Espetxe zuzenbidea eta konponbide politikoa

2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Moda bihurtu da politikari eta kazetariek «espetxe politika» esamoldea ahotan erabiltzea. Barra-barra dabil, ibili ere, albistegi eta tertulia politikoetan zorioneko adierazmolde hura. Iruditzen zait, baina, beste esamolde bat erabili behar genukeela bere ordez, maiz aski behintzat, eztabaida publikoan zehaztasun eta argitasun gehiago ekartze aldera: Espetxe Zuzenbidea, alegia.

Izan ere, Zuzenbide Estatu batean, herritar espetxeratuen tratamendua ez da egon behar aldian aldiko agintari politikoen irizpide librearen edo —kasurik txarrenean— apetaren esku, Zuzenbideak arautu eta gobernatua baizik. Noski, espetxe administrazioak eduki behar du diskrezionaltasun tarte jakin bat, lege eta arau administratiboek ezin dituztelako espetxealdi osoaren gorabeherak aurreikusi. Printzipioz eta nagusiki, baina, legeak jarri behar ditu espetxeratuen tratamenduarekikoak. Eta ezaguna denez, legeak printzipio gisa ezartzen du espetxeratuen kondena aldia euren ohiko bizilekuetatik ahalik eta hurbilen bete behar dela. Salbuespenak badaude, noski, arau orokor ia guztietan bezala, baina oro har, legegileak komenigarri ikusi zuen presoek beren ingurune familiar eta sozialekiko loturak gal ez zitzaten, birgizarteratzea ahalik eta gehien errazteko asmoz. Aldi berean, hurbiltasunak senideen atsekabea ere pittin bat arintzen du.

Badakit diodan hau milaka aldiz entzundako kontua dela, eta ulertzekoa iruditzen zait irakurle gaixoren batek pentsatzea: hona non datorren originaltasunik gabeko beste iritzi emaile bat, baratxuri zopa berraurkitzera. Hala ere, aurreko gogoeta horiek badute zerikusia Katalunian eta Euskal Herrian azken hilabeteetan bizi dugun egoerarekin. Zilegi bekit, beraz, lerrootan honi buruz hausnarketa laburren bat egitea.

Ez naiz ni izango Kataluniako procés-ak bere azken txanpan hartu zuen norabidea txalotuko duena. Nire iritziz, oker potoloak egin zituzten buruzagi independentistek hustasunera jauzi egitea deliberatu zutenean, konponbide zaila duen egoera politiko eta sozial bat eraginez, eta agian etorkizuneko balizko independentzia adostu bat (ziurrenik independentzia mota posible bakarra) zapuztuz. Egoera honen aurrean, Estatuaren aldeko erantzun sendo batek ez zuen inor harritu beharko, nahiz eta Estatu bera izan Kataluniako tentsioaren erantzule eta errudun nagusia.

Esandakoa gorabehera, Zuzenbidearen ikuspegitik, akats larriak egin ditu Estatuak, Kataluniako krisia kudeatzerakoan. Besteak beste, ezin dut ulertu espetxeratuak Kataluniatik urrun atxikitzeko erabakia, orain dela gutxi zorionez aldatua. Baliteke instrukzioaren lehenengo urratsetan instruktoreak pertsona ikertuak maiz galdekatzeko premia izatea eta, beraz, haiek Madrilen atxiki behar izatea. Hasierako fase hau iraganik, baina, eta benetan egin diren itaunketen kopuru eskasa ikusita, zalantza handiak ditut neurri hark benetan funts edo euskarri sendorik izan ote zuen.

Edozelan ere, honezkero Katalunian daude presoak, eta zinez albiste ona dugu. Batez ere gertakarien bilakaera legearen arabera bideratu delako, lehen esan dudan moduan, baina bestaldetik ere bizi dugun egoerari konponbide bat bilatzeko pauso esanguratsu bat egin delako. Katalunian iritzi eta jarrera kontrajarriak badauden arren, jende asko biziki haserretu eta mindu du buruzagi independentisten espetxeratzeak, eta begikotasun handi bat sortu da haien alde. Hori koloreko begizten itsaso amaigabea esandakoaren erakusgarri da, baina ikur sinboliko horretaz harago (itxurak eta errealitatea ez datoz beti bat), ezin uka gizartean sakonki errotuta dagoela presoekiko atxikimendua, eta haien gerturatzeak presioa beheratu diezaiokeela irakinaldi betean zegoen —eta dagoen— egoera bati.

Arau unibertsalak aldarrikatzea zail eta ausartegia bada ere, uste dut oraintsu esandakoarekin argi geratzen dela legearekiko begiruneak (Zuzenbide Estatuaren printzipioan tinko irauteak, alegia) arazo politikoen konponbidea errazten duela, nahiz eta hala jokatzearen fruituak berehalakoan ezin bildu. Baina Estatuak legearekiko mendetasuna behin eta berriz galdegiten badu, bere burua ere Zuzenbidera menperatu behar du, ezinbesteko sinesgarritasun baldintza gisa. Eta statu quo politiko jakin bat aldaraztea proposatzen duenak ere legearen barruan jokatu behar du: hemen ez dago lasterbide edo abiadura handiko autobiderik, kalte mingarriak saihestu nahi badira behintzat.

Eta noski: legearekiko begiruneak ez du esan nahi legeak aldaezinak izan behar direnik. Puntu honetan datza, hain zuzen, Zuzenbide eta politikaren arteko muga, sarritan hain lausoa: Zuzenbidea erreformatzeko bideak—praktikan edo teorian- ixten badira, nahiz eta bide horiek astun, geldi eta luzeak izan, arrisku handia dago gizartearen josturek leher gaizto egitea. Legearen inperioaren efektibotasuna, alde batetik, eta malgutasuna legea aldarazteko, beste aldetik, behar bezalako gehiengoak tartean badaude, uztartu beharreko printzipioak dira elkarbizitza politikoa ahalbidetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.