UPV/EHU, etikarik gabe, porroterako bidean?

Haizea Barcenilla eta Iratxe Retolaza - EHUko irakaslea

2019ko irailak 21
Hasi da ikasturtea EHUn. Indarrez gentozen oporren ostean, gogoz, baina urtero bezala, gogoa mikaztu zaigu hasi bezain laster. Nekane Balluerka errektoreak baieztapen hau egin zuen irekiera-galan (hori baita ekitaldia, prestakuntzak, segurtasun neurriak eta janzkerak ikusita): «balio etikorik gabe, porrot egiten du produktiboa izan nahi duen proiektu orok». Horiek irakurri, eta irribarre zinikoa piztu zaigu. Leloburu ponposo hori lasai asko hedatu zuen, ozen eta irmo, ahazturik (edo estali nahirik) instituzioak berak langile batzuekiko gabezia etiko-ekonomiko larriak dituela. Zeharo asaldatu gara.

Beste ikasturte batez, enegarrenez, bi bulego harantzago lankide bikain zenbait izango ditugu, ikerketan edo irakaskuntzan lagun (izan) ditugunak, gure soldataren bosten bat kobratzen ari direnak. Lanaldi erdiko ordezkapenak betetzen arituko dira, baina euren soldata ez ezik, lan kopurua oso urrun dago erdia izatetik. Adibide bat ematearren: guk, lanaldi osoan, gutxi gorabehera 200 bat klase ordu emango ditugu, eta haietariko batzuk 120 ordu ingurura ere helduko dira. Kasu batzuetan harrera orduetan ere kopuru bera bete beharko dugu ikasturtean zehar. Gure soldata 2.000 euroren bueltan egongo da; haietako batzuena, aldiz, 400 euroren bueltan. Nola onartu dezake hori administrazioak? Zergatik halako arrakala?

Honela justifikatzen du sistemak arrakala hori. Lanaldi osoko kontratu batek hiru jardunetara lotzen du langilea: irakaskuntza, kudeaketa eta ikerketa. Langile bat lanaldi osoan kontratatzen ez denean, bakarrik irakaskuntza orduak ordaintzen zaizkio, eta horrek soldata gutxienez herenera jaisten du. Sistema horrek, ordea, zeharo alboratzen du logika hau: ikerketa nahitaezkoa da irakaskuntza elikatzeko, eta kudeaketa ezinbesteko ikerketa eta irakaskuntza egiturak bermatzeko. Jakina, lanaldi erdiko kontratuko langilearen jarduna ez da heren horretara mugatzen. Hasteko, halako egoera prekarioaz beste egiteko, unibertsitatean aukera bakarra lanaldi osoko plaza baterako lehiatzea izaten da; baina bide horretan urratsak egiteko, askotariko merituak eskuratu behar dira. Hain zuzen ere, merituen bide malkartsu horretan ikerketa balioesten da gehien. Beraz, praktikan, EHUko irakasle ezegonkorrek ikerketa egiteko egonkorrek baino premia handiago izaten dute, eta lanaldi erdian dauden horiei ez zaie jardun hori ordaintzen, nahiz eta unibertsitatearen etorkizunerako langile horien ekarpena funtsezko izan. Kudeaketarekin antzeko zerbait gertatzen da: halako kontratua dutenek ez dute koordinatzaile lanik hartu ohi, baina koordinazio bileretara joan behar izaten dute, eta koordinazio lan horri denbora bat eskaini behar izaten diote. Zeregin horiek guztiak ere ez zaizkie ordaintzen.

Beste zailtasun bat izaten dute halako lanpostuek, sail batzuetan behintzat: irakasle egonkorragoek nahi ez dituzten irakasgaiak egokitu ohi zaizkio heltzen azkenari. Askotan ez dira izaten bere ikerketa esparru zehatzekoak. Ezegonkortasun horrek badakar kasu askotan irakasgai horiek urtero aldatzea. Unibertsitate mailako irakasgairik prestatu ez duen batek ezin du neurtu zelako lan amaigabea den bibliografia bilatzea, eguneratzea, irakurtzea, sailkatzea, editatzea, klaseko material bihurtzea eta jarduera apropos zein interesgarriak asmatzea. Gainera, ordezko batzuek ikasle-talde handiak hartu behar izaten dituzte, ehun bat laguneko taldeak, eta horrek dakarren mezu-zaparrada amaiezina zein ikasleen jarraipena kudeatzeko denbora ere ez da kontratuan kontuan hartzen.

Neke gutxi ez, eta lanaldi erdi horiek badute beste eragozpen hau ere: askotan unibertsitate kanpoko lanak hartu behar izaten dira, bestela ezinezkoa baita bizirautea, eta aldi berean, unibertsitateko panorama ikusita (egonkortze-bidea luze eta zail doala ikusita), jendeak ere ez baitu bestelako aterik itxi nahi. Antsietateak jota amaitu du jende askok, eta hala amaituko dute gure lankideetako batzuek; kasu askotan unibertsitateak etsitutako langile bikaina galduko du.

Prekaritate-egoera honen aurreko isiltasun legea arrakalatzea beharrezko ikusten dugu, lankideetako askok erretolika honi heltzen baitiote sarri: «Horrela izan da beti, eta zer egingo zaio». Errepika horiek arazoa betikotzen dute, eta prekaritate-egoerak zein langileen arteko hierarkiak naturalizatu egiten dituzte. Egonkortu garenok, egonkortze-bidean garenok edo ordezkapen duinagoak ditugunok gure egoera ahotsa altxatzeko baliatzen ez badugu, laguntzen ari gara guztiz antietikoa eta esplotatzailea den sistema bat iraunarazten. Ez al zaigu heldu Jaurlaritzari eta Unibertsitateari egoera eralda dezatela eskatzeko ordua?

ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE:

Ibon Egaña, Marta Luxan, Idoia Marcellan eta Amaia Serrano.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna