Karmelo Landa.

'Lurrari Lotuz' ala 'Herrigaia', jokoan dagoena zer den

2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Eztabaida bizi-bizi dabil ezker abertzalean. Sorturen kongresuan bidea erabaki behar da. Baina ustekabean, Herrigaia oraingo zuzendaritzaren txosten ofizialaren parean, Lurrari Lotuz txosten alternatiboa plazaratu du militante talde zabalak, eta hor piztu da sakoneko gogoeta. Eztabaidagaiak garrantzi handikoak dira, orain ikusiko dugunez. Txosten bat edo bestea lehenestea Sortu barruan erabakiko bada ere, herritar guzti-guztioi eta Euskal Herriari, bere osotasunean, eragingo dio erabakiak.

Izan ere, estrategia aldaketa sakona burutzen ari da ezker abertzalea azken hamarkadan. Trantsizioan ari dela aitortu du, baina nola kokatu beharko da Euskal Herriak gainean dituen bi Estatuekiko? Estatu horien joko politiko instituzionalaren barruan kokatuko da nagusiki, horrela indar akumulazio berria saiatu eta ondoren jauzi estrategiko berriak egiteko? Hau da Herrigaia-k dioena. Ala, aldiz, Estatuekin konfrontatu eta Estatu propioa antolatzera abiatu, herri-boterea sendotu, konfrontazio demokratikoan oinarritu, instituzionalizazio propio berria era progresiboan garatu? Hau da Lurrari Lotuz-ek dioena.

Azken urteotako balantzean desberdintasunak oso nabariak dira. Balantze baikorra da Herrigaia ofizialak egiten duena: trantsizio arrakastatsua burutzen ari dela ezker abertzalea, batez ere EH Bilduren eta EH Bairen indartzea oinarri hartuta. Baina Lurrari Lotuz-en iritzia bestelakoa da: azken hamarkadan, lausotu egin dela ezker abertzalearen estrategia, prozesu independentista impasse egoeran murgildu dela, eta Euskal Herria eraikitzeko prozesuak berak ahulezia, nahastea eta atzerabidean hasteko sintomak agertu dituela.

Baina eztabaida hau guztia ez da soilik gertatu Sortu barruan eta bi txostenen arteko talkan. Modu zabalagoan agertzen ari da gizarte mugimenduetan, era horretan diagnosi egokia zein den argituz: iritzi kualifikatuak dabiltza egunotan komunikabideetan zein sarean, gure nortasuna eta euskara estu lotuaz eta Euskal Herriaren nortasun objektiboa eta subjektiboa arnasestuka agertzen direla adieraziz, eta instituzioetatik zein alderdi abertzaleetatik ez zaiela behar beste kasu egiten. Herritarren politikan, kulturan, euskalgintzan edo naziogintzan nagusitzen ari den sentimendua da alderdi abertzale deituek zein haiek gobernatzen dituzten erakundeek «gu euskaldun bezala txikitzen ari direla, egunetik egunera», esan diren hitz zehatzez esatearren. Eta hori baino urrunago, Estatu espainiarrari oxigenoa eta denbora oparitzen ari direla hemengo alderdiak, Estatu horrek agertzen duen krisi instituzionaletik (monarkia, botere judiziala, ustelkeria) zein lurralde arrakalatik (Kataluniako proces-a) salbu irteteko moduan.

Hemendik aurrera nola jokatu, hauxe da Sortu barruko eztabaidan bigarren korapiloa. Herrigaia txosten ofizialak instituzioetako lana eta hauteskunde emaitzak jartzen ditu indar metaketarako erdigunean: «Prozesu soberanistak behar du gehiengo sozial bat, maila elektoralean eta instituzionalean adieraziko dena», dio hitzez hitz. Lurrari Lotuz txostenak, ordea, oso bestelako iritzia du: «Hegemonia instituzionalarekin ez da boterea lortuko». Horretarako herri boterea antolatu behar dela dio, Estatuekin konfrontazio demokratikoak sakondu eta instituzionalizazio propio berria sortu.

Palanka estrategikoak ardatz modura kokatzen ditu Lurrari Lotuz txostenak: Herripublika, Desobedientzia eta konfrontazioa, Herri mugimendu artikulatua, Euskara Euskal Herri osorako hizkuntza komun eta ofizial bakarra, Independentzia, Sozialismoa eta Feminismoa lortzeko bideak zabalduz.

Baina hortxe sortzen da, jakina, ohiko ezbaia: zer lehenetsi, instituzioetako lana ala herri mobilizazioa. Botoak eta erakundeetako kadirak zenbatu egiten dira. Baina nola neurtu herri-boterea, ba ote doa berau formulazioa bera baino urrunago? Hauxe da unea memoria egin eta gogoratzeko herri honek, mugimendu zibilak, bere boterea aktibatu duenetan lortu dituen garaipenak: frankismoaren bigarren garaia ezindu, zentral nuklearren inposizioa deuseztatu, euskalduntze alfabetatze herritarra, Francoren ondorengo euskal presoak askatzea, memoria historikoa abian jarri eta Gernikaren gaineko gezur unibertsaldu hura iraultzea, intsumisioaren garaipena, euskaldunon egunkariak sortu eta birsortzea, aste nagusien birjaiotza, feminismoaren goraldi geldiezina, sindikalismo borrokalaria eta langile borroken garaipenak... Zerrendak irekian darrai.

Eztabaida hau euskal nazio osoaren interesekoa da, zalantzarik gabe. Horren froga, sareetan une honetan zabaltzen ari den politologo gazte ezagun batek landu duen proposamen bien arteko konparazio taula. Herrigaia honako ezaugarriez agertzen du: ardatz instituzionala oinarri, epe motzeko planteamendu taktikoak nagusi, konfrontazioa ekidin eta aldebikotasuna landu, ezarritako botere guneetan landu, ezkerreko posizio ideologikoak lausotu, erreferentzialtasuna EH Bildu eta EH Bairen mesedetan, koadro politikoen antolakunde txikia eta funtzionamendu bertikalekoa.

Lurrari Lotuz-en proposamenak horrela laburtzen ditu: osotasun estrategikoa epe luzea ere kontsideratuz, herrigintza oinarri hartzea berau instituzioekin orekatuz, konfrontazio demokratikoa eta desobedientzia, independentismoa nazio osotik eta ezkerretik, ikuspegi iraultzailea, antolakunde zabala, horizontala, barne demokrazia, zuzendaritza partekatu LAB, Ernai eta Sortu erakundeen artean.

Bada eztabaida, badira aukerak, bada geroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.