Jauzi berri bat Ipar Euskal Herriko prozesuan

Saroia Galarraga eta Xabi Larralde
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Nazio kongresuaren atarian, azken hilabeteetan Ipar Euskal Herriko Sorturen militantzia barne eztabaida batean murgildu da.Bilanaren atalarekin egin dugun moduan, ondoko urteen perspektibaz zenbait gogoeta partekatu nahi genituzke.

XXI. mende honetan, ezker abertzalearen helburu estrategikoek independentzia eta sozialismoa izaten jarraitzen dute. Helburu estrategikoekin batera, ezker abertzalearen betiko DNAaren oinarrizko ezaugarria, nazio askapen prozesuaren kontzepzioan finkatzen da. Horri begira, Argalak gauzak oso ongi kokatu zituen bere garaian: «Ez ETAk, ez Herri Batasunak, ez KASek, ezta ere indartsuena den erakunde batek herri langilearen arazoak ez ditzakete konpondu. Herri langileak soilik bere arazoak konpondu ditzake». Nazio askapen prozesu baten pausu garrantzitsuak herriaren indarrez, eta herriaren aktibaziotik irabazten dira.

Tontorra non daukagun eta jorratu beharreko bidearen kokapena zein den argi dugu. Zein dira orain, nazio askapen prozesuaren gailurrera iristeko markatzen ditugun «oinarrizko kanpamentuak»? Sorturen aitzineko nazio kongresuan, perspektiba nazionala atxikiz, ikuspegi konfederal baten alde kokatu genuen gure burua, Euskal Herriko egungo hiru eremu administratiboei (EAE, Nafarroa, Ipar Euskal Herria) egokituak zaizkien lan eskemak zehaztuz. Autodeterminazio prozesu bat hiru fase nagusietan garatzen da: auto-afirmazioa, auto-eraketa eta autodeterminazioa. Ipar Euskal Herrian, Herri Elkargoaren sortzearekin lurraldetasunaren aitortza finkatzea erdietsi dugu. Pausu ttikia, baina kualitatiboki inportantea, auto-afirmazio etapa batetik auto-eraketa etapa batean kokatu gaituelako.

Ondoko fase politikoaren helburu orokorra auto-eraketa etapa horretan sakontzea izan behar da, Herri Elkargoaren mailan estankatzea ekidinez. Herri Elkargoaren kudeaketa edo botere hartzearen helburutik haratago, koadro honen gainditzea bilatu behar dugu. Horri begira, Iparraldearentzat ondoko urrats kualitatiboa estatus berezi bat lortzea izan daiteke, jakinik estatus «bereziaren» kalifikazio horren peko koadro instituzionalak askotarikoak direla. Adibidez, autodeterminazio eskubidea erdietsia duen Kanakiaren autonomia, estatus bereziko lurralde kolektibitatea da.

Fase hori jorratzeko indargunerik garrantzitsuena gure herriak daukan aktibaziorako gaitasuna da. Azken urteetan, Ipar Euskal Herrian horren irudikapena izan dugu hainbat arlotan: aitortza instituzionalaren alde, presoen alde, euskararen alde, eskubide sozialen alde, laborantzaren alde... Baina, herriaren aktibazioak estatuarekilako konfrontazioari begira beharrezkoa duen indar harremana osatzeko, gure ustez, ezkerreko abertzaletasunak gehiengo baten artikulazioan segitzeko xedez eskaintza bikoitza landu beharko luke.

Alde batetik, mobilizaziorako «Herri Agenda» berritu bat, estatus politikoaren aldaketa jomugan, Paris mugiaraztea helburu lukeena. Hortaz, oroitarazi behar da Iparraldeko jendarteak ez duela Herri Elkargo bat eskatu, baizik eta, estatus bereziko Lurralde Kolektibitate bat. Estatus aldaketa irabaztekotan, borroka ezberdinen emaitza izanen da. Baina horrek, ezinbestean, indar metaketa zabal eta anitza eskatzen du abertzaletasunetik haraindikoa, Herri gisa jokatzeko. Hori dela eta, «Herri Agenda» berri baten ideia honela esplizitatu genezake: estatus aldaketaren aldarri komunaren aterkipean gauzatuko litzatekeen borroken osagarritasun esparru antolatu bat bezala.

Bestalde, batetik, herrigintzarako ibilbide orri berritu bat marraztu beharko genuke. Iparraldean, nihundiko koadro instituzionalik gabe urte luzez egon garelako, hainbat alorretan gure tresna propioak eraikitzera behartuak izan gara: ekonomian, hezkuntzan, laborantzan, kulturan... Herri ikuspegi batetik, auto-antolakuntzarako gaitasun hori kapital gaitza da, eta fase berria aldaketa fase gisa ezaugarritzen badugu, helduleku garrantzitsua izan daitekeela deritzogu. Are gehiago, bultzatu ditugun herrigintza ekimenak neoliberalismoaren logikak gainditu nahi dituzten jendarte sektore geroz eta zabalagoentzat alternatiba ulergarri eta erakargarri baten osagaiak bilakatzen ari direlarik.

Ororen buru, gure gogoetatik perspektiba argi bat agerian gelditzen zaigu: ondoko urteetan Ipar Euskal Herrian jauzi berri bat egiteko aukera ederrak ditugu. Perspektiba horri gogoz eta indarrez heldu nahi diogu, ezkerreko abertzaletasunaren sentsibilitate guziekin batera eskatzen duen mugimendu abertzale sendo eta indarberritua eraikitzen jarraikiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.