EHU enpresa pribatuen esku gera ez dadin

Ane Bilbao Alzelai
2023ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Eva Ferreira EHUko errektoreak BERRIAri eskainitako elkarrizketan ziurtatu zuen unibertsitateak finantzaketa publiko nahikoa duela, baina finantzaketa pribatua nahitaezkoa ere badela, unibertsitateek enpresei ezagutza ematen dietelako. Ildo beretik mintzatu zen IƱigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ikasturte hasierako ekitaldian: argi utzi zuen 2023-2026 urteetarako Unibertsitate Sistemako Plan berri bat behar zela enpresen eta teknologien lotura euskal gizartearekin indartzeko. Honako bi datuek, ordea, Ferreirak eta Urkulluk diotenaren bestelako unibertsitate baten argazkia agerian uzten dute: batetik, kontuan izan behar da EAEn unibertsitate publikorako bideratzen den BPGren portzentajea %0,4 dela, hau da, estatu espainiarrekoaren erdia, eta bestetik, EHUren aurrekontua osatzeko Repsol, Janssen eta antzeko multinazionalen dirua behar duela; enpresa horien interesen arabera, hezkuntza publikoa baldintzatuko da.

Urkullu eta Ferreiraren adierazpenek garbi erakusten dute unibertsitatea enpresen eta kapital pribatuaren zerbitzura jarri nahi dutela. Azken urteotako hezkuntzaren norabidea aztertzen badugu, merkatuaren arabera trebatu nahi dira ikasleak, eta sistemarentzat baliagarriak diren eremu horiek ez beste ikertzeko bidean da. Are nabariagoa da hori unibertsitatean, eta ondorioz, ezin du dagokion funtzioa osotasunean bete.

Bide hori sustatzen da finantzaketa publikoa murriztuta. Aurreko urteetan gertatu legez, iazko abenduan Eusko Jaurlaritzak ponpa handiz iragarri zuen hezkuntzara bideratutako diru saila 32 milioi handiagoa izango zela. Ez zuen adierazi, ordea, kopuru hori, aurreko urteetako inbertsio proportzioarekin erkatuz gero, txikiagoa dela. Izan ere, barne produktu gordinaren zati txikiago bat bideratuko da aurten hezkuntzara: BPGaren %3,98 izan zen 2022an, eta %3,82 izango da 2023an. Hamarkadetan %4ko langa gainditu izan du hezkuntzako aurrekontuak, baina orain Europako batezbestekotik oso urrun dago. Europako batez besteko finantzaketara iristeko 677 milioi euro gehiagoko inbertsioa beharko genuke EAEn, hau da, %20 gehiago.

Hezkuntzan orokorrean gertatzen den egoera are gehiago gordintzen da unibertsitatean. BPGaren %0,40 esleitzen zaio EAEn. Beste behin ere Europako estatuetako batezbestekotik urrun: Danimarkan %1,55, Frantziar Estatuan %1,4, Espainiar Estatuan 0,82, Portugalen %0,7... Gure azpifinantzaketa publikoak ez du parekorik. EHUko aurrekontuei propio erreparatzen badiegu, diru publikoaren indarra ere apalduz joan da kanpoko diruaren mesedetan. Ferreira errektoreak diru publiko nahikoa zuela esan bai, baina diru gehiago eskatu behar zela aitortu zuen, eta horrek esan nahi du diru pribatua nahi duela berak, ez publikoa. Horren adibide da Repsol Fundazioarekin batera zabaldutako Trantsizio Energetikoaren gela. Farmakologiako gela Janssen enpresarekin irekitzeaz ere galdetu zioten Ferreirari, eta ukatu egin zuen multinazional horiek formakuntza prozesuetan eragina dutenik. Nork sinistu dezake Repsol edo Janssen bezalako multinazional batzuek ezagutzan eta ikerkuntzan debalde inbertituko dutenik, hutsaren truke?

Finantzaketa bide horrek hezkuntzaren izateko arrazoia usteldu egiten du, eta zerbitzua okertu. Baita langileen lan baldintzak ere. Gogora dezagun azken hamarkadan langileek erosteko ahalmenaren %20ko galera izan dutela, eta irakasle eta ikertzaileen kasuan, lan baldintza duinak lortzeko prekaritate urte luzeak jasan behar izaten dituztela (emakumeen kasuan, genero arrakala are handiagoa izatea dakar horrek). Langile horiek doi-doi gainditzen dute aurreneko urteetan gutxieneko soldata, eta behin-behinekotasuna ohikoa bihurtu zaie, urte luzez irakasle jardun arren.

Gainera, prekaritate horri aurre egiteko ekintza sindikalak lortutako garaipenak neutralizatzeko, murrizketak adostu ditu unibertsitateak. Adibidez, erretiroen kasuan gertatu da hori: errektoretza taldeak jubilazio akordioak bertan behera utzi zituen iazko abenduan. Neurri horrekin, erretiro primak kentzeaz gain, adinagatik eskuratu zitezkeen jardunaldi murrizketa aukerak kendu dituzte. Soldataz eta enpleguaz harago, eguneroko lan baldintzetan ere eragin dute. Adibide bat: energia aurreztearen aitzakian, berogailuak itxi dituzte garaiz kanpoko hotz bolada baten erdian, edota unibertsitatearen historian lehen aldiz campusak itxi dituzte oporretan, eta langileen egutegietan aldebakarreko aldaketak egin dituzte.

Hori horrela, ez gatoz bat errektorearen adierazpenekin. EHUk finantzaketa publiko gehiago behar du enpresa pribatuek ez dezaten baldintzatu, eta unibertsitatearen helburuak betetzeko. Baita ikasleen zein langileen baldintzak errespetatzeko ere. Benetako unibertsitate publikoa merezi dugu, denon zerbitzura egongo dena, enpresa pribatuen interesetatik libre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.