«Espero dugu hitz egiteko eskubidea izango dugula»

'Kobane auziaren' bigarren saioa egingo dute gaur: Kurdistango HDP alderdiko 108 politikari eta ekintzaileri «terrorismoa» leporatu diete

HDP alderdiko politikari eta ekintzaileen kontrako epaiketaren lehen saioa, iragan apirilean. OIHANA ETXEBARRIETA.
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Kobane auziaren bigarren saioa egingo dute gaur, Ankaran. Epaiketan, HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko 108 politikari eta ekintzaileri «terrorismoa» leporatu diete. 2014an, HDPk protestara deitu zuen Kobane hiriari (Kurdistan Mendebaldea) babesa helarazteko, garai hartan EI Estatu Islamikoaren erasoa jasaten ari baitzen. Turkiako Estatuko segurtasun indarrak eta EIren zaleak horren kontra agertu ziren: 43 lagun hil ziren, ia denak HDPren jarraitzaileak. Jendea protestara deitzeagatik egotzi diete «terrorismoa», baita «hilketa» ere. Bigarren saioaren aurretik, BERRIA inputaturiko politikarien abokatu batzuekin mintzatu da.

Figen Yuksedag HDPren presidentekide ohia da, eta espetxean dago 2016ko azaroaz geroztik; Veysi Eski da haren abokatuetako bat: «Apirilaren 26an, Turkiako Gobernuaren sistema presidentzialistak sorturiko sistema judizialari egin genion aurre. Erabaki genuen auzitegian ez agertzea, abokatu guztiei ez zietelako sartzen utzi. Auzitegiko presidenteak tonua aldatu zuen gure bezeroek esan ziotenean abokatu guztiak egon gabe ezingo zutela jarraitu. Presio egiten saiatu zen gure bezeroen abokatu asko kanpoan utzita, baina plana ez zitzaion ongi atera, inputatuak protestan hasi baitziren, txaloka eta txistu eginda. Orduan esan zuen abokatu guztiak ongi etorriak ginela, eta denok erabaki genuen aretoan sartzea».

Cihan Aydin Diyarbakirko Abokatuen Eskolako (Ipar Kurdistan) presidentea da: «Hau ez da ohiko epaiketa kriminal bat. Estatuaren bulego batean eraiki da, ad hoc akusazio batetik tiraka, gertakarietatik sei urtera. Gertakari askoren interpretazio faltsuak egin dira, eta horretan oinarritu da kasua. Prozesu honi izaera historikoa zentzu negatiboan ematen dion beste elementu bat estatuaren parte hartzea da, bere erakunde guztiekin».

Aydin kritiko agertu da orain arteko prozedurarekin: «Hiru lagunez osaturiko batzorde judizial bati egin behar diogu aurre, bere horretan estatuko mekanismo bat dena. Defentsarako eskubidea ezabatu dute; isildua izan da; ez da kontuan hartu. Inkisizioko auzitegi bat bezalakoa da: erabakitzeko agintea pertsona bakarrean dago, kasu honetan auzitegiko tribunalean. Duela 500 urteko praktika baten aurrean gaude. Hala eta guztiz ere, ez diogu uko egingo bezeroak defendatzeari».

Gaurko saioaz, Diyarbakirko Abokatuen Eskolako presidentea zalantzati da, galdera asko dituztelako: «Lehen saioan ikusi genuen zuzenbidea nahi zuten modura distortsionatu zutela. Gaurkoan espero dugu hitz egiteko eskubidea izango dugula. Gure argudioak partekatzeko eta defendatzeko eskubidea izan nahi dugu, bai auzitegian eta baita iritzi publikoarekin ere. Hori da legeak dioena».

Izaera matxista

Sebahat Tuncel Istanbulgo diputatu ohia (Turkia) 2016tik dago kartzelan. Cemile Turhalli Balsak da haren abokatua, eta estatuko egituren izaera matxistan jarri du arreta.

«Egiturak mentalitate maskulino batekin eraiki dira. Kasu judizial eta politikoez gain, ikusi dugu nola trebatzen duten genero desberdintasuna. Botere judizialaren ikuspuntua da emakumeak direla helburu».

Balsaken ustetan, epaiketa ez da soilik HDPren eta kurduen kontrakoa; emakumeen eta aurkari politikoen aurkakoa ere bada: «Kasu honekin, mugimendu kurduaren politika eta horrekin harremana duten ezkerreko beste mugimendu batzuk epaitu nahi dira. Epaiketaren edukia aztertzen dugunean, agerikoa da irregulartasun asko daudela: froga faltsuak, iruzurrak... Ikuspuntu horretatik begiratuta, argi dago konspirazio bat dela, HDP ez delako soil-soilik mugimendu kurdu bat».

Horretaz, Tuncelek oroitarazi du 2015eko ekainaren 7ko hauteskundeetatik aurrera HDP Turkiako ezkerreko eta beste nazionalitate batzuetako taldeen botoak jasotzen hasi zela, gradualki: «Denak, eta batez ere [Turkiako] gobernua, ohartu ziren HDP Turkia osoa barne hartzen zuen alderdia bilakatzen ari zela. HDP faxismoaren kontrako unitate zabal bat osatzeko dinamika bat sortzen hasi zen. Hori da gobernuak HDP kriminalizatzeko arrazoi nagusia: zatitu egin nahi du, eta horregatik egiten die eraso HDPri eta bere aliatuei, sektorea edozein dela ere».

Mugimendu politiko kurdua, HDP, ezker iraultzaileko beste taldeak, langileria eta emakumeak: horiek dira, Balsaken ustetan, Turkiako Gobernuak garatu nahi duen zentralizazio prozesuaren trabak: «Horregatik dago horren errepresio handia bere elkarte legal guztien aurka. Diktadura faxistaren forma bat da. Beste modu batera esanda, 2023ra hurbildu ahala, faxismo turkiarrak orain arte egin duena egiten segituko du: ahalik eta gehiena zentralizatu, eta diktaduraren oposizio oro deuseztatzen saiatu. Kobane auzia politika horren parte da, helburua lortzeko beste pauso bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.