Mundu berri bat eraiki beharko dugu

Mikel Olaiz Garmendia eta beste
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Maiatzaren lehena egun garrantzitsua izan da langileontzat pauso berriak emateko, garrantzitsuago ekimenean geldialdira eta eskubideetan atzeraldira behartu gaituzten garaiotan. Etenak aurrez gure artean genituen krisiak bizkortu eta azaleratu egin baititu. Orain, krisi horiei erantzuteko pausoak alde batera edo bestera emango ditugun da galdera. Ez dago erdibiderik, etorkizuna ez baita iragana bezalakoa izango. Pausoen norabidean, ordea, eragin dezakegu kolektiboki.

Gizakiak gelditu gara. Baina munduak biraka jarraitu du. Guri baimenik eskatu gabe. Ahaztuta genuela zirudien arren, natura ez baita gurea, gu geu gara naturaren parte. Etorkizuna denontzat izango bada, naturarekin berradiskidetu behar dugu. Bere mugak gure eginez. Bizirik auteko etengabe hazi behar duen sistema ekonomikoa ez baita bateragarria mugatutako planetarekin.

Ekonomia berrantolatzea tokatzen da orain. Edo, hobeto esanda, ekonomia bizitzarako antolatzea. Oinarrizko beharrak asetzeko, gure eredu produktiboa eraldatu behar dugu ekologikoki jasangarriak eta sozialki baliagarriak diren produktu eta zerbitzuak sor ditzan. Sortutako aberastasuna zuzen banatzeko, banaketa politikak eta birbanaketa bultzatu behar ditugu. Bakoitzak bere ahalmenaren arabera, bakoitzari bere beharren arabera proposamen eraldatzailea oinarri izango duen eredu ekonomikoa behar dugu.

Eta nork ordainduko du krisi honen faktura, galdetuko du baten batek. Ez behintzat 2008ko krisiaren kostua gure gain hartu genuen langileok. Gehien dutenei gehiago eskatuz egin behar diogu aurre krisiari. Aberatsei, bankuei eta enpresa handiei zergak igoz eta zerga iruzurra zailtzeko kontrolak handituz. Pandemiaren osteko mobilizazio zikloa norabide horretan kokatu behar dugu, aurrez baliagarriak izan diren erantzun antolaturako espazio kolektiboak indartuz.

Koronabirusaren osteko ekonomia berrabiarazteko, sektore publikoa, ekonomia sozial eraldatzailea eta herri ekonomiaren arteko itun zabala ezinbestekoa da, lurraldetutako ekonomia sareak eraikitzen hasteko. Gure eredu sozioekonomikoa denon bizitzak posible egin ditzan antolatzen hasteko. Bide horretan, eskualdeka, estrategiak adostu eta planifikaziorako mahaiak sortzea proposatzen dugu. Euren artean sare gisa koordinatuko diren mahaiak. Horretarako tresna kooperatiboetan sakondu eta berriak sortu beharko ditugu, burujabetzak modu sistemikoan garatuz, herri ikuspegiz.

Elkarren arteko beharra inoiz baino handiagoa da. Hori aintzat hartuta sortu genuen Olatukoopen Krisiari Erantzuteko Elkartasun Mahaia. Sareko enpresa komunitarioen egoeraren diagnostikoa egin, informazioa gardentasunez partekatu eta zailtasunei aurre egiteko tresna kolektiboak sortzeko.

Hala nola, likidezia arazoei aurre egiteko funts mankomunatua. Interkooperazio eta mutualismo tresna gehiago ere sortu beharko ditugu, agerian geratu dira beharrak, eta tresnak sortu eta indartzeko garaia da.

Herrikideak eta langileak zaintzeko gai ez den jendarteak ez du etorkizunik. Eta lehendik gure artean zegoen zaintzen krisia (emakumeek eta sektore prekarizatuek pairatzen zutena, bereziki) agendaren lehen lerroan kokatu da. Merkatuek krisiari erantzuteko ezintasunaren aurrean, irtenbidea publikoa, kooperatiboa eta komunitarioa beharko du izan, familien (eta beraz bertan ematen diren botere harremanen) gain soilik erori ez dadin beste behin ere. Eta horretarako praktika berriak, eguneroko bihurtzea dagokigu, zaintza sareak iraunkortzea, bide horretan ekarpena egin asmoz argitaratu dugu Zaintza Dekalogoa.

Mundu berri bat eraikitzea tokatu zaigu, denoi. Ekonomia Sozial Eraldatzaileko enpresa komunitario eta langile burujabeak prest gaude etorkizunari heltzeko. Etorkizuna guztiontzat izan dadin, ekonomia bizitzarako antolatzen jarraitzeko. Planetaren mugak aintzat hartuz eta proiektuen bizigarritasuna erdigunean kokatuz. Bakoitzaren onena emateko garaia da. Orain arte gehien sufritu dutenei etorkizun duin bat eskaintzekoa. Krisi honetan guztion bizitzen alde lan egin dutenei eskertzekoa. Bidea urratzekoa. Bizitza bizigarriak denontzat posible egitekoa. Etxean gaude, baina ez geldirik eta pausoak ematen jarraituko dugu. Atzera ez egiteko modu bakarra aurrera egitea delako.

Gora langileon elkartasuna! Gora Maiatzaren Lehena!

Idazkia honako hauek ere sinatu dute: Miren Prieto Lopez, Enara Iruretagoiena Dominguez, Nerea Elias Mujika, Gorka Julio Hurtado, BeƱat Irasuegi Ibarra eta Andoni Mikelarena Urdangarinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.