Martxel Toledo Garmendia.

Merezi ote? Jakina, Euskal Herria gara

2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herrian, aldarrikapenak eta borrokak beti izan du leku berezia eta estrategikoa, helburuak lortzeko saiakeran erabilitako bide gehienetan, guztietan ez esatearren. Eta oraindik ere, izaera horrek zorionez berean jarraitzen du gurean. Gure Esku-k asteburuan antolatutako Pirinioetako Bidea ekimenak izandako arrakasta horren adibide baino ez da. Eta argi dugu horretan jarraitu behar dugula. Nola ez ba, mende erdi bat baino gehiago borroka egin eta aurrerapen asko lortu arren, oraindik, gu geu izateko, asko gelditzen zaigulako. Horregatik merezi du, euskal herria garelako!

Bizi garen gizarte honetan esparru guztiak izan daitezke eta dira egokiak euskal herritar bezala sentitzen duguna adierazteko, aldarrikatzeko eta borrokatzeko. Pirinioetako Bidea bezala beste hainbat esparru daude gurean. Eta horietako bat, besteak beste, zalantzarik gabe, kirol mundua da, izugarrizko indarra eta erakargarritasuna duelako gizartearen aurrean. Ikusi baino ez beste nazioek ematen dioten garrantzia eta lehentasuna. Beraien kirolariek lortutako garaipen guztiak lau haizeetara goraipatzeaz gain, ikur bihurtuz nazio sentimenduak indartzeko erabiltzen dute. Eta galdera da, guk, zergatik ez? Horretan ere bereziak ote gara? Edo ez gara jabetzen kirol munduak horretarako eskaintzen digun aukeraz? Behin baino gehiagotan sortu zait kezka hori nire barruan, alegia, gurean, esparru abertzaleetan eta naziogintzari lotuta, kirolaren bitartez lor dezakegunari ematen ote diogun behar lukeen garrantzia. Eta ezetz esango nuke. Nire inpresioa baino ez da.

Kirolari lotuta, gurean eta epe motzean, aldarrikapena lau haizeetaraino eramateko izango ditugun aukeren artean, besteak beste, bizpahiru aipatuko nituzke. Bat euskal pilotari lotua eta beste biak txirrindularitza arlokoak. Eta hirurak dira oso egokiak Euskal Herria garela adierazteko eta gurea nahi dugula aldarrikatzeko.

Euskal pilotari dagokionez, Miarritze xede nagusi modura hartuta, urriaren 23tik 29ra, Munduko euskal pilota txapelketan, 30 herrialde ordezkatuz 450 pilotari lehiatuko dira Miarritze, Baiona, Hazparne eta Bidarteko pilotalekuetan. Esan gabe doa, jakina, 30 herrialde horien artean, tamalez, Euskal Herria ez dela egongo, eta, ondorioz, euskal pilotariek, beste behin, Espainia edo Frantziako selekzioak ordezkatuz aritu beharko dutela. Eta galdera da, ez al da gutxienez egoera kontrajarria euskal pilotariak izan eta euskal pilotan aritu arren atzerriko nazioak diren Espainia eta Frantzia ordezkatuz aritu beharra? Lotsagarria ere bai, ezta? Eta galdera da, guk hori normaltzat jo behar dugu? Alegia, ez dugu ezer esatekorik eta besoak gurutzatuta eta ahoa itxita gelditu behar gara? Espero dut ezetz, ez litzateke logikoa izango eta badut itxaropena gurean pilotariek, klubek, federazioak,…. zerbait esan eta egingo dutela. Ea ba.

Txirrindularitza arloan berriz, Euskal Herria garela aldarrikapena gauzatzeko, epe laburrean bi zita garrantzitsu ikusten ditut, bata begi-bistan duguna Espainiako itzulia abuztuan gurean sartzen denean, eta bestea, datorren urtean 2023ko Frantziako Tourra Euskal Herrira etortzen denean. Biak ala biak dira eszenatoki egokiak horretarako.

Euskal Herria gara! Ez dago zalantzarik. Ez gara espainiarrak edo frantziarrak sentitzen, euskal herritarrak baizik. Bai, baina hori ere gure egunerokoan azaleratu beharra dugu, hainbatetan egin dugun modura, zeren, guztiok dakigun bezala, betidanik gure betiko etsaiek hori ere desitxuratu nahian dabiltzalako. Horregatik, nire ustetan, eskura eta begi-bistan ditugun aipatu aukerak ezin dira alferrik galdu. Has gaitezen aktibatzen.

Irakurri berria dut gure gazteek naziogintza ardatz hartuta helduko diotela kurtso politiko berriari eta hainbat arlo jorratuko dituztela. Poz handia sentitu dut, eta espero dut erronka horien artean, besteak beste, euskal selekzioaren ofizialtasuna ere egotea. Nola ez ba, euskal herritarren gehiengo batek berea egiten duelako.

Horregatik espero dut ere, EAJk, EH Bilduk eta beste indar progresistek elkar hartuta, Madrilen, Iruñean zein Gasteizko instituzioetan gaia politikoki sakontzea eta ofizialtasunaren bidean egin behar diren urratsak egitea. Nabaria delako bultzada berriak egon arren azken hamarkada honetan ofizialtasunaren aldarriak gurean indar asko galdu duela. Eta horren errua guztiena da.

Baina esan gabe doa merezi duela jarraitzea. «Hagitz hunkigarria baita gurea sentitzea eta ordezkatzea». Karmele Pikabea Lesakako Beti Gazteko sokatiralariaren hitzak dira. Baina seguru nago beste euskal kirolari asko eta askorenak ere izan zitezkeela, berdin pentsatu eta sentitzen dutelako.

Beraz, animo eta aurrera! Merezi duelako, Euskal Herria baikara!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.