Auzo pobreak baino, pobretuak: kasualitaterik ez!

Aritz Romeo Ruiz, Joseba K. Arbaiza Alvarez
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak (Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentua) Nafarroako pobrezia eta desberdintasun sozialari buruzko 5. txostena argitaratu berri du. Txosten honetan, hainbat estatistika-iturri eta administrazio-erregistrotako datuak (2015-2019) erabili izan dira errenta banaketa, bizi-baldintza, pobrezia eta desberdintasun sozioekonomikoen inguruko ondorioak laburbiltzeko.

Nafarroako datuei erreparatuz, eta Estatuko gainerako erkidego autonomoekin konparatuz, zenbait komunikabidek honako bi ideia hauek azpimarratu izan dituzte: pobrezia-arriskuan dagoen biztanleria %9,9 (EAE ostean tasa baxuena) eta diru-sarreren batezbestekoa 15.094 euro izatea (EAE ostean datu altuena). Ranking eta batezbesteko datu zehaztugabe hauen atzean, bestelako errealitateak ezkutatuta gelditzen dira, desoreka eta injustizietan oinarritutakoak.

«Pobreziak emakumearen, haurraren eta atzerritarraren aurpegia du», horrela laburbiltzen dira datuen ondorioak Nafarroan, txostenaren egileen arabera. Pobrezia arriskuaren tasa %21,2 da, eta, bizi baldintzei buruzko inkestaren arabera, Nafarroan areagotu egin dira pobrezia arriskuaren eta pobrezia larriaren tasak. Azpimarratzekoa da datuak 2019koak direla, hau da, pandemia eta ondorioak ez dira txertatu azterlanean, datuak larriki areagotuko zirela aurreikus daitekeelarik. Esaterako, berriki Iruñeko Paris 365 jantoki solidarioak argitaratu izan duen 2020. urteko memorian oinarrituz, zerbitzuen eskaerek %32,5 egin zuten gora. Era berean, Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako Sareak, Nafarroako 2022rako aurrekontu proposamenaren balorazioa egitean, egun 79.000 nafarpobrezian zein gizarte-bazterketan daudela azpimarratzen zuen, aurreko urtean baino 2.800 pertsona gehiago.

Behatokiaren txostenak, Nafarroako udalerrien datu orokorrak eta egoeraren bilakaera eskaintzeaz gain, Iruñeko auzoen analisia ere egiten du. Bertan, auzoka biztanleriaren pobrezia eta pobrezia larrian egoteko arriskuan dauden biztanleen ehunekoak jasotzen dira. Azken datu hauek dira, aurreko asteotan, zenbait komunikabidetan orrialde eta minutu asko bete zituztenak, zifren azaleko dantza askotan, gehienetan oinarri eta kausetara jotzen ez dutenak.

2019. urtean Iruñeko batez besteko pobrezia tasa %21,6 zen. Auzo-eskalan jasotako datuen arabera, auzoen arteko ezberdintasun nabarmenak agerian gelditzen dira, areagotzen ari direnak. Horrela, Sanduzelaiko auzokideen %18,6 pobrezia larrian legoke, eta %32, pobrezia-arriskuan. Alderatuz, Ermitagaina edota Mendebaldea auzoetan, pobrezia larrian auzokideen %8,1 eta pobrezia-arriskuan %14 legoke; arrakala agerian uzten duten datuak. Sanduzelai, Etxabakoitz, Buztintxuri eta Arrosadian pobrezia-tasa larriak dituzten bezala, Ermitagaina, Mendebaldea, Zabalguneak eta Iturraman tasa baxuenak ageri dira; norabide eta abiadura ezberdinetan, larriki, bizi diren hiri bereko auzoen errealitatea agerian utziz. Pobrezia-tasa nabarmenenak dituzten auzoen barnean ere, oso egoera ezberdinean dauden auzokide eta familiak antzeman daitezke: hauek dira batezbestekoek erakusten dituzten datuak baina ezkutatzen duten eskubide urraketa.

Honekin guztiarekin batera, 2021ean Iruñeko Udalak hiriko gazteei zuzendutako inkesta orokorra egin zuen. Atera daitezkeen ondorioen artean, zenbait auzotako gazteen egoera sozioekonomikoa eta etorkizunerako aurreikuspenen arteko alde nabarmena litzateke. Laburbilduz, Nafarroako eta Iruñeko datu orokorren atzean, herri eta auzoen arteko ezberdintasun eta desoreka nabarmenak agerian gelditzen dira, baina honako hau, inondik inora, ez da kasualitatea.

Denboran zehar iraunkorrak diren pobrezia-tasek hamarkadetako politika publikoen falta eta desoreka ere erakusten dute. Funtsean, zehaztu daiteke ez direla auzo pobreen datuak, pobretutako auzoenak baino, horien gabezien ondorio baitira; izan ere, pobrezia ez da berez sortzen.

Aipatutako politika publiko horien gabezia alor ezberdinetan eman izan da: hirigintza, etxebizitza, ekonomia, kultura, prebentzioa, hezkuntza, osasuna, komertzioa, mugikortasuna... Esaterako, Iruñeko kasuan, arrakala nabarmena agertzen da auzoen artean baina aurrekontu publikoetan ez da, salbuespenak salbuespen, helburu nabarmenik ezarri desoreka horri heltzeko, ez da izan lehentasun bat. Horrela, zein auzotara bideratu izan du Iruñeko Udalak inbertsio handiena azken 40 urteotan? Zer-nolako hirigintza politikak garatu ditu auzo ezberdinetan? Non kontzentratzen dira zerbitzu nagusiak? Iruñerriko Mankomunitateari dagokionez, egokia da egungo garraio sare zentralizatua auzoen arteko orekan sakontzeko? Denbora hutsa pasatzeak ez du ezer konpontzen, egoerak, berez, ez baitira bideratzen. Arrazoi estrukturalei ekin behar zaie, ez soilik ondorioei, partxerik gabe, zaila bezain ezinbestekoa.

Beraz, pobrezia-tasa nabarmenenak dituzten gure auzoak, funtsean, biziraupenera kondenatuta egon dira. Eta hori zeharo injustua da. Gainera, askotan, eguneroko lan komunitarioa hankaz gora jartzen duten komunikabideen etengabeko estigmatizazioa, eta bere herentzia, eta pobreziaren aurrean egon daitekeen begirada selektiboa jasotzen dute.

Horri guztiari alaitasunez, irmotasunez eta sare komunitarioz erantzuten zaio, auzo hauetako bizitza aktiboa baita. Urteetan zehar auzoetan kultura propioa garatu, identitate kolektiboak landu, elkarbabes eta autodefentsarako espazioak sortu eta aberastu, diskurtso eta proiektu propioak aurrera eraman, sareak osatu eta lan komunitarioaren eguneroko lanean jardun izan da, etengabe eta erraztasunik gabe, une latzenetan ere.

Sanduzelai bezalako auzoek denboran irauten duten politika publikoak garatzea, sare komunitarioa indartzea, tokiko zerbitzu publikoetan inbertsioak finkatzea, sareak eta ehun ekonomikoa (komertzioa eta bestelako proiektu kooperatiboak) sustatzea ezinbesteko dute, eta lehenbailehen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.