Aukera polita

2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Azken aste honetan, inbestidura saioa eta gero bereziki, Salomon erregearen epaiaren istorioa etorri zait gogora etengabe. Istorioaren arabera, bi emakume hurreratu ziren Salomon erregearengana bi umerengatik zuten liskarra zela eta: bata hilda zegoen eta bestea bizirik. «Beraz, batek dio berea dela bizi dena eta bestearena hildakoa; besteak, berriz, ezetz dio, bizirik dagoen semea berea dela eta hildakoa bestearena dela», ondorioztatu zuen Salomonek, eta «ondo da, ekarridazue ezpata!» agindu zuen. Ezpata ekarri zioten Salomoni, eta berak bere erabakiaren berri eman zuen: «Zatitu ezazue bizirik dagoen haurra, eta emaiozue erdibana ama bakoitzari». Orduan, haurraren benetako ama zena negar hutsean hasi zen, haurra ez hiltzeko eskatuz erregeari, nahiago zuela haurra bizirik egotea eta beste emakumeak eramatea, bigarren emakumeak «ez zuretzat, ez niretzat, zatikatu dezagun!» zioen bitartean. Azkenean, Salomon erregeak honako hau adierazi zuen: «Ez hil haurra. Emaiozue lehenengo emakumeari; horixe baita haurraren benetako ama».

Salomonek argi zuen ama batek bere semeari dion maitasunak honi min egitea onartezin bihurtuko zukeela, nahiz eta horrek haurraren galera suposatu. Gezurrezko amak, aldiz, ez zuen inongo arazorik haurra zatitzearekin, bera gehien larritzen zuena eztabaida irabaztea baitzen. Bigarren ama hau PP, Vox edota Ciudadanoseko ohorezko militante aparta izan zitekeen.

Eskuineko blokeari ez zaio batere axola demokrazia, estatua eta honen erakunde guztiak txikitzea, birrintzea, suntsitzea eta duten zilegitasuna ezabatzea, hauek beste batzuen eskuetan baldin badaude.

Mitologiako istorioetaz gain, onartu beharreko beste zaletasun bat daukat: inbestidurazale amorratua naiz. Eztabaida hauek jarraitzea ezin atsegingarriagoa egiten zait. Egia da Rajoyren aroan hauek sakonagoak eta azkarragoak zirela, dotoreagoak nolabait. Baina orain ere izugarri ondo pasatzen dut. Horregatik, irrika handiz piztu nuen telebista aurreko igandean, baina ikuskizuna gozatzea ezinezkoa egin zitzaidan: PP, Vox, Ciudadanos eta beraien kideen irainak, Adolfo Suarez Illanaren umekeriak, oihuak, lurrean emandako ostikadak... futbol zelai lasaiagotan egon naiz behin baino gehiagotan. Komunikabide askok beraien kroniketan eztabaida «berotu» egin zela kontatu zuten gero. Baina ez, errealitatea da ez zela inongo eztabaidarik eman. Diputatu batzuk hitz egiten saiatzen ziren bitartean, beste batzuk, astoen antzera, hauek isilarazten ahalegindu ziren. Beldurgarria izan zen benetan, eskuinaren oihuak entzutea «askatasuna» aldarrikatuz, oihu hauekin Mertxe Aizpuruaren adierazpen askatasuna lapurtzen zuten bitartean. Antza denez, zenbait politikarirentzat, Kongresuko eserleku eta boto batzuk beste batzuk baino zilegiagoak edo baliagarriagoak dira.

Badirudi, Salomonen epaiko gezurrezko amaren antzera, eskuina demokraziaren alde dagoela irabazten duenean soilik, estatua gustatzen zaio baldin eta bere militanteek kudeatzen badute —gobernatu duten leku guztietan garatu dituzten ustelkeria sareak gidatzen zituen logika berari jarraituz—, bestela, ez demokraziarik ez eta sistema politikorik ere, erakundeei errespetua galtzen diete. Horrela izan zen asteburuan eta horrela izaten jarraituko du legealdi osoan zehar, hauteskundeetan irabazi ezin izan zutena, zarata eta azpijokoen bitartez berreskuratzen saiatuko dira hiru eskuinak.

Eta hau izango da gobernu berriaren eta honen kideen erronka nagusia hurrengo hilabeteetan zehar: Salomonen epaiaren istorioko benetako amaren antzera, bere interesen gainetik demokrazia defendatzea eta sustatzea izango da beren lana, hau zatikatu nahi dutenen aurrean.

Ez da lan erraza jaioberri den gobernuak aurrean duena. Alde batetik, ministro-kontseilu beraren barneko harremanak zaindu eta kudeatu beharko dituzte, eta bertan emango diren tentsioek, eta —zergatik ez— lehiek, proposamen ausartak eta aurrerakoiak izan beharko dituzte emaitzatzat. Lehia bertutetsua praktikatu beharko dute gobernuan, norbere egoak alde batera utzita, leialtasunez eta irudimen handiz.

Bestalde, gobernu zilegia dela behingoz sinetsi beharko dute. Ausardiaz eta eskuzabaltasunez eman dizkieten sustapena eta botoak, boto independentistak eta ezkertiarrak, bestelako botoak bezain baliogarriak direla argi izan behar dute uneoro. Justifikazioak alde batera utzi eta ausartak izan behar dira, eta Sanchezek orain arte izan duen jarrera defentsiboa, jarrera ofentsibo bihurtu beharko du. Estatuak erreforma sakonak behar ditu premia handiz: frankismotik jasoriko sistema judizialarena, lurralde egiturarena edo zerga antolaketarena esate baterako. Zenbait neurrik ezin dute gehiago itxaron: alokairuen erregulazioa, baiezko esplizitua legeztatzea, enpleguaren kalitatearen areagotzea, pentsioen eta gutxienezko soldataren igoera eta beste hamarnaka erreforma ekonomiko eta sozial. Demokrazian sakontzea ezinbestekoa eta berebizikoa da. Aldiz, eskuinaren marko diskurtsiboa erosten badute eta hauek nahi duten gaietan trabatzen badira, konturatu orduko eskuineko blokeak irabaziko du borroka eta beraiek zuten aukera bakarra galduko dute, denok galduko dugu aukera polita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.