Elkarlana da «Baskonia» eratzeko giltza

Asier Barandiaran Amarika
2019ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Azkeneko lau urteak kenduta, Nafarroan euskal kulturan eta, batez ere, euskalgintzan aritzea aspaldidanik langintza zaila izan da. Bai, XIX. mendearen hondarrean elkarte aitzindari bat izan genuen: Nafarroako Euskararen Elkargoa, kulturgintza nafarrean itzal handiko pertsona batzuek bultzatuta, «Revista Euskara» delakoa martxan jarri zuena. Bai, Nafarroan izan ziren karlista euskaltzaleak, argi eta garbi euskararen alde zeudenak (baina abertzaletasun, orduan, «berritik» zetorren berrikuntza ortografiko eta garbizaleari uko eginez). Bai, Nafarroako Diputazioak (ere) eskatuta, 1918an Eusko Ikaskuntza sortu zen eta 1920an Eusko Ikaskuntzaren II. kongresua Iruñean ospatu zen. Bai, Francoren denboran, gainontzeko euskal lurraldeetan ez bezala, Nafarroan euskarazmintzatzen ziren haurrak sarituak izaten ziren, Vianako Printzea erakundeak antolatutako sariketa batzuetan eta berroren erakundeak kaleratzen zuen euskarazko gehigarri batean euskaraz idatzi nahi zuenak bazuen leiho bat argitaratzeko. Eta abar.

Baina guztiontzat ezaguna da Nafarroan 1977an aurreneko hauteskunde demokratikoak egin zirenetik nagusi izan dela politika bat euskaltzaleak bigarren mailako hiritarrak bilakatzen zituena. 1986an Nafarroako euskararen legea ezarri zen, eta asko izan dira eta dira lege murriztailetzat dutenak. Lege horrek zehazten ditu Nafarroan garatu beharreko hizkuntza politikaren ildoak. Horren haritik, gogoratu behar da 1991n Nafarroan lehenengo inkesta soziolinguistikoa egin zelarik, nafarren %54 euskara sustatzearen aurka zeudela. Bai, aurka, erabat. %22 soilik zegoen alde. Egia da geroago egin diren inkestetan aurkakotasun hori apalduz joan dela eta egia da, baita ere, hezkuntza sisteman gutxika-gutxika euskarazko ereduen aldeko eskaera handiagoa izan dela (eta hori 1986ko legeak ahalbidetu du, berorren interpretazio murriztaileak gora behera). Baina aurrekariak dira direnak.

Guztiok ezagutzen dugu XX. mendearen hondarreko laurdenean eta XXI. mendearen hastapenean Nafarroako Gobernuaren buru egiten zuten alderdiak ez direla oso zaleak izan Nafarroako euskal kulturarekiko edo izaerarekiko urte gehienetan. Are gehiago, oposizioan izan diren alderdi abertzaleei gudua egitearren edo, euskal kultura sustatzearen aldarrikapenaren atzean beti gibelasmo susmagarri ikusi izan dute agintean izan direnek. ETAren indarkeria hainbat urtetan izan da jarrera murriztaile horren koartada. Jarrera horrek urte eta erdiko «su-etena» izan zuen, Javier Otano (PSN) presidentea izan zelarik, CDN eta EA alderdien laguntzaz, 1995-1996 urteen artean. Ustelkeria izan zen tripartitu haren politika eten zuena eta hogei urtez itxaron behar izan zen beste politika-mota bat lurralde foral honetan ikusi ahal izateko, 2015ean «aldaketaren» gobernua ezarri zelarik. Erantzukizun handia gobernu harentzat, jakinda «esperimentua» gaizki ateraz gero Nafarroako hautesleriak 20 urtez «zigortzeko» joera izaten duela. Bai, aitzina egin da hainbat arlotan. Gure erakundeari dagokionez, eta datu soil bat ematearren, aurreko gobernuarengandik diru-laguntzarik ez genuen bitartean, Eusko Ikaskuntzak Nafarroako Diputazioarekin (gure erakunde sortzailearekin) sinatu duen azkeneko hitzarmenean 40.000 euroko laguntza jaso dugu, gure mendeurrenean sortu diren jarduera-ildoen inguruan hainbat proiektu garatzeko Nafarroan barrena.

Maiatzaren 26ko hauteskundeak garrantzi handikoak izan dira. Errealitatearekin enkontru bat izan dira, beti bezala. Nafarroako Gobernua gidatzen nortzuk izanen diren artean ez dakigu; ez eta Erresuma Zaharreko hiriburuan nortzuek hartuko duten aginte-makila. Baina argi dagoena da egoera aldatu dela eta egoera berri horretan, nola edo hala, sinisten dugunok Nafarroaren ezaugarrien artean badirela batzuk beste euskal lurraldeetako biztanleekin batzen gaituztenak. Elkarlanean, modu apal, tinko eta irudimentsuan aritu beharko dugu, «Baskonia» (hemen oniritzi gehien duen edo aurkakotasun gutxien duen terminoetako bat) delakoaren proiektu sozial, kultural eta garapenezkoan aitzina joateko. Ez zaigu bertzerik geratzen. Izan dugu aukera hainbat urtez horrela lan egiten ikasteko eta bizirauteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.