ezagutu al du horien ondoriozko prozedura judizialik? Kontraste moduan, ez litzaiguke asko kostako imajinatzea etorriko liratekeen ekintza judizialak M.A Blancoren hilketa ezker abertzaleko politikariren batekin lotzen duten zurrumurruak ezagutu balira.

Gertakari horien atzean dagoena, eta oso nabarmenki gainera, zera da: estatu honek eta bere stablishment-ak dituzten estrategia sakonak hauek direla: konflikto politiko nabarmenetan, eta batez ere, estatu honetako batasun politikoa auzia den konfliktoetan, estatuak eta bere indarrek beti batasun horren alde joko dute eta ez dute inoiz fiat justitia eta pereat mundus predikua jarraituko, azken finean bere helburu nagusia estatu honen barruan bizitzen diren herrien eta nazioen asimilazioa delako.

Eta asimilazioaren estrategiaren zati nabarmen moduan berriki Ermuan ikusi dugun akelarre espainolista aipatu behar dugu. Euskal goi mailako anfitrioi moduan ari zenak ez du denbora galdu ezker abertzaleari bere betiko eta agorrezinezko eskari zerrenda gogorarazteko, baina ez du aukera hori aprobetxatu Felipe VI.ari gogoratzeko herri honetan bere presentzia ez dagoela desiratua, eta onar dezakegun bisita bakarra Gernikaren bonbardaketaren biktimak omentzekoa eta estatu espainolaren ardurarengatik barkamena eskatzekoa izango dela. Bi erabaki horiek, asimilazioaren parte garbiak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.