Lurrari lotuz, euripean dantzan

2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Neure izenean idazteak askatasun handia eman dit beti. Eta azken kontzertuko balorazioan abesbatzako zuzendariak idatzi zigun moduan: zer gara gu, geure zirkunstantziarik gabe? Talde politiko, eragile sozial eta erakunde ezberdinen izenean idatzi eta publikoki hitz egitea egokitu zait maiz. Aske egin ere.

Oraingoan, ezker abertzaleko pertsona gisa, azken bost urteetan lokartuta izan dudan etorkizunerako itxaropena piztu zaidan honetan, Sorturen orainaz kezkaturik idazten dut.

Beste askok bezala, aktiboki parte hartu dut ezker abertzalean azken hogeita bost urteotan, herrian, kargu instituzionalak, bozeramailetzak... Baita zintzoki bozkatu ere, legalak eta ilegalak ginenean, batzuetan kritiko, askotan irribarretsu. Ez dut ordea botorik eman azken bost urteotan. Batzuek bere egin duten euskal ezker abertzale hori ezin nuen sustengatu, nahiz eta euskal abertzaletzat dudan neure bihotz, buru zein esku ezkertiarra.

Baina Lurrari lotuz ponentzia etorri da. Ahots kritikoa altxa da, ñabardurak ñabardura, eztabaida eta kritika eraikitzailearen bidez ildo ofiziala hobetzeko aukera iritsi da.

Balantzean gehiegi zentratu omen dira batzuk. Balantzearen irakurketa ezinbestekoa da aurrera begirakoa marrazteko. Eta harriduraz entzun dut hamar urteko balantzea, Disney jaunak idatzia bailitzan. Zorionez, irakurketa positibo asko dago egiteko, urte luzeetan zehar euskal herritar askok egindako lana eta emandako bizitzei esker iritsi baikara gauden eszenatokira, baina baita zuzendu eta borrokatzeko asko ere.

Gure herriko etxe askotako egoera ez da erraza izan, gurean azken hamar urteotan jasandako lau espetxealdiren ostean bosgarrenaren zain gaude, semeak futbol partida bezperan cara al sol eta Franco goratzen duten irudiak jaso ditu aurkariengandik, alabak euskaraz matrikulatua egonik gazteleraz ikasi behar du, amonak 30 urteren ostean jarraitzen du espetxera joaten, aurrez aurreko bisitarik gabe oraingoan, biolentzia matxistak eragindako 30 emakumetik gora hilda, Baionako elizan janari eske doazen euskal preso ohiak, puskatutako hamaika familia artatu gabeko espetxe politikaren ondorioen eraginez, euskal militanteen aurkako prozedura judizial berriak, euskal kulturaz bizitzeak arrisku handiko kirola dirudi, zenbat hildako lanean ari zirelarik, duela ehun urteko hezkuntza sistemarekin jarraitzen dugu... azken hamarkadan, bai.

Alde pertsonalak alde batera utzi behar direla aurpegiratu zidan batzarrean gaztetxo batek. Zer da ezker abertzalea ba, pertsonez osatutako mugimendua ez bada? Lau pareta zuri eta hotzeko ordenagailuan idatzitako hitz soiletako estrategia bainoago, hobe litzaiguke pertsonetan oinarrituta margotu, zuzendu, aberastu eta koloreztatutako marrazki, kantu ala dantza plazaratuko bagenu.

Edo emakume gehiago baleude erabakiguneetan, historikoa den adierazpena egin behar denean bi gizonezko azaltzen baitira (ulergaitza zaidan testuaren balorazioa alde batera utziko dut oraingoan). Erabakiak nork hartzen dituen bai, baina nork komunikatzen dituen, horrek ere badu garrantzia; eta herria emakumez josia dago, zorionez. Hori bai, emakume batek iritzia ematen duenean prota hutsa da, eta gizonezkoak hitz egiten duenean putoamoa oraindik ere. Zinegotzi ginenean, espainiar estatu mailako sasi kazetari batek gure udal taldeari buruzko artikulua idatzi zuen: «las concejalas de herri batasuna huelen a cianuro vaginal» idatzi zuen. Bi ginen emakumezkoak orduan, bien izen-abizenekin idatzi zuen iraina estatu mailako egunkari batean. Hura salatzea ez omen zen lehentasuna, ilegalizatu behar gintuzten, udal taldeko hiru kide espetxeratu egin zituzten, hildakoak astero... lehentasunak baziren bai, baina feminismoak ere hor beharko luke. Ezin uka gauza on asko egin baziren ere gure etxeko jarduna batzuetan matxista izan zela eta dela.

Lau pareta artean nola idatzi daitezke baserritarrez, arrantzalez, musikariz, irakaslez, ikaslez, ingeniariz, kirolariz eta abarrez osatutako ezker abertzalearen oraina eta etorkizuna?

Zuatzuko egoitza berria inauguratu zenean koadro bat oparitu nion Sortuko arduradunari; Haizearen Orrazia ikus daiteke, eta zera dio: Bizitza ez da noiz atertuko itxarotea, euripean dantzan ikastea baizik. Sentitu, pentsatu, ekin!. Duela gutxi koadroak pareta berean jarraitzen duela ikusi nuen, baina orain, bulegoa EH Bilduko lehendakariarena zela esan zidaten.

Behaketa ezinbestekoa da, entzutea are gehiago. Parte hartzea ez da erraza izan kongresu honetan, parte hartzaileen erdiak ez du botoa eman... Larria benetan egoera. Indartuta atera omen gara... Indar handirik ez du 3.164 pertsonak gidatutako mugimendu batek... LABek 45.000 afiliatu, Gazte Topagune Sozialistak 1.500 parte hartzaile elkartu, Ernaik 200 azken topaketan, Bilboko manifestazioan milaka pertsona, Ikama, Bilgune Feminista, Ikasle Abertzaleak, Itaia... eta abar. Garaian Amnistiaren Aldeko Mugimendua sartuko nukeen, baina esan dut politika utzia dudala eta ez dakit gaur egun zertan den arlo hori...

3.000 lagunek ezker abertzalearen ildoa eta zuzendaritza marraztuko badute, jai dugu. Atera gaitezen kalera, zabal dezagun parte hartzea, etxe, baserri, bide, fabrika, kultur areto, frontoi eta zelai guztietara.

Orainaz kezkaturik, etorkizuneko itxaropenaz begiak zabalik, dantzatu gaitezen lurrari lotuz euripean, ala suaren gainean, ala edozein herriko jaietan. Guztiok.

Gora ezker abertzalea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.