Hauteskundeen ondoren... zer politika?

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Iragan berri dugu garrantzi handiko hauteskunde aro bat, baina demokrazian sakontzea eta herri baten bizikidetza kohesionatzea (horixe baita politikaren eginkizuna) askoz gehiago da.

Politikarien eta politika alderdikoien prestigio galera gorabehera (ezin ukatu batzuetan justifikatuta egoten dela), bizikidetza arazoak konpontzeko beharrezko mekanismoa da Politika, bai-eta zibilizatuena ere.Guztioi dagokigun eginkizuna denez, balorazio positiboa egiten dugu herriaren ondasun erkidearen zerbitzuan beren denbora eta jakintza eskaintzen duten hainbeste pertsonaren inplikazio zintzoaz.

1.- Dugun eredu ekonomiko honen alderdi problematiko asko agerian uzten ari da krisia, duela oso gutxi arte askok zalantzan jartzen ez bazuten ere. Hazkunde ekonomikoa gauzatu den arren, bistakoa da, era berean, areagotu egin direla desberdintasun ekonomikoak, laneko prekaritatea (soldata eskasak, gehiegizko behin-behinekotasuna, batez ere gazte eta etorkinen kasuan) eta abar. Kasu batzuetan, hilaren azkenera iristea erronka zaila gertatzen da, eta DSBEra jo behar izaten dute halako egoeran daudenek.

Ebazteke dauden beste eztabaida handi batzuk fiskalitatea eta pentsioak dira, non —oso modu sinplean esanda— argi eta garbi bereizten den ezkerraren eta eskuinaren arteko aldea, arreta nagusia nori eta zeri eskaintzen dioten ikusita, pertsonei ala kapitalari. Ez da hau, beharbada, gai horiei ekiteko une egokia, hausnarketa sistematikoagoa eta xehatuagoa eskatzen baitute.

2.- Lurralde arazoa kroniko bihurtu da. Lehen ere mintzatu izan gara arazo honetaz. Gaurkoan, zeharka aipatuko dugu, Katalunian bizi duten egoerak gure artean duen eraginagatik eta bizikidetzarekin eta bakearekin duen erlazioa kontuan hartuta. Estatu mailako alderdiak ez dira fio Estatuaren lurralde-politikaz, eta jarrera zentralizatzaileagoa aldarrikatzen dute; garrantzitsuenek diote gehiegi eman dela amore gai honetan, eta Estatu zentralizatua indartu eta sendotu behar dela. Horretarako, nahikoa litzateke 155. artikulua denbora mugagabez aplikatzea eta, administrazioaren bidetik, botere politikoaren lurralde-banaketa birformulatzea.

Trantsizioaren garaian geure buruari eman genion antolakunde instituzionala —eta eskumen mailakoa— gehiengoz onartua izan zen, nahiz eta une zailak ere bizi izan ziren, mehatxua eta beldurra ez baitziren falta izan gure gizarte-bizitzan. Biztanleriaren sektore garrantzitsu batek auzitan jartzen duena da nor den, izatez, herri borondatearen subjektua. Bidezkoa eta beharrezkoa da gogora ekartzea herri orok duela bere errealitatea eta historia mantentzeko eta garatzeko eskubidea, beste herriekiko elkartasuna eta solidaritatea praktikatzearekin batera. Erakunde eta lege propioak eta malguak behar ditu, bai bere nortasuna bermatzeko, eta bai egoera politiko berrietara egokitzeko. Horregatik, autogobernurako eskumen errealak eduki behar ditu, Estatu beraren mugen barruan egon arren. Eta hori elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez lortu behar da, ez Estatuak edo talde politiko batek alde bakarretik inposatu dutelako, hori, azken batean, ahaltsuenaren legea ezartzea izango bailitzateke. Ez Estatuaren batasuna eta ez herri baten independentzia ez dira behin betiko formula absolutuak, eta dauden forma legitimo bakarrak.

3.- Esaten da, arrazoi osoz, gobernu on batek herrialde baten izateko eta bizitzeko modua konfiguratzen duela. Gobernu txarrak, aldiz (iruzurrak, gezurrak, ustelkeria, manipulazioa eta abar tarteko direla), bizikidetza suntsitzen du, eta haserre justifikatua sortzen du herritarren artean. Eta hori areagotu egiten da egoera okerrenean dauden gizarte-klaseei sakrifizioak eta hainbat gauzari uko egitea eskatzen zaienean.

Hauteskunde aro honetako aldarrikapen ugarien artean, bada deigarria egin zaigun bat: «Gobernu aurrerakoia gara eta herriaren gobernu gisa aurkezten gara». Ondoren, ordea, ez zen zehazten zer esan nahi duen aurrerakoia izateak. Azken batean, aurrerakoitzat hartzen ez direnak zigortzeko eta iraintzeko formula bat zen. Eta «herriaren gobernua» esaldiarekin alderdiaren beraren balioak adierazten ziren. Ahazturik herria osatzen duten pertsonak ez dituela emozioak soilik elkartzen, baizik eta beren arteko ideia-trukeak etorkizunerako proiektu erkide bat eraikitzeko. Hori guztia gobernarien eta haiengan konfiantza jarri duten gobernatuen arteko zintzotasun- eta hurbiltasun- giro batean.

Bizitza politikoan eta gizartean ez dago desadostasunak saihesterik, baina beharrezkoa da, aurrera egin nahi bada, gutxieneko akordioetara iristea, hori bai, demokraziak behartuta, gutxiengoak errespetatzen direla. Ez gara inoiz helduko demokrazia perfektura, baina ildo horretan saiatzean egiten den ahalegin oro justifikatuta dago, etikaren ikuspegitik. Baldin eta herria ez badago proiektu politiko erkide baten eta partekatutako printzipio etiko batzuen inguruan nolabait elkartuta, ezinezkoa izango da demokrazia sendotu baterantz aurrera egitea. Ez dago bizitza publiko bidezko bat edo bizikidetza egonkor bat eraikitzerik etengabeko liskarretik, areriotasunetik edota deskalifikaziotik abiatuta. Salaketa eta gorroto kanpainekin amaitu beharra dago.

Hauteskunde aro luze honetan bizi eta esperimentatu duguna baliagarri izango al zaigu errespetuan oinarritutako bizikidetza batean aurrera egitea eragozten diguten mota guztietako oztopoak gainditzen laguntzeko. Bestela, ezertxo ere ikasi ez dugun seinale izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.