Koronabirusa klima larrialdiarekin dantzan

Unai Pascual - Ingurumen ekonomiako doktorea

2020ko martxoak 19

Bat-batean, klima larrialditik osasun larrialdi batera pasatu gara. Dirudi diot, irudipen bat besterik ez delako. Bata zein bestea gurean izan dira eta izango dira luzaroan. Koronabirusa mundu mailan sortzen ari den arazoa larria izanik, osasun krisialdi honetaz gain, hainbat osasun egoera larri pairatzen ditu munduak. Adibidez, urtero munduan lau eta bost milioi pertsona artean hiltzen dira airearen kutsadura dela medio (urtero munduan hildakoen %9 inguru), hainbeste aipatzen ari garen Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Horrek ere osasun larrialdi beharko luke, ez da hala? Agian, kutsaduraren eraginez jendea herri azpigaratuetan garatuetan baino 100 bider gehiago hiltzen delako ez da larrialdi hitza erabiliko; urrunean gertatzen diren milioika hildako horiek sistema ekonomikoaren galera kolateralak omen dira.

Bat-batean, Covid-19arengatik klimaren egoeraz ezer gutxi diote orain komunikabideek zein politikariek. Egun hauetan larrialdi bat izatearen efektua zein izan daitekeen ikusten ari gara. Denok ongi aski sumatu ditugu jadanik zer-nolako efektuak dakartzan koronabirusarengatik larrialdi egoera ezartzeak, ez bakarrik osasunean, baizik eta gizarteko esparru gehienetan. Bada koronabirusaren egoerak klimari onurak ekarriko dizkiola esaten duenik. Egia da aurten CO2 emisioek nahi eta nahi ez beherako jokaera izango dutela. Egungo sistema ekonomikoa kontsumoan eta mugikortasunean oinarritzen da, hein handi batean, eta ekonomiaren metabolismoa gidatzen duten bi aldagai horiek slowdown egoeran daude. Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen aurreikuspenen arabera, munduan batez besteko hazkuntza ekonomikoa %1,5 izango da (iaz %3 inguru izan zen). Barne produktu gordinaren hazkuntzaren jaitsiera horrek CO2 emisioetan %1,2ko jaitsiera ekar lezake, adituen arabera. Baina, Covid-19ak eragindako krisiaren ondoren, zer gertatuko da ekonomiarekin? Hazkuntza ekonomikoa errekuperatuko al da? Galdera horri erantzuna bilatzeko, 2008ko munduko finantza krisian (MFK) gertatu zenari erreparatu diezaiokegu.

2008ko krisiaren eraginez, 2009an munduko BPGaren batez besteko hazkuntza negatiboa izan zen (-%2). Horrek mundu mailan CO2 emisioak aurreko urteekin konparatuz ez haztea ekarri zuen (herrialde garatuetan emisioek nabarmen behera egin bazuten ere, Euskal Herrian kasurako, beste herrialde batzuetan, Txinan kasurako, oso nabarmenki berpiztu ziren). 2010ean jadanik emisio globalek %5 baino gehiago egin zuten gora, gobernuek hazkuntza ekonomikoa sustatzeko estimulu fiskal erraldoiak erabili baitzituzten. Beraz, errebote efektua izan zuten emisioek mundu mailan, 2008-2010 bitartean epe luzeko batez besteko igoera baino handiagoa izan zutelarik.

Behin koronabirusaren larrialdia kontrolpean izanda, antzeko errebote efektua errepikatu daitekeela uste dut, batez ere elite ekonomiko eta politikoak kontsumo eta ekoizpen gosez izango direlako eta erregai fosilak oraindik ugariak izanda. Ikusteko dago, era berean, Europan Green New Deal-ek zein efektu izango duen ataka honetan. Egoera berriak aurten indarrean sartzen den Parisko akordioa larriki zauritu lezake.

Badira positibotzat jo ditzakegun zenbait gauza ere. Adibidez, jende asko fisikoki lanera joan gabe etxetik telematikoki lan egin daitekeela jabetzen ari da dagoeneko, eta lan egiteko modu horiek hobetzeko presioa areagotuko dela uste dut. Horrek emisioetan eragin positiboa ere izan lezake epe luzera begira. Bestalde, ziur aski jende asko konturatuko da kontsumismoak dakarren bizimoduak ez duela zentzu handirik, eta gauza gutxiago kontsumituz, denbora hobeto erabiltzeko aukera baliatu dezakegula aisialdi eredu jasangarriagoak berreskuratuz eta berrasmatuz. Azkenik, hegazkinen negozioa agian ez da epe ertainean errekuperatuko, eta, gaur-gaurkoz, hegazkinen erabilerak munduko emisioen %2,5 sortzen dituela ikusirik, emisio horien gorakada kontrolatzeko aukera ireki daiteke epe laburrean (hogei urte barru 48.000 hegazkinek gure zerua zeharkatuko zutela aurreikusten zen Covid-19a gurean izan baino zertxobait lehenago).

Datu horietatik aparte, bada kontuan hartu beharreko beste gauza garrantzitsu bat. Egoerak lidergo politikoa gainditzen duenean, muturreko erabakiak justifikatu ahal izateko zientziaren aterkiaren azpian babesten dira. Aginte politikoak zientzia serioski aintzat hartu izana ospatu beharko genuke. Epidemiari aurre egiteko zientzialari askok oraingo neurri zorrotzak beharrezkoak direla diotenean, gizarteak ahots horiek ez ditu ezbaian jartzen, eta zientzialariak beraien artean honelako egoera larrietan mokoka ibiltzea ez dute gustuko. Baina badut susmo bat: epidemiologoek ez dituztela beraien ekipoetan gizarte zientzietatik erator daitezkeen hausnarketak kontuan hartzen, agian, urgentziak eraginda, hausnarketa gehigarri horiek bigarren mailakoak direla uste baitute. Orain arte ez dut komunikabideetan gizarte zientzietatik datorren hausnarketa nahikorik entzun epidemia kontrolatzeko neurriek gizartean zein efektu zabalago izan ditzaketen adieraziz, ez eta halako pandemiak gertatzeko globalizazio prozesuekin lotuta dauden baldintza politikoak zein ekonomikoak zeintzuk diren azalduz ere. Larrialdiaren izenean zientzia mota batek diskurtsoa hainbeste dominatzea arriskutsua dela deritzot, pentsamolde eta erabaki markoa gehiegi estutu daitezkeelako.

Klimaren eta koronabirusaren krisiek gizarte hiperglobalizatu batean sistema kapitalistaren ahuldadeak ikusarazteko balio dute. Biak dira arazo globalak, eta biek dute edozein pertsonarengan eragin zuzenekoak zein zeharkakoak sortzeko ahalmen handia. Biek adierazten dute gizartean batzuk beste batzuk baino hobeto prestatuta daudela arazoei aurre egiteko, esaterako, bai teknologia aldetik eta bai balio kolektiboen aldetik herrialdeek ezberdintasun nabarmenak dituztelako. Azkenik, biek ala biek erakusten dute sektore publiko indartsua behar dela krisi konplexuei aurre egiteko. Ekonomia pribatuaren eraginkortasunaren diskurtsoa kinka larrian jartzen da klima edo koronabirusaren ispiluan jartzen bagara. Erabili dezagun aukera hau klima krisiari hobeto aurre egiteko irakaspenak sortzeko.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Bi erizain, Galdakaoko ospitalean (Bizkaia) maiatzaren 6an, 55 egun gaixorik zeramatzan gizon bat sendatu zela ospatzen. ©ANDONI LUBAKI / FOKU

Koronabirusaren lehen kolpea Euskal Herrian: 2.152 hildako lau hilabetean

Mikel P. Ansa

Martxoaren 1etik ekainaren 30era, lau hilabete. Neguaren azken hondarra, eta udaberri guztia. Koronabirusaren pandemiak hankaz gora jarri du Euskal Herria, eta bizimoduak astindu ditu. Pandemiaren lehen olatuaren balantzea egin du BERRIAk, hamazazpi grafiko eta hamazazpi galdera hauekin.

Beste 11 positibo zenbatu dituzte Ordiziako agerraldiarekin zerikusia dutenak

Beste 11 positibo zenbatu dituzte Ordiziako agerraldiarekin zerikusia dutenak

Arantxa Iraola

Denera 69 kasu dagozkio positibo multzo horri, eta 31 Tuterakoari.

Gasteizko Mendizorrotza igerilekuak pandemia garaiko udarako prestatzen. Irudian, langile bat belardian markak egiten. ©Raul Bogajo / Foku

Positibo bat Gasteizko gimnasio batean, eta beste bat Baionako erietxe batean

Edu Lartzanguren

Baionako Belharra erietxean kasu bat topatu dute, eta ikerketa zabal bat jarri dute martxan jatorria argitzeko. Zirujau bat kanpoan kutsatu dela uste dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna