Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Giza eskubideen 'osasuna', COVID-19aren aldian

2020ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
1. COVID-19a gure artean zabaltzen hasia ez zenean, giza eskubideen kultura eta protagonismoa, Euskal Herrian ere, maldan behera zihoan. Maldan behera munduan populismoa eta demokraziarik eza (demokrazia iliberala ere deitua!), eskuin muturraren presiopean, gero eta herrialde gehiagotan zabaltzen ari zelako. Baina baita Euskal Herrian ETA osteko egoeran giza eskubideen zentraltasuna ahultzen ari zelako ere. Azkeneko kontu hori lasaiago azaltzea komeni da.

2. ETA indarrean egon zen bitartean, gure herrialdean giza eskubideak betetzeari buruzko eztabaidak albisteen hierarkian leku nagusia zuen, bai eta kezka soziopolitikoetan nitxo egonkorra ere. Dena indarkeria politikoaren eta haren legitimitate baldintzen inguruan biribilka zebilen. Eta, horregatik, giza eskubideen diskurtsoak, prestigio instituzional eta sozial handia zuen. Giza eskubideen beste indarkeria eta urratze batzuk bigarren maila batean uzten ziren, hala ere. Horrela, adibidez, hasiera batean (90ak arte bederen) memoria historikoa euskal gatazka-tik bereizitako errailetan eztabaidatzen zen; edo genero indarkeria garrantzi txikiagokotzat jotzen zen, guztiz desagertuta ez zegoenean. Zer esanik ez arrazakeria, xenofobia edo giza eskubideen beste urratze batzuk bezalako fenomenoekiko arreta maila eskasa, oihartzun askoz txikiagoa baitzuten. La Vedette indarkeria eta politikaren konbinazioa zen.

XX. mendeko 90eko hamarkadatik aurrera, indarkeria politikoak berak ere eraldaketa bat jasan zuen bere tratamendu politiko eta instituzionalari dagokionez. Pixkanaka, hierarkia mota bat lantzen joan zen hitz magiko baten laguntzaz: ekidistantzia. Hortik aurrera, eskubideen urratze bat, ETAren terrorismoak eragindakoa, lehenengo eta ia bakar bilakatu zen, indarkeria politikoaren gainerakoa bigarren mailan utzi zela. Ekidistantziak, hierarkizazio estrategia gisa (lehenik, eta larriagoa, ETArena; eta gero, gainerakoa), giza eskubideen zatiezintasun printzipioa neutralizatu zuen.

Horregatik, ETA desagertu zenean jada arazoa desagertutzat jo nahi izan da. ETAk hiltzen ez duenez, ez dago zertaz kezkatu. Bestelako giza eskubideak ez baleude bezala!

Labur esanda: batzuei —zenbait komunikabide eta alderdiri, argi eta garbi— giza eskubideak interesatzen zitzaizkien ETAren kontrako borrokan. Gero, sobera daude.

3. Aurreneko dinamikan geundela, COVID-19a heldu da eta horrek dena estali du. Estali ez ezik, beldurra ere zabaldu du, eta horren atzetik hainbat eskubide kentzeko giroa sortu da. Eta ez hainbeste giza eskubideak autoritateak kendu edo murriztu dituelako, baizik eta, beldurrak jota edota ezustean harrapatuta, gu guztiok gure eskubideei uko egiteko prest egon garelako. Horren adibide bakar bat, polemikoa apika, nahiko nuke aipatu: hiltzen ari den gaixoari agur esatekoa errotik kendu izanarena, alegia.

Gertuko pertsona bat hiltzear dagoenean, bere seniderik hurbilenek inguratu ahal izaten dute. Hori gure euskal kulturak berezkoa duen zerbait da, giza duintasunari berari lotzen zaiona. Formulazio juridiko zorrotzetatik harago, horrek halako oinarrizko eskubide bat osatzen du. Jakina, zenbait egoeratan ezin da eskubide hori gauzatu. Baina heriotza aurreikus daitekeen kasuetan, mediku arretaren protokoloetan txertatuta dago, bakardadean hiltzea saiheste aldera, besteak beste.

COVID-19aren krisialdiaren zurrunbiloan, ordea, isolamenduaren inertziak aurretik eraman du agur esateko eskubide hori. Protokoloen inguruko zalantzek eta etengabeko aldaketek, batez ere martxoko bigarren asteko lehen faseetan, kasu askotan pertsonak bakardadean hil izana eragin dute.

Oso kutsakorra den pandemia baten salbuespenari erantzutea bateragarria da bakarrik ez hiltzeko eskubidea errespetatzearekin. Kutsatze potentzialaren aurrean bisita eta lagun egiteak, zalantzarik gabe, haztapen fina eskatzen duen interes gatazka bat sortzen du. Segur aski, agur esateko eskubidea zati batean sakrifikatu ahal izango da, baina ez erabat, ezta pandemiak eragindako alarma- egoeran ere.

4. Esandakoa ez dadila kritika gisa har! Egoera ez zen erraza. Baina, horregatik hain zuzen ere, ikusi da, inoiz baino argiago, eskubideak zein hauskorrak diren. Izan ere, horien existentzia eta gozamena ez dago soil-soilik lege batzuetan aldarrikatzearen menpe, horrekin —formula magikoa bailitzan— dena eginda balego bezala. Areago: alarma egoeran eztabaidagarria da oso hainbat eta hainbat eskubide murriztu izana, bakarrik salbuespen egoeran suspenditu ahal direnak. Forma juridikoak errespetatu gabe, alegia, eskubideak de facto murriztu dira.

ETA desagertu ondoren, terrorismoaren aurkako politiketako salbuespenezko filosofiak jauzi handia egina zuen giza eskubideen kaltetan. Orain, osasun emergentziak bigarren jauzi handi bat ere eman du. Gure esku dago, ezkortasunik gabe, horren guztiaren kontzientzia hartu, beldurra astindu eta horri aurre egitea. Giza eskubideak gureak direlako eta guk defendatu behar ditugulako, inoren zain egon gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.