Walter Benjaminen pentsamendua Txintxo eta Xeferen oroimenez

Jesus Perez de Viñaspre
2023ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Atzo Xefe eta Txintxoren hilketen 45. urteurrena bete zen. Denborak aurrera egin arren, beren memoria historikoak iraun egiten du. 1970eko hamarkadan bizi izan ziren, existentzialismoak Euskal Herrian eragin handia zuen garaian. Iruñeko Sanduzelai auzoko bere pisuan existentzialismoari buruzko hainbat liburu zituzten: Sartre (El ser y la nada, La náusea, El existencialismo es un humanismo), Txillardegi (Peru Leartzako) eta Kierkegaard. Gainera, Giselle Halimiren Le procès de Burgos (frantsesez) liburua zuten, baita marxismoari eta nazionalismoari buruzko beste batzuk ere. Txintxorengan eta Xeferengan nabarmena zen funts existentzialista, besteak beste, militantzian lan egitera mugitzen zituena.

Baina Walter Benjaminen pentsamendua da, bereziki, Txintxo eta Xeferekin izandako elkarrizketen uneak etengabe gogora ekartzen dizkidana. Walter Benjamin (1992-1940), alemaniarra, judua jatorriz, nazismoa atzetik zuela, Estatu Batuetara ihes egiten saiatu zen, baina, Frantziaren eta Espainiaren arteko muga zeharkatzean, poliziak atxilotu egin zuen, eta bere buruaz beste egitea erabaki zuen. Benjamin pertsona berezia eta deserrotua izan zen, eta deserrotze horren ondorioz, alemaniarrek judutzat hartu zuten, juduek alemaniartzat, sionistek komunistatzat eta komunistek sionistatzat. Arroztasun-baldintza horrek originala izateko eta proposamen politiko eta filosofiko oso berritzaileak egiteko gaitasuna eman zion. Pentsalari sailkaezina eta paradoxikoa, aurrerapenaren kritiko erradikala da, iraultzaile marxista, iraganaren nostalgikoa, eta teologia aipatzen duen materialista. Haren pentsamenduak ez zuen harrera onik izan gerraostean Europan, eszeptizismoz ikusia izan baitzen. 1980ko hamarkadatik aurrera hasi zen bere pentsamendua ezagutua eta aitortua izaten. Txintxok eta Xefek ezin izan zuten ezagutu, baina ziur nago, irakurri izan balute, begiko izango zuketela.

Benjaminek kulturak pentsamoldeen eraketan duen garrantzia azpimarratzen du, azken batean, emantzipazio eta askapen prozesuan funtsezko faktorea izango baitira. Zapalkuntza- eta menderatze-gizarte batetik bidezkoago den beste batera igarotzeko, pentsamolde mota berri bat behar da. Beraz, pentsamoldea eraldatzea lortzen ez bada, ez dago benetako aldaketarik, horren erreprodukzio hutsa baizik. Benjaminentzat oinordetza kulturaltzat hartzen den guztia zapaltzaileen gerrako harrapakina da. Egia esan, Europako hiriburuetako museoetan Egiptoko eta Irakeko piezak ikus daitezke, inbasio-gerretan lapurtuak izan direnak; era berean, kaleetan monumentuak ikus daitezke, gerra-gertaerak edo aberri-arbaso ospetsuak gogora ekartzen dituztenak. Batzuentzat basakeriaren lekuko dira; besteentzat, aldiz, harrotasunarena.

Historiaren ikuskera tradizionalaren arabera, pertsonaia handiak, erregeak, presidenteak, gobernadoreak, jeneralak... dira historiaren protagonistak eta benetako subjektuak. Historiaren ikuskera horri iragana zerbait finko eta mugiezin gisa interesatzen zaio, nondik oraina epaitzen eta justifikatzen den. Baina menderatzaileak eta menderatuak dauden gizarte batean, historiaren kontzepzio lineal hori onartuz gero, iraganean gertatutakoagatik justifikatzen da oraina menderatzea. Beraz, iraganeko garaileen kultura egungo menderatzaileek onartzen eta heredatzen dute, gerrako harrapakin gisa. Horregatik, historiaren ikusmoldea aldatu beharra dago kultura eraldatu nahi bada.

Historia eta aurrerapena, oro har, identifikatuta agertzen diren terminoak dira. Horrela, historia jarraitutasun progresibo, ebolutibo gisa ulertzen da, betiere etorkizunari itxaropen xaloz begiratuz. Gizateriaren historia etengabeko aurrerapena izan delako ideia da: askatasun eta arrazoibide handiagoa (Hegelek dioen bezala), demokrazia eta berdintasun handiagoa (ezkertiarrek aldarrikatzen duten bezala), garapen ekonomiko eta tekniko handiagoa (liberal burgesek uste duten bezala). Benjaminen ustetan, denbora inplikazio politiko sakonak dituen eraikuntza da; ez da zerbait naturala, une berdinen eta hutsen segida lineala, aurrera egin ahala hobekuntza automatikoa eragiten duena. Beraz, denbora ez da continuum bat, ondorio politiko sakonak dituen konstruktua baizik. Hori dela eta, denboraren beste kontzepzio bat proposatzen du, hobekuntza soziala ahalbidetuko lukeena: historiaren Aingerua. Paul Klee margolariaren Angelus Novus denboraren espiritua da Benjaminentzat. Ez da denbora homogeneoa edo Kronos (emana dena, gauza bera), baizik eta denbora orain (Jetztzeit) edo Kairos (zerbait garrantzitsua gertatzen den tarte zehaztugabea), teologia kristauan Jainkoaren denborari edo graziazko denborari lotzen zaion une egokia.

Angelus Novus iraganera itzultzeko borrokan ari den beste garai horren espiritua da, ez bakarrik oraina justifikatzeko, baizik eta iragan horri justizia egiteko. Benjaminen aburuz, iragana ez dago han urrun, hemen eta orain baizik, eta etorkizuna ere hemen dago. Azpimarratzen du benetako aldaketa iraganetik bakarrik etor daitekeela, eta iragan hori ez dago iraganean, hemen dago, orainean. Benjaminek materialismo historikoa ideologia burgesaren zikinkerietatik askatu nahi du, aurrerapenaren ideia burgesetik erreskatatu. Hala, orainean esku hartzea proposatzen du, pentsamoldeak desafiatzen eta eteten dituen irudi batekin.

Haren pentsamendua itxaropen-pentsamendu bat da, baina ez etorkizunaren itxaropen batena, orainarena baizik. Eta, horren arabera, Txintxo eta Xefe, baita hildako gainerako lagunak ere, justizia noiz egingo zain daude. Kairos-garaia iritsiko da eta, orduan, denei zor zaiena aitortuko zaie. Lagun diezaiogun historiaren aingeruari justizia-garai hori lehenbailehen irits dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.