Mikronazionalismoa

Joxe Manuel Odriozola - Euskaltzalea

2019ko uztailak 19
Feminismoaren diskurtsoan hain ezagun egin zaigun mikromatxismoaren kontzeptua hautatu du inspirazio iturri gisa Jorge Cagiao y Condek nazionalismoaren ezaugarri batzuk liburu batean jorratzeko: Micro Nacionalismo. Euskarara ekarrita, azpititulutzat honako hau erantsi dio: «Ez ote gara denok nazionalistak?». Nik neure aldetik liburu horretan ageri zaizkigun ideia batzuk aletu nahi nituzke geurera egokitzen saiatuz.

Liburuaren egileari inspirazio iturri izan zaiona emakumeen aurkako mekanismo sotil eta maltzur hori izan baldin bada, zer eman nahi digu aditzera Cagiao y Condek mikronazionalismoaren bitartez? Honako ideia hau jakinarazi nahi digu lehenik eta behin egileak: benetako nazionalismoa dagoela jokoan mikronazionalismoaren orotariko adierazpen ustez xaloen mamian. Komunitate nazionalak barneratu dituen balio eta sinesmenak egosten dira mikronazionalismoan, eta, ondorioz, ezarian-ezarian erabat naturalizatu diren ideologia hegemonikoaren usteak dauzkagu arau bihurtuak nazio menderatzailearen eta menderatuaren arteko harremanetan. Mikronazionalismoa nazionalismo menderatzailearen estrategian ernetzen eta gorpuzten da, beraz, eta Estatuaren nazionalismo dominatzailea du legitimazio-iturri.

Besteak beste, mikronazionalismoaren adibide gisa kirolaren mundua dakar liburuak. Dioenez, Frantzian jende askorentzat «bizitzako egunik zoriontsuena» Frantziako futbol selekzio nazionalak 1998ko munduko txapelketa irabazi zuen eguna izan zen. Futbol talde bat nazioaren metafora gisa. Mikronazionalismoak, testuinguru nazionala tarteko, gure bizipen eta sentimenduen mundua konfiguratzen du modurik oharkabeenean, inolako gogoetarik gabeko ideologia primarioaren eskutik. Bere burua nazionalistatzat jotzen ez duenak bere nazioaren garaipenak ospatzen, goratzen eta gozatzen omen ditu giza jarduera sinbolikoki esanguratsuetan. Futbola ahotan hartu dugunez, eta Juan Mari Irigoienen azken liburuak, Derbia, futbolaren munduaz diharduenez, Hegoaldeko euskaldunoi komeni zaigu euskal futbolaren munduan nagusi diren mikronazionalismoek nola funtzionatzen duten jakitea. Zeren futbolaren gainerako tasunak eta keriak alde batera utzita ere, jakitekoa litzateke mikronazionalismoak zer identitate nazional mota eraikitzen duen zale abertzaleen buru-bihotzetan. Zaleen asmoak gorabehera, egituraz espainola den futbol sistemaren erreferentzietan egosten diren sentimendu eta identifikazio mekanismo mikroak nekez izan litezke euskal nazioaren ezpalekoak.

Arrazoiren batengatik edo besterengatik nazionalismoaren gaia mintzagai hartu behar izan dutenean, dio egileak, lehendabiziko hitzak beti hauek dira: «ni ez naiz nazionalista». Nazionalismoa positiboa balitz, inork ez bide luke eragozpenik izango halakotzat definitzeko. Demokratak garen galdetzen digutenean ez omen dugu zalantzarik izaten zer erantzun. Baina, nazionalista izatea gaizki ikusia dagoenez, horren ordez, gure atxikimendua adierazteko beste hitz bat aukeratu dugu: «patriotismoa». Bide batez esanda, euskaldun batzuek ere nahiago dute «abertzale» direla aitortzea, beren burua nazionalistatzat jotzea baino. Gurean bada abertzale edo nazionalista ez dela dioen independentistarik ere. Hala ere, bere nazionalismoa modu eroso eta laketgarrian bizitzeko asmatutako komodina omen da patriotismoa. Hortik dator, era berean, patriotismo konstituzionalaren mozorroa.

Nazionalismo ekonomikoaren gaia ere badator liburuan. Alegia, baliabide ekonomikoak nazionalismoaren arabera kudeatzea edo munduko nazio behartsuak aintzat hartuz politika sozioekonomikoa egitea. Aitor dut ekonomiaren gai honetan ez dudala nazionalismoa begi onez ikusten, eta nolabait esateko, askatu ezin dudan korapilo batean katigatua sentitzen naizela; izan ere, bateko, nazio euskaldun burujabea nahi nuke, eta, besteko, politika sozioekonomikoetan nazioz gaindiko egitura solidario bat. Nola bateratzen dira, ordea, euskal nazioaren burujabetasun linguistiko kulturala eta antinazionalismo sozioekonomikoa?

Nazionalismoak edo abertzaletasunak gurea bezalako ekonomia garatu batean balio etiko eta moralik baldin badu, ez da izango bere ondasun eta baliabide ekonomikoak bere muga nazionalen barruan «justizia sozialaren» arabera banatzen dituelako soilik. Nazionalismoaren alderdirik deitoragarriena politika ekonomiko nazionalistari lotuta dagoela iruditzen zait; hain zuzen, bazterkeria sozioekonomikoa ez da soilik nazioaren barneko klaseen artekoa, nazio aberats eta pobretuen artean dagoen arrakala askoz ere sakonagoa, larriagoa eta bidegabeagoa da. Munduko gertakari lazgarrienak (goseari, miseriari eta osasun arazoei darien heriotza-jarioa, migrazioaren parte handi bat...) aldez edo moldez nazionalismo ekonomikoari loturik daudela esango nuke. Eta zoritxar hori guztia txirotasunak jotako herriren batean jaiotze hutsagatik.

Hona mikronazionalismoaren sokako hainbat adibide, amaitze aldera. Etxetik irten orduko «buenos días» esaten dizun bizilagunaren diosalean mikronazionalismo espainolaren zantzurik hautematen ez duenarekin, nekez onduko dugu kontzientzia nazionalik. Euskaraz diharduten lagunarte batean erdaldun baten presentziak eragiten duen hizkuntza aldaketak daukan mikronazionalismoa igartzen ez duenarekin, beste horrenbeste. Edota D ereduko hiztun gehien-gehienak erdal elebidunak izateari darion mikronazionalismo espainolak kezkatzen ez duenarekin jai dugu. Zer esan euskararen erabilera informalaz arduraturik eta, aldi berean, bere euskal praxi linguistikoa euskalduntasun diglosikotik haratago ez doanaz? Zer esan, orobat, naziogintzaren ardatzean euskara ezartzeak euskal herritarron arteko kohesio-lana eragotzi eta zatikatu egiten gaituela uste duenaren mikronazionalismoaz? Azken buruan, eguneroko jardun eta prozesu sozial ñimiñoen eduki-esanahietan mikronazionalismo espainola edo frantsesa inplizituki txertatua dagoela antzematen ez badugu, gureak egin du.