Nik ere botoa eman nahi dut!

2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Maiatzaren 26an zuk botoa emango duzu, ezta? Nahi baduzu, noski! Mundu guztiak edukiko al du eskubide hori erabiltzeko aukera? Ez! Pertsona batzuek etxean geratu beharko dugu, eta ez boikota egin nahi dugulako, etsita gaudelako edo joko demokratikoan sinesten ez dugulako, baizik eta legeak debekatu egiten digulako botoa ematea. Bakarrik botoa ematen uzten didate nire jatorriko herrialdeko gobernuak Espainiako Gobernuarekin hitzarmen bat sinatuta baldin badauka, eta hori, soil-soilik, udal hauteskundeetarako; ez du balio gorteetarako hauteskundeetarako, eta erkidegoetako hauteskundeetarako ere ez. Azken horietan botoa eman ahal izateko, nazionalitatea eduki beharra daukat.

Inork ez dit galdetu botorako eskubidea erabili nahi dudan edo ez: ez nire jatorriko herrialdeko gobernuak, zeinetara hilero dirua bidaltzen dudan eta batzuentzat dibisa iturri handienetakoa den; ez Espainiako Gobernuak, zeinari egunero nire zergak ordaintzen dizkiodan gainerako beste herritarrek egiten duten moduan, lana egin eta kotizatzen dudan tokitik. Nori eskatu behar diot nire botorako eskubidea, parte-hartze politikorako eskubidea? Nire jatorriko herrialdeko gobernuari —hara joaten naiz uda oro turista gisa; bai, zorionekoa naiz— edo Espainiako Gobernuari?

Zuk nahi duzuna zigortu edo saritu dezakezu hautetsontzietan; nik, ez. Erakundeek eta politikoek tratu txarra eman diezadakete, diskrimina nazakete, kriminalizatu, are publikoki iraindu ere bai irratietan, telebista publikoetan... baina nik ezin dut hautetsontzietan erantzun, ezin dut botere une hori eduki. Hau da, boto-paper bat aukeratu, gutun-azal batean sartu eta hautetsontzian sartu. Ezin dut halakorik egin, ahoa itxita daukadalako eta eskuak lotuta.

Ezin naiz defendatu kanpaina arrazisten aurrean, ezta mehatxu faxisten aurrean ere. Debekatu egiten didate niri dagozkidan politiketan eragitea, edo nire seme-alaben etorkizunean eragin dezaketen politiketan eragitea. Horietako politika batzuek, gainera, nire zilegitasuna auzitan jartzen dute, hemen egoteko eskubidea daukadan edo ez, eta zer baldintzatan.

Batzuek boterera iritsi nahi dute nire bizkar, naizena eta ez naizena manipulatuz, pentsatzen dudana edo ez dudana manipulatuz, zer jainkori otoitz egiten diodan auzitan jarriz. Axola zaien bakarra da lanerako makina bat izatea, hori bakarrik, eta pentsatzen dute muga iragan baino lehen nire arima atzean utzi behar dudala, esaten didate hemen bakarrak lekua duela Historiaren une batean asmatu dutena, Historiaren aurka.

Botere politikoentzat eta ekonomikoentzat arazo bat naiz, edo, hobeto esanda, «arazoa», baina batzuetan esaten dute irtenbidea ere banaizela, eta orduan ulertzen dut arazo bat naizela mugitzen naizenean haien lege eta kontrol arrazistetatik kanpo, gerren infernutik eta nazioarteko arpilatze festa honetatik konponbide bat bilatuz; eta, aldiz, irtenbidea naizela begiratzen nautenean eskulan merke gisa, denerako prest banengo bezala: soroa atsedenik gabe lantzeko, nahi dutenean fruituak biltzeko, komunak eta ipurdiak garbitzeko. Orduan berdin du «legala» edo «ilegala» naizen, horrek gainbalioa gizentzen duen bitartean eta zaintzetan gastatu beharko lituzketen milioika euro aurrezten baldin badizkiot altxortegi publikoari, eta horrek batzuen ongizatea mantentzen laguntzen duen bitartean eta beste batzuen pribilegio zuria babesten duen bitartean.

Badakit boto eskubidearen aldeko borroka luzea izango dela, eta orain arte ez dago inolako agenda politikotako gai zerrendan; antza denez, ez zaio inori interesatzen, edo ia inori ez. Ausardia politiko handia behar baita migrazioari buruzko bidezko posizio politika bat defendatzeko, eta demagogiari eta eskuinaren gezurrei aurre egiteko.

Badakit lan konplexua dela, munduaren ikuspegi eurozentrikoaren eta mendebaldarraren ideia sakon-sakonean auzitan jar dezakeela, hasita zenbait klase sozial zuriren ideietatik, zeinak ideologia menderatzaile bihurtu diren, ez bakarrik hemen, baizik eta planeta osoan.

Migrazioari buruzko eztabaidak barren asko mugitzen ditu buruak baino lehenago. Beldurra ematen die, fobia elektorala; horregatik erabakitzen dute afixa hau jartzea: «Ez ukitu». Eta eskuina erdigunera ateratzen denean bere migrazioaren aurkako diskurtso arrazistarekin, argudio askorik gabe uzten ditu, etxeko lanak egin gabe.

Amaitu baino lehen, botoa eskatu nahi dut. Boto-paperen bat hautetsontziren batean sartzeko eskubidea duten arrazializatutako pertsona guztiengana zuzentzen naiz: xenofobiaren, arrazakeriaren eta faxismoaren aurka ondo apuntatzeko. Eta gure aliatu zuriei esaten diet beren botoa uzteko, gure izenean botoa eman dezatela, eta modu horretan beren eta gizarte honen duintasuna defenda dezatela. Horretarako badago aukera Votaresunderecho webgunean izena emanda.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.