«Pairamendua» erdian jarri du

Noa Pothoven nerabearen kasuak ozendu egin du eutanasiaren gaia Herbehereetan; eskatu zuen, baina ukatu egin zioten. Jateari eta edateari uzteko hautua eginda hil da

Eutanasia legeztatzearen alde batutako hainbat pertsona mobilizazio batean, Parisen, artxiboko irudi batean. I. LANGSDON / EFE.
arantxa iraola
2019ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Asteazkenean bolo-bolo ibili ziren Noa Pothoveni buruzko albisteak. Herbehereetatik heldu ziren, esanez aintzat hartua izan zela 17 urteko neska hark egindako eutanasia eskea, eta hil berria zela. Buruko nahasmendu larriak zituen, eta hainbat sexu erasok eragin zioten oinazea zegoen arazo horien atzean. Ozen mintzatua zen bere egoeraz eta bere hiltzeko nahiaz, eta aparteko oihartzuna izan zuen albisteak. Iluntzerako, ordea, ñabardura aski garrantzitsuei lekua egiten hasi behar izan zuten hedabideek: inork ez zion eutanasiarik egin Pothoveni. Eskatua zuen, baina ez zuten onartu haren eskea, eta jateari eta edateari utzita hil zen, pazientearen autonomia azken mugaraino eramanda. Neska gazteak sare sozial baten bidez adierazia utzi zuen bizitzeari uzteko asmoa, oro baitzen, haren arabera, sufrimendua: «Hainbat urteko borrokaren ostean, amaitu da. Azkenean nire pairamendutik libre geratuko naiz, jasanezina baita».

Artegagarria da zulo beltzean argirik ikusten ez duen emakume gazte baten irudia: gainditu ezin den «pairamenduarena». Ondorioz, plazan egon da egunotan itauna: eutanasia halakoetan erabili behar den. Sortu diren eztabaidetan zentzu pixka bat ipini beharra sentitu du Blanca Morerak; psikiatra da, eta bioetika gaietan aditua. Batetik, garrantzitsua iruditzen zaio gogoratzea Herbehereetan eutanasia oso modu «kontrolatuan» egiten dela. «Ez da aski izaten pazienteak nahi izatea bakarrik». Adibidea, hain justu, hor dago: Pothoveni ez zioten onartu eskakizuna. Espainian eutanasia legeztatzearen alde ari den DMD elkarteko kide Fernando Marin medikuaren arabera, guztiz ulergarria egiten zaie erabakia: «Oso gaztea zen; oso zaila da adin horretan norbaitek onartzea zure pairamendua atzera-bueltarik gabea dela ».

Hiltzeko modua aurkitu zuen, ordea, neska gazteak: tratamendurik ez zuen hartu, jateari eta edateari uko eginda, okerrera hasi zenean. Marinen arabera, lehendik ere makina bat pertsonak —adinekoak gehienetan— hautatu izan dute era hori hiltzeko; inguruko medikuen babesasekin, edo gabe. «Heriotza naturaltzat hartzen da: ez da suizidioa». Izan ere, pazienteen autonomia oinarri, ezin da gaixo bat tratamendua hartzera behartu. Ordea, argudiatuta buruko gaitzek nahastu egin dezaketela erabakiak hartzeko gaitasuna, edo kalte egin diezaioketela, badira erak tratamenduak hartzera derrigortzeko. «Izaten da modua, adibidez, pazienteak erietxean sartzeko haien borondatearen kontra bada ere», azaldu du Morerak. Halakoak erabiltzen dira, eta ez du gertuan Pothovenirenaren antzeko kasu bat irudikatzen. «Nire esperientziaren arabera, horrelako kasu batean, medikuak egingo lukeen lehen gauza litzateke epaileari deitzea». Tratamendua jartzeko.

Min «eramanezina»

Morerak ulertzen du halakoek sortzen duten mina. «Tragedia bat dira». Baina argi utzi nahi du hor daudela: «Nik izan ditut pazienteak esan dutenak haien bizitza eramanezina dela». Etsigarria da, baina ezin dira ahantzi. «Askotan kostatzen zaigu onartzea medikuntzak ez dituela konponbideak eritasun guztientzat». Uste du zaintza aringarriak eta arta emozional eta espiritual on bat bermatzera eginda ere beti egongo direla paziente bakan batzuk harago jo nahi dutenak, eta aintzakotzat hartu behar direla, jakin arren horiek «gutxiengoa»izango direla. «Eutanasiaren atea ez da bertatik jende asko sartzeko; bizitza oso baliotsua da».

Ana Maria Marcos del CanokZuzenbidearen Filosofiako katedra du UNEDen, eta buruko gaixoen eskubideetan aditua da. Duda sortzen dio Herbehereetako legeak: «pairamendua jasanezina eta hobekuntzarako esperantzarik gabea denean» eutanasia eta suizidio lagundua onartzea ezinegona eragiteko modukoa iruditzen zaio. «Juridikoki oso zehaztugabea da hori, baita medikuen ikuspegitik ere. Izan ere, pertsona bakoitzak du bere oinazearen atalasea». Horregatik, Espainian eutanasia legeztatzeko tramitatzen ari diren legean —PSOErena da— hori aintzat hartu beharko litzatekeela uste du: lehen bertsioan ageri dena baino murriztailegoa nahi luke testua amaieran. «Izan ere, bizitzaren amaierara mugatu behar da. Eutanasiak izan behar du soilik bizitzaren amaierarako». Ikusi du asmoa dela ate hori zabaltzea «desgaitasun larri kronikoa dutenentzat», eta ez deritzo ongi: «Ziurgabetasun juridikora eraman gaitzake». Marinek ez du halako dudarik. Eutanasia arautzen duten legerietan kasuak«banaka» aztertzera egiten dela esplikatu du, eta hautu horren aldeko atea irekitze hutsak ez daramala inor barrura: «Eskubide hori hor dago, baina ezin da sinestarazi edonorentzat balio duela: kasuan-kasuan aztertu behar da beti».

Morerak ere aztertua du legea, eta baikorra da iritzia: «Printzipioz, arrazoizkoa dirudi». Argi du, hala ere, onartzera bidean testuak oraindik orrazkera asko beharko dituela, eta egoki irudituko litzaioke hainbat zehaztapen egitea buruko gaixoei begira. «Haiek ez diskriminatzera jo behar da, baina bermeak ere ipini behar dira. Eutanasia ez dadila izan deprimituta daudenek suizidatzeko erabil dezaketen bide bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.