Deserrian ere euskaraz!

Alberto Garbaio Ortega eta beste
2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Euskaraz bizitzeko eskubidea, zein nekeza den... Ruper Ordorikak kantatzen duenari kukua eginez. Euskara ikasteko aukerak ere, nekezak; non eta Euskal Herrian. Eskubide beharko lukeena, oraindik ere, baldintzapeko.

«Nahi duenak ikas dezake» horra hor esaldi oro-konpontzailea. Baina egoskorra da menpekotasuna. Eta, ez; ez, horixe! Badira euskara ikasi edo hobetu nahi eta ezin duten euskal herritarrak.

Euskal Herritik aparte, milaka kilometro bitarte, desterrura kondenatutako bertoko herritarrak ere ikasle ditugu. Ikaslegai, zehazkiago esanda. Eta espetxean. Euskara ikasi nahi eta ezin betean. Espetxean direlako? Espetxean askatasuna izan ezik, eskubide guztiak indarrean daudenez... Omen eta ei. Ez litzateke oztoporik izan beharko.

Non da, bada, arazoa? Desterruan. Horra hor hitz gakoa: Deserria. Deserria urruntzea baino gehiago baita. Euskaldun, beraz, nor egiten gaituena, euskara bera erauztera datorren zigor erantsia. Sakabanaketaren lagun hurkoa. Euskal hiztunari mintzatzeko aukera ezabatuta, barne mintzoa bera ere lapurtzeko tresna. Zenbat egun, ordu, euskaraz entzun edo hitz egiteko aukera zipitzik gabe...

Zigor horren aurka ibilbide luzea egin dute euskal presoek, espetxea eta euskara uztartu dituena. Euskaraz aritzeko eskubidearen aldeko borroka, aldez eta moldez: gurasoekin telefonoz erdaraz egiteko beharrari aurre egin eta deirik gabe geratu. Bisitetan ere, antzera. Herrera euskaraz ikasteko barnetegirik handiena bihurtu zuten, emankorrena (Sarriren idazkietan irakurrita). Ataramiñe ere Durangon ageri ohi da, deserriratutakoen ahotsa etxera! dioela, ozen bezain dotore.

Hala ere, gaur egun,euskara ikasteko aukerak bermatu gabe jarraitzen du. Bide zehatzak zabaltzeko beharra dugu eskubideak egikaritzeko, gaur egun berehala eta premiaz. Aurtengo ikasturtearen hasierarekin bat, aldaketa txiki batek ireki dizkigu aukerak eta zauriak: euskal presoek bazuten EGA azterketa egiteko aukera, etaaztertzaileak espetxeetara ailegatzeko erantzukizuna Eusko Jaurlaritzaren esku zegoen. Gauzatua, hainbat presorekin.

Alabaina, 2019-2020 ikasturtean, EGA desagertuta, azterketa ez ezik, ikasteko aukera horiere HABEren eginkizun bihurtu da. Eta hor 48 ikasle ditu administrazioak, zain. Espetxe erakundeekin adostu beharrekoa den bidea, noski. Baina, euskara ikasteko eta azterketa egiteko eskubide horien egikaritzea euskal administrazio publikoaren erantzukizun zuzena da.

Senideen bidez jasotako eskaerari behin-behineko irtenbidea emanez, presoen irakasleok gure pausoak eman ditugu: 48 tutore ari gara bide egiten; HABErekin eta Gasteizko Legebiltzarreko ordezkariekin bilkura bat baino gehiago eginda... Aurrerapausoak izan badira, eta guztiek adierazi digute eskubidea bermatzearen aldeko borondatea.

Baina errealitatea gordina da, oso. Deserria, krudela. Bidaltzen ditugun ikasmaterialak presoen eskura ailegatzeko bidaia, luzea baino luzeagoa. Espetxe bakoitzeko eremuan, zorizko abentura. Eta ikasturtea badoa aurrera. Eta gure ikasleek ez dakite zer nolako moldean egin ahal izango duten azterketa, ezta egiteko aukera izango duten ere. Eta okerrena: ez daukate bitarteko egokirik beren ikaste-prozesuari aurre egiteko. UNEDen izena eman dutenean, ostera, bai. Murritzak askotan, baina badira. Euskara ikasteko, aitzitik, tutorearekiko harremana ezinezkoa zaie. Horrez gainera, irakasleok ez daukagu aukerarik bertaratzeko, telefonoz aritzeko, ikasmaterialak espetxera zuzenean helarazteko, gure ikasleen ariketak eta lanak posta bidez jasotzeko... Segurtasuna, aitzakia; interbenituta dagoen bidea, hilabeteko atzerapena eragiten duena.

Eta, hala ere, ikasiz, bagoaz. Deserrira kondenatuek, legezkoa ez den zigor erantsia pairatu arren, haien familien aurkako motxila erraldoiaren zama lepoan hartuta, aurrera segitzen dute, ikasten, euskara lantzen, herrira itzultzen. Euskal presoen hizkuntza-eskubideak urratzen dituen inposizio zitalari aurre egitea eta eskubideak bermatzea, berriz, guztion erantzukizuna da. Bereziki, euskal botere publikoena eta ordezkari politikoena, bistan denez. Eta ez ahaztu: ikasteko eskubidearen eta horretarako aukera errealen aukera jokoan dagoenean, Gasteizko zein Iruñeko Parlamentuek adierazitako borondate demokratikoaren errespetua dago jokoan.

Urtarrilaren 11ko manifestazioan bertanizango gaituzue. Gure ikasleen eskubide horren aldarri horri ere tokitxo bat eskaini nahi diogulako. Euskara ere desterruaren biktima dugu eta. Desterruaren beste biktima guztien ondoan izan nahi dugu. Asko eta askotarikoak: seme-alaba motxiladunak, dagoeneko bidaiatzerik ez duten guraso zaharrak, bidaia luzeetan istripuak pairatu eta bizia galdu dutenak, eta haien senideak...

Euskal presoak etxeratzeko garaia bada. Euskaraz bizi ahal izateko berme bakarra baita desterruarekin berehala amaitzea. Posible ez ezik, ezinbestekoa. Horren aldeko erabaki sendoa eraginkortu beharra dugu, eskubide kontua da. Eskubideak dira jokoan ditugunak; guztion duintasuna ere bai.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK IDATZI DUTE: Alberto Garbaio Ortega, Anaia Sarrionandia Olabarri, Aitana Izagirre Abrisketa, Erlantz Ibargurengoitia Valle eta 43 euskara irakasle-tutore gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.