Albistea entzun

Bakea eraikitzeko prozesu berezi baten ikaskuntzak

Nekane Altzelai eta Agus Hernan - Foro Sozial Iraunkorra

2021eko apirilak 8

Gaur, apirilak 8, lau urte beteko dira euskal gizarte zibilak bakea eraikitzeko prozesuan hartu duen ekimenik garrantzitsuena burutu zuenetik: ETAren armagabetze zibila erraztea. Urtebetera Kanboko nazioarteko konferentzian ETAren desegitea egiaztatu ahal izateko urrats erabakigarria izan zen.

Ekimen arriskutsua, ezbairik gabe. Ipar Euskal Herritik Bake Artisauek eta Bake Bideak (Foro Sozialeko partaidea) erraztatzaile lanak egin zituzten eta nazioarteko komunitatearen eta, bereziki, Nazioarteko Egiaztapen Batzordearen (CIV) babesa izan zuen.

2021ean hamar urte beteko dira Aieteko Nazioarteko Konferentziatik, Lokarrik antolatu eta urte batzuk lehenagotik aktore asko egiten ari ziren lan diskretua azaleratu zuena. Une egokia da, beraz, gizarte zibilak prozesu honi egiten dion ekarpenean arreta jartzeko. Izan ere, gizarte zibilaren inplikazio-maila horren ondorioz, prozesu hau oso berezitzat hartzen da gatazken konponbidean aritzen diren nazioarteko eragileen ikuspegitik.

Bakea eraikitzeko prozesuaz ari gara —Paul Ríosek sortu zuen termino hori—, bake-prozesu termino klasikoak ez baitu beharrezko adostasunik sortzen. Hain zuzen ere, ohiko bake-prozesu gehienetan —negoziazio-mahaia, nazioarteko bermatzaileak eta akordio solemneak—, ondorengo balantzeetan behin eta berriz agertzen den alderdi negatiboetako bat gizarteari utzitako ikusle izaera da. Hala, prozesu horiek zailtasunak dituztenean, zuzeneko ondorioa da eragile sozialek jarrera pasiboa hartzen dutela.

Honekin lotuta, hiru ikaskuntza nabarmendu nahi ditugu gaur:

Gizarte zibilaren eginkizuna

Euskal kasuan, Aiete-Oslo prozesuak huts egin ondoren, gizarte zibilak erabakitzen du ikusle izatetik aktore izatera pasatzea. Lokarrik eta Bake Bideak antolatutako 2013ko Foro Sozialak utzitako gomendioen inguruan lehen akordio politiko eta sozial zabala lortu zen. Ipar Euskal Herrian, 2014. urtean, Baionako Akordioak ibilbide-orri propioa adostu zuen.

Gizarte zibila Aiete-Osloko prozesura iristeko baldintzak —objektiboak eta subjektiboak— sortzen lagundu zuen eragile aktiboa izan bazen, 2013az geroztik indarkeria-zikloaren ondorioak konpontzen lagundu duen eragile bihurtu da.

Egin diren bost Foro Sozialen gomendioei esker prozesuaren motorrak martxan jarraitu ahal izan du, gripatuta geratzen zen une guztietan olioztatzen lagunduz. Laburbilduz: III. Foro Sozialak (2016) gizarte zibilaren eskutik etorriko zen armagabetze baten bidez blokeoa gainditzea proposusatu zuen; Berghof Foundation-ek Gernikan aurkeztu zuen proposamen berritzaile honek, aurkezpen diskretuak egiten genituenean, zur eta lur uzten zituen nazioarteko aktoreak eta bertako eragile instituzional, politiko eta sindikalak. Beste aldetik, II. (2014) eta IV. (2017-2018) Foro Sozialetan ekarpena presoen, iheslarien eta deportatuen birgizarteratze-prozesuari lotuta egon zen —gaur egun lehen emaitzak ikusten hasi gara—, eta bizikidetza demokratikoaren eraikuntzari buruzkoa izan zen V. Foro Sozialak (2018) egin zuen ekarpena.

Bikotasunetik aniztasunera, aldebakartasunetik pasatuz

Ohiko bake-akordioak nazioarteko bermatzaileen partaidetzarekin egindako aldebiko akordio batetik abiatzen dira, baina hemen gure prozesua hiru faseetatik igaro da eta zerra-hortzen forma hartu du.

Aiete-Oslo prozesua aldebikotasunaren ondorioa izan zen, baina ondoren sortu zen blokeoak alde bati bultzatu zion aldebakarreko urratsak egitera, ondoren beste urrats batzuk egin ahal izateko baldintzak sortzeko helburuarekin.

Eta dinamika horrek gaur egungo paradigmaraino ekarri gaitu, askatzeko geratzen diren hiru korapilotan: biktima guztien eskubideak; presoak, iheslariak eta deportatuak; eta memoria kritiko inklusiboa. Gaur egun, prozesu aldeaniztun batean gaude, non eragile instituzional, politiko, sozial eta sindikalak ekarpen ugari egiten ari diren. Horren adibide dira aipatutako lehen bi korapiloei dagokienez instituzioetan eta adierazpen publikoen bidez egindako hainbat eta hainbat akordio.

2017az geroztik, ordura arte kanpoan geratzen ziren beste sektore politiko eta sindikal batzuk sartu dira akordio horietan. Horren adibide dira Konpromiso Soziala parte-hartze prozesuan jasotzen ari garen ekarpenak.

Triangulaziotik mikro-akordioetara

Herri konplexu batean bizi gara, bakoitzak eraman behar duen motxilak pisu handia du, mesfidantzak gurutzatzen dira, eta horrek guztiak asko zailtzen du akordio sendoak lortzea.

Hala ere, armagabetze zibilarekin eta, neurri txikiagoan, desegitearekin, erakundeen, gizarte zibilaren eta nazioarteko komunitatearen arteko akordioen triangulazioaren bidez lortu zen arrakastaren bermea izatea. Hiru aktore hauek frogatu zuten elkarrekin gauza handiak lor ditzaketela.

Eta 2018az geroztik, aurrera egiteko metodo positiboa da mikro-akordioen bidea. Duela lau urte, inork imajinatu zezakeen alderdi guztiek egia, justizia eta erreparaziorako eskubideak aitortzea biktima guztiei? Edo presoei buruz dagoeneko finkatuta dauden akordioak? Edo Mikel Zabalzaren kasuari buruz orain egin diren akordioak?

Badakigu aktore batzuek baikorregiak izateagatik kritikatzen gaituztela, baina asko aurreratu da. Eta garrantzitsuagoa dena, konponbide-metodo bat tresna egoki gisa finkatu da: eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialen arteko adostasunak. Adostasun horiek eraikitzea hari fin, zuhur eta diskretuz egindako ehungintza-lan baten emaitza izan da, fokuetatik urrun, erakundeen barruan eta kanpoan, eta topagune eta elkarrizketa-gune publiko eta pribatuak sortu ditu.

Elkargune horiek, zailtasunak zailtasun, konfiantza-esparruak sortu dituzte, eta eragileek bereizten dituenaren aurrean batzen dituenari balioa ematen jakin dute. Adostasun horiek testuinguru egokian hainbat modutan eszenaratzeko baldintza objektiboak sortu dituzten espazioak izan dira.

Foro Sozial Iraunkorrak uste osoa du ezen, sukaldaritzako lan zuhur eta errazte luze hori gabe, zailagoa izango zela aipatutako puntuetan gaur egun dauden adostasunetara iristea.

Ez gara inozoak. Badakigu kontakizunaren batailak prozesua baldintzatzen jarraitzen duela, eta hirugarren korapiloan aurrerapenak egitea eragozten duela, memoria kritiko inklusiboan, alegia. Esperientziaz dakigu desadostasunek oihartzun mediatiko handiagoa dutela akordioek baino.

Baina honaino iritsi gara, gizarte gisa izan dugun pertseberantziagatik. Etsipena alde batera uzteagatik. 2021ean lanean jarraitzen dugu bakea eraikitzeko prozesuak urrats gehiago egin ditzan. Gizarte-kohesioak exijitzen digu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.