Europar funtsak, ez betikoak aberasteko

Iñaki Moreno Sueskun eta June San Millan Garcia
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta argiago duguCOVID-19aren sindemiaren kudeaketak osasun-kudeaketatik harago doazen interesei erantzuten diela. Estrategikoki nekazaritzako elikagaien multinazionalen eta motorraren interesak indartu nahi dira, obra publiko handiak egiten dituzten enpresenak, teknologia berrienak... Bide hori bultzatzen dute elite ekonomikoek Europan eta Espainiako estatuan, eta haztegi ezin hobea aurkitzen dute Nafarroako Gobernuak baliabideen hazkunde desarrollista urratzailearen alde duen obsesioan. Bitartean, gobernu horiek ez dute inolako ardurarik erakusten egungo krisia aprobetxatzeko, lan duinaren sorrera sustatzeko, lanaren eta aberastasunaren banaketa birplanteatzeko, zaintza-lana aitortzeko, osasun-sistema eta sistema soziosanitarioa konpontzeko, enpresen deslokalizazioari aurre egiteko, industria farmazeutiko publikoaren gabeziari heltzeko, enpresetan porrot egin duen prebentzio-sistemari, etab.

Egungo Nafarroako Gobernuak aurreko gobernuen logika desarrollista berean dihardu, pandemian azaleratu diren desberdintasun sozialak sortutako gabezia larri eta kronikoak konpontzeko beharrezkoak diren aldaketak sustatu gabe. Beraz, oinarrizko zerbitzu publikoak indartzearen aldeko apusturik egin gabe jarraitzen dute, energia, etxebizitza edo banka bezalako eremu estrategikoen kudeaketa publikoa berreskuratu gabe, elikagaiak ekoizteko eta kontsumitzeko sistema hurbilaren, osasungarriaren eta ingurumena errespetatzen duenaren aldeko apusturik egin gabe... Hala erakutsi digute Nafarroa Suspertu planarekin, 2021erako aurrekontuetan eta gaur egun Next Generation Europako funtsak eskatzeko proiektuetan.

Teorian, trantsizio ekologiko eta soziala bermatzeko funtsak dira, baina praktikan gutxi dute norabide horretatik. Hori frogatzeko, alde batetik, laguntzen baldintzapekotasuna daukagu, bai zor gehiago sortzen duten mailegu gisa, bai EBk kontraprestazio gisa eskatutako erreforma politikoei lotutako zuzeneko finantzaketa gisa. Adibidez, pentsio publikoen zenbatekoa jaistea edo Espainiako Gobernuak lan-erreformaren indargabetzea blokeatzea. Egoera honek, 2008ko krisia eta garai hartan ezarritako eta oraindik konpondu ez ditugun austeritate-errezetak gogorarazten dizkigu.

Baina ez hori bakarrik; Europako Batzordeak erregulazio autonomikoaren zatiketa konpon dezan eskatu dio gobernuari, gizarte eta lan politiken birzentralizazioari ateak irekiz.

Bestalde, funtsen bigarren printzipio gidariak hazkunde ekonomikoaren kontakizun zaharra darabil, biztanleria osoaren ongizatearekin parekatuz. Eta hazkunde hori «berritzeko eta ekonomiaren bultzatzaile izateko gaitasun nahikoa dutenek» baino ezin dute zuzendu, hau da, multinazionalek eta enpresa handiek, Nafarroan dagoeneko izen-abizenak dituztenak.

Kontakizun hori funts publikoen transferentzia justifikatzeko erabiltzen dute, gehienetan langileek urteetan sortutako errentetatik enpresa pribatuetara bideratuz, langile-klasearen eta jendartearen behar oinarrizkoenen gainetik. Gurpil kapitalista geldi ez dadin; estraktibismoa eta lankidetza publiko-pribatua distira betean. Eliteak mozorro berde batekin berrosatzen ari dira, jendartearen gehiengoaren ongizatea bermatzeko helbururik gabe jarraitzen duena.

Geure buruari galdetzen diogu...Zer da ekologikoa AHTan, Nafarroako Ubidearen II. fasean, errepide bidezko garraioaren alde egiten jarraitzean? Plangintzarik eta ingurumen kriteriorik gabeko eguzki eta haize parkeak, nekazaritza eta abeltzaintzako makro-aziendak, meatzaritza eta industria proiektu... jasangarriak?

Honen guztiaren funtsa argi, erabakiak hartzeko modua ere bai. Gardentasun falta bere gordinenean. Eztabaida soziala saihesten da, herritar guztiak eta erakunde sozial eta sindikalak kanpoan utzita. Eskubide Sozialen Kartan politika publikoei buruz aldarrikatzen dugunaren kontrakoa hain zuzen ere: pertsonei eskubide sozialak bermatzea kapitalaren zekenkeriaren gainetik, eta parte-hartzea eta burujabetza erabakiak hartzerako orduan.

Premiazkoa eta beharrezkoa da murrizketak eta politika antisozialak egitera baldintzatuta dauden funts horiek baztertzea. Ez dugu desberdintasunaren politika kapitalistetan sakontzera behartuko gaituen dirurik nahi. Une hau aprobetxatu behar dugu jendarte osoak zein eredu produktibo eta lan erreproduktibo, zaintza lan, nahi dugun erabakitzeko. Ekonomia gehiengoaren zerbitzura jartzeko.

Erabil dezagun une hau pertsonei bizitza duina bermatuko dieten aldaketak sustatzeko behar ditugun mekanismoetan aurrera egiteko: zerga-erreforma sakon eta progresibo bat, non daukatenek gehien ordaintzen duten, gobernuei hori gauzatzeko borondatea eta erantzukizuna exijituz.

Garaiz gabiltza birsortze kapitalista berri hau agerian uzteko, zurikeria berdez mozorrotuagatik, eta gehiengo sozialak sortzeko, kolektibo zaurgarrien eta gehiengo sozialen interesak eta beharrak erdigunean jartzeko eta eredu burujabe, sozialki justu eta benetan jasangarri baterantz eramango gaituen proposamen bat egituratzeko. Nafarroako Parlamentuko alderdi politikoek urrezko aukera dute oraindik Madrilen egindako bozketan funts horiek kudeatzeko atea ireki zutenean, ikusi genuen jarrera ulertezina zuzentzeko. Txibiteren exekutiboak proiektuen kudeaketan duen okultismoaren aurrean ordena jar dezakete, eta jarri behar dute, baita aurkeztutako proiektuekelite ekonomikoen interesekiko duten afinitatea zuzendu ere.

Azkenik, Administrazioak pandemiaren kudeaketan dituen politiken aurrean gero eta noraez autoritarioagoa duenez, beharrezkoa da askatasunak indartzea eta diktadura frankistan ainguratutako estatu aparatua iraultzea,epaileen eta Estatuko segurtasun indarren jarduera onartezinek sarritan erakusten duten bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.