Elurre Iriarte Bañez.

Hizkuntza politikarik gabe, kohesiorik ez

2019ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Kultura baldin bada zoriontsuago, kohesionatuago eta pentsamendu irekiago eta jantziago izatera eramanen gaituena; kultura egunero gurutzatzen zaiguna bada, bizitzeko modua eraikitzen laguntzen gaituena bada eta gurean euskaraz bada, erraten ahal dugu nafarrek azken urte hauetan ez dugula aldaketa gogorrik sumatu. Ez dugu nahiko genukeen bidean garatzeko aukera handirik izan gobernuaren aldetik. Antton Lukuk erraten duen bezala, kultura herritar egiten gaituen praktika bada, euskal herritar praktika hori euskaraz eta euskaran beharko luke. Euskal Herrian herritar eginen gaitu euskara egunero gurutzatzeko aukera izateak, bizitzeko modua aldarrikapenik gabe euskaraz eraiki ahal izateak. Gizarte gisa, gure izaera errekuperatzen hasteko aukera galdu dugula erranen nuke.

Inuzente gisa ikusten dut neure burua 2015ekoarekin konparatuz. Aldaketaren gobernua sortu zelarik, pentsatu nuen trabarik gabe euskaraz bizitzeko bidean fite ginela. Baina ez. Bigarren mailako herritarrak ginen euskaldunak aitzineko urte luzeetan, eta buelta ematea ez du lortu laukoak. Ez du lortu herritarrek eskubide berak izatea herrialde osoan, ezta euskal kultura lehendabiziko lerroan paratzea ere.

Ez da aski lau urte, hori ere badakigu. Eta lan dexente egin dela ere bai. Aldaketaren gobernuak aitzinamenduak egin ditu arlo ekonomikoan, sozialean eta hezkuntzan gehienbat. Langabezia eta zorraren jaistea; etxebizitza, pobrezia, berdintasuna eta memorian lan kozkorra, Skolae... Hori ere bada kulturaren parte eta zoriontzeko bezalako aitzinamendua. Euskaran ere bai, euskararen etsaiaren arrangurarekin neurtzen ahal dut hori: inposizioa aipatzen duten bakoitzean aldaketaren bat egin den seinale, D eredua hedatzea konparazione. Nafarren kohesioaren alde egin da. Baina ez dut ukatuko, euskararen legearekin zerbait gehiago espero nuen.

Egia da ustezko progresistak diren alderdi ezker espainolistek ez dutela sobera lagundu. Traba egin dute, hobe erranda. Eskubideen defentsan buru-belarri aritzen diren alderdiek ez dute defentsa bera egin eskubide guziekin. Hizkuntza zapalketa, hizkuntza eskubidea eta hizkuntza politika ez da lehen lerroan paratu, eta horregatik izan zen halako kalapita zerrenda bakarrarekin, edo halako zailtasunak euskararen legearen aldaketarekin.

Kultura eragilea den talde baten partaidea naizen aldetik, gure harremana Nafarroako Gobernuarekin burokrazia hutsa izan da, diru-laguntzak hartzeko bidean, sortzaileei modu duin batean ordaintzeko modu errazenetako bat. Eta hala ere, ezin beti lortu! Arazo bakarra ez da burokraziaren burokratizazioa. Arazoa da harremanak gazteleraz egiten segitzen dugula, arazoak ditugula inprimaki ereduak euskaraz lortzeko, eta arazoak ditugula euskaraz aurkezten ditugulakoz gure paperak deialdietarat. Hori, ez dut sinesten aldatzeko modurik ez denik. Lau urtez paratzen ahal dira administrazio osoan euskaldunak harrera tokietan, agiriak guttienez elebitan (euskara hutsean, eskatuz gero), eta balorazioa euskaldun batek egitea. Lana da, dudarik ez, zailtasunak izanen ziren segur aski, baina bidea ematea da.

Administrazioarekin aritzen naizen euskalduna naizen aldetik berriz, sorpresa izaten da euskaldun bat suertatzea medikuen osasunbidean, erregistroetan, 848 baterat deitzen dudan guzietan... Hor ere arazo bera, soluzio bera. Borondaterik ba ote zen? 2015etik etorri diren deialdi guzietan ez da hizkuntza profila bermatu. Gaur egungo euskararen legea betetzea eskatzerat konformatuko nintzateke berria egiten den bizkitartean, bertzerik ez. Hain kamuts egon da arlo hori, aurtengo gizarte zerbitzuetako deialdi batean adibidez, Baztango plaza batean euskara eskakizunik gabe egin zela. Ez da bete, baina betetzeko momentuak zoriak erabakiko du euskalduna sartzea edo ez. Baztan, lege zapaltzaile horren arabera eremu euskaldunean den bailaran. Sorpresa izanen ote dugu?

Badakit urteetako inertzia kolpatzea zaila dela aginte makila hartzerakoan, baina aldaketak egiten ahal direla ere badakit. Hiru pauso egiazko aldaketa eman ahal izateko: argi izan zer nahi dugun, konbentzituak egon eta ekin, konplexurik gabe eta ausardiarekin. Euskararen legearekin bezala, euskal kultura lehendabiziko lerroan paratzeko aukera galdu da. Ondoko lau urteetan konplexurik gabe ibiliko dira segur aski agintean direnak, herritarrengan duten eragina kontuan hartu gabe. Euskararen lege berri batek gazteleraz bakarrik bizi nahi duenarendako askatasun bera bermatuko luke. Inork ez zuen behartuko euskaraz egiterat, orain gu gazteleraz egiterat behartuak garen gisan.

Gobernuan egoteak ematen dituen aukerak probesteko ausardia falta izan dela ikusten dut. Hizkuntzarekin inposatzen dugula erraten digutelarik, ez ote dugun sinesten duda sortzen ari zait. Ohartu behar gara euskaldunen eskubideak ziurtatuak ez diren bizkitartean, ezinezkoa izanen dela nafarren kohesioa. Gobernu berriak segur aski ez du konplexu berarekin jokatuko ondoko lau urteetan. Zailago izanen dugu erdigunerat hurbiltzea. Etorriko den aldaketa berriak ez dakit norat joko duen, baina badakit ez dudala hautatu nahi: mailukarekin kolpeak hartu edo harriarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.