Etengabeko Nakbaren normalizazioaren aurka

Ester Muñoz Nogal
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Urtero, maiatzaren 15ean, Palestinako Nakba eguna gogoratzen dugu (hondamendia, arabieraz). Hala, egun horretan gogora ekartzen dugu mugimendu sionistak palestinarren garbiketa etnikoa hasi zuela, 1948an Israelgo Estatua sortzeko. 750.000 - 800.000 palestinar inguru bortxaz kanporatuta sortu zen Israelgo Estatua; horrekin batera, 418 eta 615 herri artean suntsitu zituzten, sarraski ugari egin (esaterako, Deir Yasine-koa), palestinarren jabetzak konfiskatu zituzten, hiri eta herrien izenak aldatu, eta, are gehiago, bertakoez bestelako landare-espezie berriak sartu zituzten. Lehenago bertan palestinar hiriak, herriak, landa eta etxeak zeudela ezkutatzeko egin zuten hori guztia. Han Palestina existitu zela ezkutatzeko. Hori guztia, inperialismoaren aliatu nagusietako bat Ekialde Hurbilean egotea legitimatzeko.

Estatu sionistaren sorrera ez zenposible izango potentzia inperialen (Erresuma Batua, adibidez) eta Nazio Batuen Erakunde sortu berriaren laguntzarik gabe. Gaur egun ere, Estatu sionista potentzia inperialista nagusien (AEBen edota Europako Batasunaren) konplizitate esplizituaren mende dago oraindik, inpunitate osoa aitortzen diotenak nazioarteko legedia etengabe urratzen duen arren.

Negoziazio-prozesuek, hala nola Osloko akordioetako ustezko bake-prozesuak, proiektu sionista hedatzeko baino ez dute balio izan. Izan ere, berriro ere, etengabeko Nakba egiten ari dira palestinarren aurka, apartheida betikotuz, lurraldeak okupatuz, palestinarrak kanporatuz, jazarriz, erreprimituz eta hilez.

Honaino datuak, historia eta gertakariak. Denok ondo baino hobeto ezagutzen ditugun datuak eta urtero legez gogora ekartzen ditugunak. Urtero legez idatzi bezain laster tripak nahasi zaizkit.

Testu hau prestatu bitartean, palestinar herriarekiko elkartasun zintzoak gure borrokarentzako duen garrantzia helarazteko zehazki zein hitz aukeratu pentsatzen dut. Instituzio liberalen mugetatik harago doan benetako elkartasuna. Txio eta titularretatik harago doan elkartasuna. Testu hau prestatu bitartean, Israelgo autoritateak Jerusalemgo Sheikh Jarrah auzoko familia palestinarrak euren etxeetatik kanporatzen saiatzen ari dira, gerora, kolonoek okupatu ditzaten; 48ko lurraldeetan, israeldar taldeak herritar arabiarrak jipoitzen eta erasotzen ari dira, bai eta euren etxe eta saltokiak ere, palestinarrak izate hutsagatik; eta Gazan, Israelgo armada sarraskia egiten ari da, beste behin, eta jada ehun palestinarretik gora erail ditu. Berriro ere, beste behin. Eta ehundik gora diot, artikulu hau idazteko prozesuan eraildako palestinarren kopuru makabroa eguneratzen joan behar izan dudalako; argitaratzen denerako, ziur aski zaharkitua geratuko delakoan nago. Gertaera horietako bat ere ez da modu isolatuan gertatzen.

Eta hau guztia gertatzen den bitartean (Palestinaren kolonizazio eta okupazioak suposatzen duenaren zati bat besterik ez dena) nik urtero legez edo berriro ere idazten dut berriz. Gaza bonbardatzen ari dira berriz edo palestinar bat atxilotu dute berriro ere. Eta hitz horiek gero eta nazka gehiago ematen didate.

Berriro ere, haur bat erail dute beste behin. Berriz ere, euskal instituzio honek edo besteak Israelgo ordezkari bat gonbidatu du. Interneten sartu eta CAF jarri dut bilatzailean. Jerusalemen lurralde okupatuetan tranbia bat eraikitzeko proiektuarekin aurrera jarraitzen duen enpresa, palestinarren lurrak lapurtzen lagundu eta nazioarteko legedia urratzen duena. Eta albiste guztiak kontratu berriei lotutakoak direla ikusten dut. Eta ez da deus gertatzen.

Eta maila guztietako erakunde eta eragileen ehunka komunikaturekin egiten dut topo; bi aldeak hitz egitera esertzeko beharra berresten dute, zapaltzaileak eta zapalduak parekatuz. Eta oka egiteko gogoa sartzen zait.

Izan ere, herrien askapenean sinesten duen inork ezin du ez onartu, ez normalizatu, bere askapenaren alde borrokatzen duen herri baten zapalkuntza; are gutxiago, Israelgo Estatua bezalako entitate kolonial eta inperialista baten aldetik denean.

Izan ere, Palestinako herria askatzeko borroka herrien askapenerako borroka da, zapalkuntza eragiten duten inperialismoaren eta sistema kapitalistaren kontrakoa. Palestinarrak zapaltzen dituztenak hemen inolako segurtasunik gabeko bizitza prekarioetara kondenatzen gaituzten berberak dira.

Inork ez lukeelako etengabe negoziatzera eta zapaltzen duenaren eta bere herriaren suntsipena bilatzen duenaren baldintzak onartzera behartua izan beharko. Bere interes inperialistentzat erabilgarria denez, zapalkuntza mantentzen duen nazioarteko komunitateak berak behartua. Nazioarteko komunitateak eta beren jokoa sinetsi dutenek behartua.

Testu honek ezer gutxi eman dezakeela uste dut, baldin eta amorru pixka bat ateratzeko eta Palestinarekiko elkartasun internazionalista indartzeko premia dagoela aldarrikatzeko baino ez bada. Gutxienez, bertatik eskatu diguten Boikot, Desinbertsio eta Zigor kanpainarekin bat eginez, erantzun irmo, ausart eta eraginkorra emateko gai izateko eta sionismoarekin eta koloniala, inperialista eta erabat arrazista den proiektu bat normalizatzeko ahaleginarekin Euskal Herritik ematen diren konplizitate guztiei amaiera emateko.

Gainontzekorako, palestinarrengandik irakurri, entzun eta informatu zaitezte. Haiek dira afera honetan guztian axola dutenak. Haiek dira euren etxeetatik kanporatzeari uko egiten diotenak. Jazarpenari, diskriminazioari eta zapalkuntzari aurre egiten diotenak. Eta erresistentzia eta duintasun eredu horren aurrean, nork bere lubakitik, euren ondoan borrokatu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.