Xabier Landabidea Urresti.

Ausar gaitezen

2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Garai ilunak bizi ditugu, autoritarismo, diktadura eta faxismoaren ezaugarririk behinenak ustezko demokrazia formaletan ohiko egitera ohitu gaituztenak. Ezaguna da formula: bidegabekeria instituzionalizatua, bortxakeria militar eta polizial etengabea, oinarri eta justifikazio zientifikorik gabeko neurriak obedientzia exijituz... Kapitalismo berantiarra deitu diogu, eta gizakiaren moldagarritasunari esker, eta moldagarritasunaren erruz, honetara ere ohitu egin gara.

Baina aldi berean inoiz baino informazio gehiago daukagu, sekula baino sarbide handiagoa giza jakintzen ozeanora. Honetara ere ohitu garen arren informazioaren teknologia harrigarriak daramatzagu aldean, mundu zabalera eta giza jakintzetara konektatzeko gaitasuna dutenak. Elkarrizketa eta eztabaida librerako gune burujabeak sortzeko erabili ditugun teknologiak, gero eta esku gutxiagotan dauden hedabide ofizialen kontroletik kanpoko iritziak eta hausnarketak aurkitu eta partekatzeko.

Behar bada ez zuten espero gai izango ginenik. Herabe baina aurrera, elkarrekin aurrera egingo genuenik. Ez zuten espero hainbeste izango ginenik puntuak lotzen hasi eta botereari maskara kentzen hasiko ginenak. Whatsapp eta Telegram taldeetan, Yandex edo Rumble zerbitzarietan, bideozentsurari aurre egiteko. Apurka-apurka sareak sortuz, datuak bilduz, aditu fidagarri eta kritikoak identifikatuz, kontzentrazioak eta hitzaldiak antolatuz, xume baina tinko erresistentzia antolatuz...

Hemengo honek argazkietako eskuen keinuak aztertu zituen; ehunka, milaka argazki alderatuz. Horrek prentsaurrekoak ematen ziren gelen tenperatura neurtu zuen, kamerari lanetan zebilela profitatuz. Beste batek ahots ustez autoritatedun hauen doinu txistukarian jarri zuen arreta. Azken hark bi kontinenteetako lagunekin hitz egiten zuen, ingelesez edo espainieraz edo frantsesez edo portugesez, ahal zen moduan, lur urrunagoetan gertatzen ari zenaren berri izateko, telebista pantailek errepikatzen zituzten sehaska-kantez eta zentsuraren burdinazko harresiaz haratago.

Horrela ulertu genuen. Susmoak destilatzen joan ginen, tantaz tanta, engainuaren azpiko egia leunki azaleratuz. Instintuz bagenekiena arrazoiaren argipean aztertu ahal izan genuen. Eskuak. Aurpegiak. Begiak. Ahotsak. Ahots horiek. Gelako tenperatura beti hain altu horiek. Ezinezkoa zen, pentsaezina ia, baina aurrez aurre zegoen froga. Agintari gorbatadun eta takoidun horien guztien irribarreen atzean ezkutatzen zena aurkitu genuen. Gure baitan zegoen dagoeneko egia, baina urteetako kondizionamenduak zail egiten zigun gure buruei, zer esanik ez hurkoari, egia izugarri hori onartzea.

Isiltzea jada ez da aukera bat baina. Iritsi da esnatu eta altxatzeko ordua. Zutik eta beldurrik gabe, ausar gaitezen egia esatera: lehendakari eta presidenteak, elektrika, gas konpainia eta telekomunikazio enpresa erraldoietako administrazio kontseiluetako idazkari eta goi-karguak ez dira gizakiak. Draco, Sirius eta Orion konstelazioetatik etorritako narrasti-izakiak dira. Narrastiarrak. Antzinaroan gure arbasoen DNA manipulatuz eta narrasti eta gizakien arteko hibridoak sortuz hasi zuten aspaldi haien plana, eta ia-erabatekoa da haien kontrola. Bankuak, hedabideak, armadak eta gobernuak kontrolatzen dituzte txotxongiloak nola. Haien esanetara dituzte bai hibridoak baita gizaki kolaboratzaileak ere. Haien helburua betetzear daude, horrenbeste mende eta gero.

Geroz eta gehiago gara haien benetako izaera ezagutzen dugunok. Interneten bidez elkarrekin harremanetan jarri gara, mizelioa hedatuz, hizkuntza, ideologia, jatorri eta klase sozialaz haratago justizia eta egia aldarrikatzeko prest gauden herritarrak. Ezker, eskuin, goi, behe... etiketarik gabe.

Zergatik daramatza betaurrekoak Etxegaraik bere begi-nini bertikalak estaltzeko ez bada? Zergatik ez du inoiz irribarrerik egiten IƱigo Urkulluk? Bere DNA mitokondrialean kodetutako narrasti-geneak agerian geldituko liratekeelako bere hortz zorrotzak erakusterakoan. Zergatik janzten da gorriz Maria Txibite? Narrasti-inperioaren kolore ofiziala delako, N?ga dinastiaren erakusgarria.

Dena zegoen hor, denon bistara. Puntuak lotzea baino ez zitzaigun falta. Errege-erreginak biluzik daude, eta ezkataz beteta.

***

Irakurlea honezkero konturatuko zen bezala, esperimentua izan da artikulu hau. Salaketa-fikzio ariketa bat. Lekuz kanpokoa behar bada (eta hala bada barkatu). Baina zoritxarrez milioika dira Ameriketako Estatu Batuetan narrasti-gizakien inbasio isilean sinesten duten pertsonak. Inoiz baino errazagoa da, informazioaren saturazioaren aroan, erretorika matxino eta estetika kritiko baten atzean eta azpian konspiraziorik deliranteenak sartzea eta fede hermetikoenarekin defendatzea. Gezurrak, birusek nola, geu behar gaitu bizi eta zabaltzeko. Eta zabaltzen ari dira. Zabaltzen ari gara.

Ausar gaitezen gezurrari gezur deitzen, horretarako tresnak ditugun artean. Bestela, laster ikuskizuna eta bandoak, ez zaigu besterik geldituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.