Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu

Leire Diaz de Gereñu Lasaga
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Halaxe izena du UEUk eta EHUko Elebilab ikerketa-taldeak elkarlanean prestatu duten ikastaroak. Bi alderdi nabarmentzen dira izenburuan: euskara eta eleaniztasuna. Bata oinarri eta bestea helburu. Alderantziz ere izan zitekeen: eleaniztasuna oinarri eta euskara helburu. Agian bai, ezta, irakurle? Erronkari nola heltzen zaion, hortxe gakoa!

Izan ere, garrantzitsuena bi berba horien artean ezartzen den harremana da. Zein joan-etorri bien artean? Elebitasunetik eleaniztasunera egin du salto euskal gizarteak, eta, ondorioz, ikerketek ere gogotsu heldu diote gaiari. Berriz, eleaniztasun hitzaren atzean hizkuntza gutxituen aurkako jarrerak ezkuta daitezke, eta beharrezkoa da (iker)lanerako oinarriak begiratzea eta irizpide nahiz helburuak argi zehaztea.

Gauzak asko aldatu dira hamarkada gutxitan. Elebitasuna kaltegarritzat jotzen zen garaian abiatu ziren gure ikerketa-taldeko lanak. Gaur egun erronka berriak aurkitzen ditugu eleaniztasunean euskarak bere lekua aurki dezan, berriak, baina aurrekoak bezain gordinak eta biziak. Edozer ez baita zilegi, ez baita irtenbide euskara bezalako hizkuntza gutxitu batentzat.

Edozelan ere, hizkuntza hegemonikoetan garatutako elebitasuna orokortu arte (adibidez gaztelania/ingelesa) ez da erabat gainditu elebitasunarekiko mesfidantza. Eta oraindik adibide asko ditugu euskaran oinarritutako eleaniztasunaren garapena oztopatzen dutenak: euskararen erabileraren hazkunde falta, euskararen hizkuntza garapenaren arazoen aurrean diagnostikorako baliabide falta, ahozkoaren irakaskuntzaren inguruko ikerketa urria, eta abar. Hala, dagoeneko elebidunak ginenak eleaniztasunaren garaietara pasa gara elebitasunaren inguruko hainbat aurreiritzi eta baliabide falta gainditu gabe. Itziar Idiazabalek dioen moduan, izan gaitezke elebidun/eleaniztunak ikusmolde elebakarrarekin. Ikerketa beharrezkoa da aipatu arlo horietan eta askoz gehiagotan, euskarari bermea eskain diezaiogun gizarte aldaketak gero eta azkarrago gertatzen diren garai hauetan.

Ikasle, irakasle, ikertzaile, teknikari eta interesa duten denei gogo biziz eskaintzen diegun ikastaro honen helburua honakoa da: 80. hamarkadatik zabaldu diren ikerketa lerroak eta haien emaitza nagusiak ezagutaraztea, gaur eguneko ikuspegitik egiten dugun gogoetarekin batera. Ez dugu dena egin, baina ahal izan den guztia bai, zinez.

Ikerketa horien guztien sustatzailea Itziar Idiazabal Gorrotxategi izan da. Atzera begiratzen dugu eta jende asko bildu gara haren inguruan, izenez aldatu baina izanari eutsi dion ikerketa-taldearen inguruan. Gure ikerketa-taldeko kideak izan direnek, egun, Euskal Herriko hainbat eta hainbat instituzio eta lan esparrutan dihardute, eta haiekin elkarlanean jarraitzen dugu. Zein ikerketa-ildo garatu ditugu guztiok ere ELEBILAB ikerketa-taldearen barruan? Horien arabera antolatu dugu ikastaroa eta esan bezala, euskara oinarri duen eleaniztasunaren inguruko ikerketei buruzko hausnarketak berebiziko lekua izango du.

Horrela, bost bloketan antolatu dugu parte hartzeko prest dagoen ororentzako eskaintza: Lehena, Irakaskuntza eleaniztuna. Bigarrena, Irakasleen Prestakuntza. Hirugarrena, Euskaldun Elebidun Goiztiarren Hiztegia Eta Gramatika. Laugarrena, Hizkuntza-Aniztasuna Munduan Eta Euskal Herrian. Bosgarrena, Ahozkoaren Didaktika Eta Diskurtsoaren Analisia. Agerikoa da ELEBILAB laborategiak garatu dituen ikerlerroen aberastasuna, garaian garaiko behar sozialei oso lotua. Izan ere, ikerketak, guk irudikatzen dugun moduan, oso lotuak daude gizartearen ongizate, behar eta balioekin.

Ikastaroan, gurekin izango ditugu Jürgen Meisel, Jean-Paul Bronckart eta Joaquim Dolz. Ez dira gure ikerketa lagundu duten atzerriko ikertzaile handi bakarrak, baina horiek dira nagusienetakoak. Maisu horien lanek ez dute bakarrik gure ikerketan eragin. Besteak beste, gaur egun helduen euskalduntzeko curriculumean, nahiz irakasle talde askok egindako formazioetan zabaldu dira haien ekarpenak. Nondik eta nola? Intriga hori duenak, ikastaro honetan aurkituko du erantzuna.

Koldo Mitxelena handiak ez zion Itziar Idiazabali alferrik esan: «Gure ikasleek zuk egiten dituzun gauza horiek ere behar dituzte». Esan eta egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.