Hauteskundeen emaitzak: hiru gako, hainbat erronka

2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Hauteskunde emaitzen analisi on bat egiteko bi elementu eduki behar dira, gutxienez, aintzakotzat. Batetik, geroz eta konplexuagoa den errealitate batean, faktore bakar bati begira ezin dira ondorio egokiak atera. Bestetik, berehalakotasuna nagusi den garai hauetan, sakoneko mugimenduen diagnosia nekez jaso daiteke. Hori dela eta, igandeko hauteskundeen emaitzen analisiek faktore garrantzitsuren bat ezinbestean ahaztuko dute eta, are gehiago, epe luzean besterik argituko ez diren elementuak jasotzeko ezgai agertuko dira. Irakurtzen ari zaren hau ez da, zalantzarik gabe, salbuespen bat. Edonola ere, irakurlearen gogoeta hauspotzeko asmoz, hiru gako aipatuko nituzke. Horiekin batera, egoera berriak plazaratzen dituen hainbat erronka politiko identifikatuz.

Euskal Herriaren kasuan, Euskal Autonomia Erkidegora mugatzeak zentzu gehiago duela dirudi. Izan ere, Nafarroako benetako lehia datorren hilaren 26an izango da. Ez dirudi, baina, atzoko Navarra Sumaren emaitzak zantzu txarrak direnik aldaketaren gobernua berretsi nahi duten alderdientzat. Ikusiko da. Euskadira mugatuz gero, bi elementu azpimarratuko nituzke, kanpo nahiz barnera begira. Kanpora begira, hau da, Estatuari nahiz Europar Batasunari begira, nabarmena da euskal gizarteak muturreko eskuinari eta nazionalismo populistari aurre egiteko agertu duen gaitasuna. Ziur egoera ez dela perfektua. Nolanahi ere, inguruan ikusten ditugun joerekin alderatuz gero, zergatiak aztertzeko modukoak dira. Joera hori Euskaditik haratago zabaltzea izango litzateke erronka. Barnera begira, aldiz, Euskadi nazio gisa ikusten duen hiritargoa gehiengoa dela berresten da, bi elementu ondorioztatuz: estatus berriaren inguruan barne adostasun zabalak lortzeko baldintzak badirela eta, bestalde, erabakitzeko eskubidea epe erdian gauzatzeko estrategian estatu gabeko beste europar nazioekin batera elkarlanean jarraitzeko oinarriak sendoak direla. Ez dira, ez, bi erronka arin.

Katalunian beste faktore batzuk dira nabarmen. Lehenik eta behin, hainbat hautetsi (hiru zerrendaburu barne) zigorrik gabe espetxean daude. Horretaz gain, emaitzek agerian utzi duten gisan, independentziaren aldeko bozek orain arte sekula eduki ez zuten fideltasun maila mantendu dute. Hau da, estatuko hauteskundeetan alderdi abertzaleek bozak galtzen zituzten lehen, eta alderdi independentistek galera hori nabarmen leuntzea lortu dute gaur. Emaitzek, gainera, ustezko identitate eta klasean oinarritutako lurralde banaketak bertan behera utzi dituzte. Era berean, independentismoaren barnean irtenbide adostu baten aldeko apustua gailendu dela dirudi. Horrek ez du 2017ko urriaren 1eko aldarrikapena baztertzen, urriaren 27ko adierazpen sinbolikoaren irakurketa loteslea baizik. Bestalde, alderdi nazionalista espainiarrek gatazka hauspotzea antzua dela frogatu dute, gatazka katalana elkarbizitzarena baino aitortza politiko kontu bat dela behin berriz agerian utziz. Udal hauteskundeek joera hori berretsi ahalko duten ikustea izango da epe motzean erronka. Erronka nagusiak gizarte katalanaren gehiengoaren aldarrikapena epe erdi-luzera modu eraginkorrean nola bideratuko den asmatzea izaten jarraituko duen arren.

Estatu mailan, hiru lirateke datu nabarmenak. Batetik, bere alderdiko eliteek baztertu nahi izan zuten Pedro Sanchezek zuzendutako Alderdi Sozialistaren garaipena. Ñabardurak ñabardura, bigarren alderdiaren eserlekuak ia bikoiztu dituela ezin ukatu daiteke. Bigarrenik, polarizazioan ardaztu den eskuinaren porrota. Ciudadanosek gorakada izan duen arren—eta marketinerako duten gaitasunaz baliatuz hori ahal bezainbeste ustiatuko duten arren—, haiek eta Alderdi Popularrak kanpainan izan duten jarrerarekin estatuko gobernua eskuratzea benetan zaila dela agerian utzi dute. Hirugarrenez, muturreko eskuinaren agerpena genuke. Beldur zena baino baxuagoa izan da eta betidanik egon da nola edo hala kongresuan ordezkatua. Hala ere, baina, aspaldiko partez aho betean halako ideiak babesten dituen alderdi batek hogeita lau eserleku izango ditu. Hiru erpin nagusiko egora honek bi erronka nabarmen uzten ditu. Batetik, alderdi guztiek Euskadin nahiko ohituak gauden anitzen arteko adostasunetan oinarritutako gobernantza sustatu beharko dute. Sanchezek horretarako gaitasunik duen erakutsi beharko du, estatuaren errealitate aurrerakoia eta plurinazionala onartzeko prest badago behintzat. Bestetik, orain %10 duen muturreko eskuinak kongresuan sartu izanak emango dizkion baliabide mediatiko nahiz ekonomikoak bere diskurtsoa zabaltzeko erabili ez ditzan ekiditea izango da estatuko gizarteak oro har edukiko duen erronka. Lehen erronkari behar bezala erantzuteko gaitasunak bigarren erronka horren arrakasta baldintzatuko du ziurrenik.

Laburbilduz, demokrazia europarra gain behera doan honetan anitzen artean desadostasunak era zibikoan bideratu eta adostasunetan elkarlanerako bideak bermatzea ezinbestekoa izango da atzerabidean jarraitu nahi ez badugu. Emaitzek lehen proba gainditu dela erakusten dute, baina partida ez da inolaz ere amaitu. Orain da sakoneko erronka politikoei, benetan konplexuak badira ere, aurre egiteko gaitasuna agertzeko unea. Aurrekariek ez dute esperantzarako arrazoi askorik ematen, baina hainbestekoa da erronka ez dirudiela beste hautabiderik dugunik. Ez dezagun igandeko aukera galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.