Lurraldea ala Funtzioa

2023ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Ez da askotan gertatzen baina noizean behin, orain bezala, euskal bizimoduaren baldintza materialekin zerikusi duen gairen bat sartzen da agenda politikoan, eta normalean horrek asperkerian gaituzten elite politikoetako agenteren bati ukitu egiten dio eta desegonkortu ere, eta gizarte mugimenduen hitzak eta ekintzak harrotu eta bizkortu. Eta, aspaldi honetan, Araba izan ohi da mobida horietako nolabaiteko epizentroa: horrela gertatu zen gure gobernu-alderdi nagusia jokoz kanpo laga zuen fracking-aren kontrako kanpainarekin, eta orain energia berriztagarrien zabalpenaren inguruko polemikarekin gure alternatiba-alderdi nagusiari tokatu zaio ataka larrian ibiltzea. Maiatzean, udal hauteskundeen kanpaina betean deitu den manifestazioak baldintzatuko du gerokoa, epe labur zein ertainean? Zer gertatzen da? Hark kantatzen zuen moduan idiot wind batek jota gaude?

Lerdokeria, agian, lar esatea da, baina zuhurtzia falta nabarmena izan da energia berriztagarrien zabalpena abiadura handian bultzatzen duten eragileen artean. Kasu batzuetan, betiko gidoia segituz —bussines as usual—; besteetan, boterearekiko mimesi nahiak agindu duela dirudi, ulertezina. Izan ere, mugimenduetatik gertu dagoenak bazituen datuak aurreikusteko ekologismoak basora, mendira jotzen duela azkenotan, eta haize-errotakeukaliptoak baino kaltegarriagotzatjo izan dira. Ez luke zertan hala izan—eraikitze eta mantentze teknikakgorabehera— baina hola izaten ari da.

Zuhurtzia eta —sinestezina!— eskarmentu eza. Izan ere, trantsizio energetiko, baina batez ere, ekosozial zuzen batek energia berriztagarrien zabalpen azkar eta esanguratsua behar duela, ezin eztabaidan egon; kontua da ezinbestekoa den prozesu horrek, ondo bidean, baldintza minimo batzuk behar dituela, aspalditik ekologismoak eta ezker alternatibak planteatu dituenak: lurralde antolakuntza eta bertako populazioen parte hartzerako mekanismoak eta demokrazia deliberatiboa. Honek ez ditu aseko Urriko Iraultza berriaren zain direnak, ezta naturaren ikuspegi erromantiko eta paradisukoa dutenak ere, baina funtzionatzen du, arazoak konpontzen ditu, posizioak hurbildu eta ezbaiak leundu. Munduan etsenplu asko daude, eta hemen? Irurtzun-Tolosa autobidea, apika...

Gizakiok espezie lurraldetarra gara, sedentario zein nomada, ehiztari-biltzaile, nekazari edota industrial, lurralde delako bat propiotzat definitu eta bertako baliabideak baliatu. Gizarte moderno konplexuetan Lurralde Antolakuntza agertzen da diziplina akademiko, politika publiko eta administrazio teknika egoki moduan baliatze horretan sortzen diren gatazkak (askotan, oraingoan bezala, merkatu basaren dinamikak sortuak) leundu eta bideratzeko. Hori da teoria, baina praktikan Friedmann-ek eta Weaver-ek —Territory and Function klasikoaren egileek— bi logika ezberdin eta kontrako ikusten dituzte lurraldea antolatzerakoan: Lurraldea eta Funtzioa, alegia.

Funtzioa ikuspegiak aurrerabidea maite du, eta uste du historia aurrera doan lerro bat dela, bakarrik atzera (edo geldi) edo aurrera baimentzen duen lerroa dela; uste du aurrerabide horren abiadura asko azkartu dela eta edozein herrik horrekin konektatua egon behar duela, aukerak galduz gero betiko atzeratua geldi daitekeela herri bat edo eskualde bat; iritzi du teknologia gero eta perfektuagoa dela eta hori ere aprobetxatu behar dela; ongizatea batez ere hazkunde ekonomikoaren arabera neurtzen du, eta aberastasuna sortzen denontzako gehiago egongo dela uste ere. Horrela pentsatu eta sentitu egiten duen jendearen espazioa globala da eta denbora, azeleratua, ezin da galdu, «jarduera ekonomikoen lokalizatzea nabarmentzen baitu. Ekonomia lokalaren ikuspegitik, erabakiak exogenoki hartzen dira, lokalizaziorik hoberena bilatzen duten enpresek edota bere interesak bilatzen dituen Estatuak, hartzen dute, izan ere».

Lurraldea ikuspegiaren arabera, jendeak daki zer den hoberena bere bizimodu ona definitzeko, eta tokian tokiko identitateek badute zeresan handia lan horretan. Ezin da kanpoko inposiziorik onartu eta beti errespetatu behar dira tokian tokiko erabakiak. Naturarekiko konexioa hobesten da eta ez teknologiarekikoa. Ikuspegi honetan kokatzen den jendearen espazioa lokala da, eta denbora, glaziala, hau da, geldoa baina luzea, bai atzera begira eta bai aurrera begira ere. Lurralde plangintzaren arabera, berriro Friedmann-ek eta Weaver-ek diotenez, hauxe litzateke «lurralde planifikazioa, zeinak kontuan hartzen dituen leku espezifikoetan bizi diren populazio historikoki definituak. Horregatik, lurralde planifikazioa ekimen endogenoa da. Jarraikortasun historikoak bilatzen ditu, eskualdeko biztanle guztientzako bizimodu hobeagoa nahi du. Bere metodoa holistiko eta konplexua da, diziplinartekoa».

Esan gabe doa, lerro hauek sinatzen dituena Lurraldearen alde egon zen eta dago, baina Friedmann eta Weaver-ek tipo idealak marraztu zituzten eta gaur egun makro-proiektuak arbuiatzen dituztenen artean badaude Errezilgo BMWdunak, egunero Kanpezu-Gasteiz edota Artzentales-Bilbao bidaia kotxez egiten dutenak, Gobernuek gasolinaren prezioari topea jarri behar diotela aldarrikatzen dutenak; eta trantsizio energetiko azeleratuaren funtzio positiboak ikusten dituzten askoren ingurumen eta jende xehearekiko engaiatzea erabat sinesgarria da.

Non elkar topatu? Deliberazioan, elkarrizketa patxadatsu baina premiazkoan. Eta zeri buruz? Ba hor bai, Lurraldea logikaren ikuspegi holistikoa ezinbestekoa: egun, Jaurlaritza Energia Berriztagarrien Lurralde Sektoreko Plana (LSPa) bultzatzen ari da Funtzioa logika hutsaren arabera, aproposak ikusten diren toki guztiak erabilgarritzat izendatuz, jakitun proiektu guztiak ez direla aurrera aterako, baina prozesua Merkatuaren eta Gatazkaren esku utziz. Zergatik ez prozesu holistiko bat, Lurraldea logikak proposatu bezala? LSP horrekin batera beste bat tramitatu espazio (bir)natural(izatu)ak bultzatu, zabaldu eta konektatzeko (COP26an eskatu den bezala), basogintza eta nekazaritza lurrak artezten dituzten LSPak eguneratu... Kontsumo energetikoa murrizteko LSP bat (edota beste figura bat) ez al da erabat premiazkoa? Horretan datza ekologismoek eta indar alternatiboek amankomunean duten lurraldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.