Larraitz Lucas.

Futbolarien borroka

2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Irakasle, begirale, ingeniari, ikasle. Eta goi mailako futbolaria. Eta emakumea. Hemen zerbait botatzen dut faltan, zuen baimenarekin. Eta profesionala. Profesio hitzak esanahi ugari izango ditu, baina nik bat txertatuko nuke idatzi honetan: lan egiteagatik jasotzen duzun diru zorroa duina izatea.

Berez, horrela izan beharko luke. Hainbat esparru daude mundu honetan, oraingoz, berdintasuna lortzeko lanean jarraitu behar duguna. Argi izan berdintasuna aldarrikatzen dudanean, kasu honetan behintzat, eskubideen alde egiten dudala.

Futbolaz hitz egingo dizuet oraingoan. Zergatik orain? Estatu mailan asteburu honetarako greba deialdia egin dutelako Iberdrola ligan jokatzen duten emakume profesionalek. Greba guztietan bezala, denek ez dute iritzi bera. Ezta kontrakoa ere. Badira batzuk bai, baina ez, eta ez, baina bai aipatzen dutela. Iritzi duin bat izateko, bi ikuspegiak begiratu beharko genituzke. Baina oraingoan ez dizkizuet aipatuko. Norberak ikusi dezala zer nahiago duen: aurreko mendean bizi edo aurrera jo eta duintasuna lortu. Hurrengo belaunaldiei buruz ari natzaizue. Gehienek lan hitzarmen «ona» dugu gure arbasoek egin zuten lanarengatik.

Euskal emakumeen futbola osasuntsu dago. Baina zergatik? Liga Iberdrola honetan Athletic eta Reala, Reala eta Athletic nor baino nor lehian dabiltza. Batak, Athleticek, 2002an sortua, bost titulu lortu ditu 17 denboraldi hauetan. Besteak, Realak, iaz lortu zuen bere lehenengo titulua: erreginaren kopa, Granadan. Iaz 1.352 euro eman zizkioten irabazleari. Aurten zer edo zer gehiago: 2.500 euro inguru. Datu bat: gizonezkoei milioi bat euro eman zieten. Batak besteak baino zero gehiago dituela uste dut. Bakoitzak, beste behin ere, ikus dezala non dagoen duintasuna esparru txiki honetan. Batzuek diote, agian aitzakia bezala,emakumezkoek ez dutela nahiko diru generatzen. Horretan ez naiz sartuko. Nire aldarrikapena ez dator emakumezkoek gizonezkoek adina diru lortzean, eskubide duin batzuen lorpenean baizik.

Aurtengo ligan hamasei taldek hartzen dute parte. Horietatik, bederatzi taldek ez lukete arazorik izan behar emakumezkoen futbolean lehenengo lan hitzarmenaren alde egoteko. Arazoa, gutxi-gehiago, UD Granadillak, Madrid CFFek eta EDF Logroñok izan dezakete. Hauek ez baitaude gizonezkoen estruktura profesionalaren barruan. Egia esan, ezin izango liekete aurre egin lan hitzarmen horretan eskatzen diren «eskubide» ekonomikoei. Ez dira bakarrak: Deportivoren kasuan, nik neuk ere nire zalantzak izango nituzke. Baina gatazka sortzen duena ez da bakarrik diru kopurua: hainbat puntu gehiago daude adosteko. Patronatuak eta sindikalistak ez dira ados jarri. Bataren eta bestearen ikuspegiak oso kontrakoak dira: bata aurreko mendean murgilduta dago, eta besteak hurrengo belaunaldiei erakutsi nahi die zer den aurrerapausoak ematea. Zerbitzu duin bat ematean egon daiteke gakoa.

2012ko urtarrilean Reala izan zen kontratu profesionalak eskaini zituen estatuko lehenengo kluba. Klub bakarra izan zen denboraldi horretan, eta hortik aurrera beste batzuk etorri dira. Baina hau ez da nahikoa izan. Kontratu horietan ez zen agertzen gutxieneko soldatarik. Klubak berakezartzen zuen zenbat kobratzen genuen. Urte horretan diru gehien jaso zuenak 745 euro jaso zituen hilabetero (gordin). Gutxienak 300 bat euro jasotzen zuen hilabetero.

Zazpi denboraldi pasatu behar izan dira emakumeek planto egiteko. Orain haiek dira saldu beharreko produktua eta, nire ustez, badago produktu nahikoa saltzeko. Haien eskubideak aldarrikatu nahi dituzte. Gero eta tarte gehiago dute hedabideetan. Estadioetan hogei mila eta hogeita hamar mila artean lagun bildu gara zabaldu dituztenean. 2019ko martxoaren 17an hirurogei mila lagunetik gora elkartu ziren Wanda Metropolitanon Athletico eta Bartzelonaren arteko norgehiagoka ikusteko. Bertatik ligako txapelduna izango zena atera zen. San Mames barrian berrogeita zortzi mila zuri-gorri elkartu ziren erreginaren kopako norgehiagoka ikusteko. Eta Anoetan hogeita zortzi mila ikusle izan ginen derbia ikusteko: Reala eta Athletic ez ziren izan nor baino nor egun horretan.

Gaur egun emakumezkoena den edozein kirolek laguntza ekonomiko bat du. Baina ez da nahikoa. Ez behintzat soldata duin bat izateko. Zer den duina ere norberaren esku utziko dut. Fabore bat eskatuko dizuet: XXI. mendean gaudela pentsa ezazue, lan gehienek dutela sinatuta lan hitzarmena eta honi esker eskubideak eta betebeharrak ditugula.

Futbola, estatu mailan behintzat, jende gehien mugitzen duen kirola da. Bertara joaten gara zaleak garen guztiak: jokalari guztiek ematen dute barruan dutena. Batzuetan ondo ateratzen zaie, irabazi egiten dute. Beste batzuetan, nahiz eta dena eman, galdu egiten dute. Gure lanetan ez al da berdina gertatzen? Hezkuntza esparruan lan egiten dut. Aurten 25 pertsona txiki ditut nire egunerokoan: egunero sorpresaz beteriko eguna dut, ahal dudan guztia ematen dut haiengana iristeko, behar duten guztia asetzeko. Nik lan hitzarmen bat dut sinatua atzetik: nire eskubideak ditut eta baita betebeharrak ere. Emakumezkoen futbolak, ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.