Albistea entzun

Bizikidetza, demokrazia, konpromisoa

Mikel Irizar - Euskalgilea

2021eko maiatzak 4

Euskal Herrian abiatzen ari zaizkigu dinamika interesgarri asko, herri estrategia berritu bat eraikitzeko norabidean. Emaitzak oraindik zatikakoak dira edo itzalpean daude, baina irudipena daukat horiek guztiak sendotzeko eta josteko gai bagina, bultzada handia hartuko lukeela euskal herrigintzak.

Dinamika horietako bat da Foro Sozial Iraunkorrak bultzatu duena azken urteotan. Zinez txalogarria da ETAren armagabetzea eta desegitea ahalbidetzeko egin duen lana; eta, maila berean, biktima guztien eskubideak aitortzeko eta salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eragin duen bulkada. Ekarpen erabakigarria izan da urte gutxiren bueltan aukera eta helburu berriak bistaratzeko. Ez gaude duela hamar urte geunden toki berean, bestelako agertokiak ikusten dira posible orain.

Hain zuzen lan ona egin duelako lortu du sinesgarritasuna Foroak. Eta bere kideak herrigintzarekin konpromiso handia dutelako urrats berri bat proposatzen digute, pandemia egoera zailean amore eman gabe. «Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala» sustatu nahi dute, hau da, eskubide guztiak pertsona guztientzat eta desadostasunak demokraziaren bidez konpontzea bermatuko dituen egoera. Eta nik bat egiten dut proposamen horrekin.

Herri estrategia

Pandemiak ageriago jarri du lehendik ere bagenekiena: globalizazioaren logikak, oro har, mesede egiten die eliteei; eta kalte, munduaren %99 garen gainontzeko herritarroi. Ameriketako Estatu Batuetan neurtu berri dute hango aberatsenak %45 aberatsago direla pandemiaren lehen urtea bete ondoren.

Inertzia horri aurre egiteko daukagun bidea da autoeraketa, hurbileko komunitatea indartzea, kontsumoko zirkuitu propioak antolatzea, burujabetzan sakontzea eta herritarrok aktibatzea, oinarrizko eskubideak eta elkar zaintza bermatzeko. Euskal Herrian egiten ari gara ibilbide baliotsu bat norabide horretan, eta oso lagungarria da bizikidetza eraikitzeko eta gatazkak demokrazia bidez konpontzeko konpromisoa areagotzea.

Demokrazia eta balio unibertsalak

Etsaiak hurbilean bilatzeko joera daukagun arren, nik gatazka nagusia kokatzen dut, hain zuzen, munduaren %1 den elite zurrupatzailearen eta %99 garen herritar zurrupatuon artean. Haien premietara makurtzen diren hautetsiak ez dira ezinbestean gure etsaiak; aitzitik, lortu behar genuke gure mesedetan jardutea boteretsuen desmasien aurrean. Horretarako, ordea, indar sozial handia eraiki behar da.

Herritarrok baditugu balio oso partekatuak: batzuk klasikoak, hala nola, askatasuna, berdintasuna, elkartasuna edo justizia; eta beste batzuk berriagoak edo gaurkotuak, hala nola aniztasuna, planetaren eta klimaren zaintza, bizitza duina edota gobernantza demokratikoa. Lehentasunezkoa da balio hauek guztiak bermatzeko diskurtso eta ekimenak abiatzea, indar sozial handi hori artikulatzeko.

Dinamika eraldatzaileen konbergentzia

Hasieran nioen bezala, pandemiak etxeratu baino lehen dinamika interesgarri asko geneuzkan martxan Euskal Herrian. Feminismoak gorakada handia izan du azken urteotan, eta berdin pentsio duinen aldeko mugimenduak. Gure Esku dinamikak jende asko mobilizatu du burujabetzaren alde; baita Euskaraldiak ere, kasu honetan hizkuntza bizikidetza hobetzeko. Hor daude, halaber, Foro Sozialaren ekarpena, eta baita elikaduran, kulturan, ekonomia sozialean eta hainbat esparrutan gauzatzen ari diren ekimenak ere.

Dinamika hauek guztiak eraldatzaileak dira, eta badute egoera aldatzeko orduan jomuga bateratua: bizikidetza hobetzea komunitatea garatzeko. Dagoeneko antzematen da gehienak elkarri begira daudela, eta kasu batzuetan hasi direla hainbat urrats bateratzen. Adibide ona da HamaikaGara ekimena, horietako dinamika asko bildu dituelako proposamen zehatz baten inguruan: erreferenduma legeztatzea gatazken konponbide demokratikorako tresna funtsezkoa izan dadin. Testuinguru berean kokatzen dut Foro Sozialaren urratsa, gatazkaren ondorioak kudeatzetik (eta hori asko izan da) bizikidetza eraikitzeko konpromisoa sustatzeraino. Logika bera ikusten dut bi kasuetan.

Hizkuntza eskubideak

Ez dut bukatu nahi niretzat zentrala den gai bat aipatu gabe. Bizikidetza justua eraiki nahi badugu, bermatu beharreko eskubideen artean daude hizkuntzari dagozkionak. Hemen ere, batzuk posizio hegemonikoan daude eta besteok menpekoan, haiek indar faktikoa erabili dutelako historian zehar hegemonia lortzeko. Hemen ere justizia eta erreparazioa sustatu behar dira, hiztunen arteko berdintasunak eta errespetuak lagunduko dutelako bizikidetza hobetzen.

Euskal Herrian urratsak egin dira norabide honetan ere. Donostia 2016ko programaren baitan sortu zen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, Kontseiluaren eskutik eta nazioarteko atxikimendu zabalarekin. Zehaztuta dago, beraz, zer diren hizkuntza eskubideak eta nola bermatu daitezkeen; oraindik, ordea, ez ditugu beste oinarrizko eskubideen mailan jartzen eta defendatzen. Horretarako gonbita luzatu nahi diot Foro Sozial Iraunkorrari, eta baita dinamika eraldatzaile guztiei.

OHARRA: Artikulu hau, Foro Sozial Iraunkorraren Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala prozesuari eginiko ekarpen bat da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.