Erabakian gara, bidean gaude, erdituko gara?

2018ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Aro berri batera ari gara erditzen. Aro berri baterako ordua doitzen ari gara, erlojuari korda ematen. Aro berri baterako herri itun bat idazten ari gara eskuz esku. Herri bat gara etorkizunera jaiotzen.

Erabakian gara. Bidean gaude. Lorea Agirreren poema baten azken bertsoa da pasarte hori, Erabakian gara izenburu duena. Poema eder horrekin hasten da GEDek 2018ko ekainaren 10eko giza katean aurkeztu zuen Erabakitzeko Herritarron Ituna, eta bertan oso ondo adierazten da zein unetan bizi garen, nondik gatozen erabakitzeko ariketari dagokionez eta zeintzuk diren herri-erabakia erditzeko landu behar ditugun jarrerak eta aurrean ditugun erronkak; ...herri bat izateko etorkizunera jaiotzen —Lorea Agirreren hitzetan—.

Aldaketa garaia bizi dugu, egonkortasun gutxikoa, baina horrekin batera aukera berriak ere azaltzen zaizkigu herri bezala jarduteko. Trantsizio global baten erdian gaude. Demokrazia eredua bera eta agintzeko erak ere ezbaian daude munduan, Europan eta Estatuaren baitan. Bada, ingurumari aldakor horretan onartu dira Eusko Legebiltzarrean Estatus Berriari buruzko Oinarriak EAJ eta EH Bilduren artean, eta Elkarrekin-Podemos eskubideen atalari atxiki zaio. Herriak (Eskozia, Katalunia, Quebec, Groenlandia, Korsika, Kaledonia...), Estatuak eta Europa bera beren etorkizunaz demokratikoki eztabaidatzen ari diren une honetan, Euskal Estatus Politikoaren Oinarrien Akordioren bidez, euskal herritarrok ere Erabakiaren Trena hartzea lortu dugu. Esango nuke, gainera, kostatu zaigun arren Erabakitzeko arora irakaspen sendoak ikasita heldu garela.

Nolanahi ere, jabetu behar dugu, eztabaida hori XXI. mendeko demokraziako gakoekin egin behar dela, eta demokrazian sakontzeko balio behar duela, prozesu osoan zehar herritarron protagonismoa aintzat hartuta. Heldutasun handia eskatzen duen ariketa baten aurrean gaude, eta horretaz jabetu behar dugu, bai herritarron aldetik, hartu behar dugun protagonismoa gure esku hartuta eta jarrera aktiboarekin eztabaida jarraituz; eta bai gure ordezkari politikoen aldetik, mahai gainean dugun argi luzeko eztabaida hau dagokion heldutasunarekin eta gardentasunarekin kudea dezaten.

Baina, ezin uka bideak zalantza eta kezka ugari eragiten duela. Horrela izanda ere, nire ustez, garrantzitsuena da akordioak eztabaida demokratiko bat zabaldu duela euskal herritarren artean, askatasunez eta zabaltasunez bideratu behar dena, euskal estatus politikoaren inguruan demokratikoki eztabaidatzen (ik)hasteko. Eztabaida horrek, berez, indar ahalduntzailea du; izan ere, herritarrak gara hein handi batean eztabaida horren «hartzaileak», eta hori eragileek eta erakundeek ez lukete ahaztu behar. Horretan egongo baita eztabaidaren balioa hein handi batean, eta bere kalitate demokratikoaren neurgailua: herritarrak adinez nagusi gisa tratatuak sentitzea. Arriskua baitago, eztabaida sakon bat egin beharrean, oinarrien edukiak azaltzen jarri beharrean, lelo zaharretan geratzea eta beldurraren diskurtsoa inposatzea;XXI. mendeko ikuspegiari eta beharrei heldu beharrean, alderdiak taktizismoan erortzea.

Oinarrietako Akordioak aukera zabaltzen du euskal herritarren artean XXI. mendeko eztabaida zintzo eta heldu bati heltzeko; izan ere, egun, gero eta zailtasun handiagoak daude ezbaian jartzeko herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko dugun borondatea eta eskubidea. Eskozian gertatu zen bezala, ariketa horren bidez gure herriaren eta gure arteko elkar ezagutzan sakontzea lor dezakegu, gure arteko bizikidetzaren oinarriak finkatu eta orain arte izan dugun demokrazia kalitatea handitu, behar den beste, erabakitzeko gaitasuna zabalduz.

Baina, edozein gauzak dagoeneko ez du balio. Etorkizunaren jabe izan nahi dugu, eta ondorio guztiekin erabaki nahi dugu. Nahi horri bide eman behar zaio politikatik. Ausardiaz, bide berriak esploratuz. Ez dira garaiak herritarron borondateari ez jarraitzeko, kanpoko beldur edo mehatxuen aitzakian. Ez da posible inboluzio mehatxuaren pean eraikitako esparru juridikoak baldintzatzea gure etorkizun demokratikoa. Hori ez litzateke egokia izango ez euskal herritarrentzat, baina ezta Espainiako eta Europako demokraziarentzat ere.

Horra bada, Estatus Berriaren oinarrien inguruko akordioak zabaldu digun eztabaidan, herritarrok eginkizun garrantzitsua dugu betetzeko: eztabaida horretan parte hartzea eta ikastea, elkarri entzutea, elikatzea, ahalduntzea, eta prozesu osoa babestea, zorrotz jokatuz herri eztabaida desitxuratu nahi dutenekin. Herritarron esku dago alderdi politikoei heldutasun politikoa eta eztabaida maila altua eskatzea. Herritarrok argi eta garbi jakin nahi dugu zertan dauden ados eta zertan desados, zeintzuk diren aukerak eta mehatxuak, zein den alderdi bakoitzak herritarroi egiten digun eskaintza, heldutasunez eta gardentasunez, beldurraren diskurtso merkea gaindituz. Azken finean, herritarrok gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu, gurea da erabakia, eta, hartara, akordioaren zilegitasuna gure esku dago, erdituko bagara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.