Ereduen norgehiagoka Hego Amerikan

Maite Iturre - Politologoa. Nazioarteko harremanetan aditua

2019ko azaroak 29
Estatu kolpeek eta diktadurek markaturiko XX. mendearen amaiera aldean hasi ziren demokratizazio prozesuak Latinoamerikako herrialde gehienetan. Gerra Hotzaren bukaeraren testuinguruan, eredu ekonomiko neoliberala luze eta zabal bultzatu zen demokrazia gazte horietan Washingtongo Kontsentsua delakoari jarraiki. Ondorio ekonomikoak eta sozialak lazgarriak izan ziren nonahi. Horren aitzinean, XXI. mendearen lehen hamarkada eta erdian erregioko herrialde gehienetan erantzun aurrerakoia loratu zen. Progresismoa, burujabetasuna eta batasun latinoamerikarraren aldeko apustua ziren gobernu berri horien ezaugarri komunak. Han-hemenka eskubide zibil, ekonomiko, sozial eta kulturalen zabalkuntza nabarmena eman zen, populazioaren sektore ezberdin askoren (bereziki pobreak eta jatorrizko herriak —herri indigenak—) gizarte-inklusioa eraginez. Horren aurka tokiko oligarkiek —Eduardo Galeanok «barnerantz menperatzaile eta kanpotik menperatuak» deitzen zituen horiek— bide guztiak urratzeari ekin zioten euren hegemonia egoerarat bueltatzeko.

Horretarako, hedabideen kontzentrazioa baliatzea izan da lehen pausoa. Horrek iritzi publikoa moldatzeko duen gaitasuna oinarri, aginterat itzultzeko ahalegina egin zuten; horrela, adibidez, Argentinan 2015ean lortu egin zuten. Hautetsontziek aldekoak izan ez zituzten toki ainitzetan, aldiz, oligarkia nazionalek estatu kolpeak —batzuk porrot egindakoak (Venezuela, 2002; Bolivia, 2008; Ekuador, 2010), bertze batzuk arrakastatsuak (Honduras, 2009; Paraguai, 2012; Brasil, 2016)— bultzatu eta burutu zituzten. Estatu kolpeak, bai, zeren eta XXI. mende honetan ematen ari diren ordena konstituzionalaren haustura horiek ezin daitezke aztertu XX. mendeko tresna teorikoez. Egokitzapen kontzeptuala ezinbertzekoa da errealitate berria ulertzeko.

Izan ere, neogolpismoak ezaugarri berriak ditu. Hasteko, gizarte zibileko eragileek karrikako protesten bidez presidentearen kargugabetzea justifikatu eta legitimatzeko ezegonkortasun eta tentsio giroa sortzen dute, betiere botere taldeen agendari jarraituz. Estatu kolpe militar klasikoen gaitzespen orokortua dela eta, egun «formalitate» demokratikoa mantentzen da: horretarako, erakunde judizialek eta parlamentarioek esku hartzen dute, legezkotasun azal baten pean bermerik gabeko prozedurak aitzinera eramanez, presidentea zirkulazio politikotik ateratzea xede. Halere, agintariaren aldeko mobilizazioak ematen dira. Lehen lerroan ez, baina indar polizial eta militarrak funtsezko gertatzen dira botere exekutiboaren kontrako kolpearen arrakasta bermatzeko.

Azken hilabete honetan lehenengoz neoliberalismoa eta aurrerakoitasun subiranistaren arteko norgehiagokaren modalitate ezberdinak aldi berean ari dira ematen. Batetik, Nazioarteko Diru Funtsaren ikasle hoberena eta goraipatuena izan den Txilen, gizarte-atsekabeak punturik gorenena jo du eta karrikak etengabeko protestaz bete dira. Lehenagotik antzeko herri eztanda emana zen Ekuadorren, non ziklo aurrerakoi baten ostean neoliberalismoaren errezetetarat itzultzeak kale erantzun gogorra jaso zuen. Azken astean, Kolonbiako hainbat hiritako karrikek aldarrikapen ekonomiko eta sozialen alde borrokatzerat ateratako manifestariez gainezka egin dute, hamarkadetan ikusten ez zen bezala. Kasu guztietan, errepresio polizial eta militarra egundokoa izaten ari da, giza eskubideak urratuz eta garai ilunetako moduek bizirik dirautela agerian utziz.

Bertzetik, urriaren azken egunetako presidentetza hauteskundeek lehia politiko-ideologiko honen gorabeherak ongi erakusten dituzte. Argentinan ziklo aurrerakoia eten duen Macriren agintaldia amaierara heldu da lehen itzulian, modu kategorikoan egin ere. Betiko errezeta neoliberalak lau urtean deuseztatu ditu aurreko aroaren lorpen handiak, eta herrialdea berriz gogorki zorpetu du. Horrek eragindako ekonomia eta bizi baldintzen inboluzio latzak lehendabizi protestak sortu ditu, eta segidan hautetsontzietan aldaketa bideratzerat eraman du. Abenduaren 10ean agintea hartuko duen Alberto Fernandezek ekonomia pizteari eta inklusio soziala berreraikitzeari ekin beharko dio, baldintza zailetan.

Uruguain, askotariko eskuinak elkartu dira 2005ean hasitako ziklo aurrerakoia mozteko, abortuaren legalizazioa, kalamuaren erregulazioa eta ezkontza berdinzalea bezalako eskubideen zabalpenak ezbaian jarriz eta gastu sozialaren murrizketa iragarriz. Haien artean, Bolsonaroren kopia dirudien Manini Rios militarrak gidaturiko eskuin-muturreko alderdia ere badago. Hemen ere hedabideen kontzentrazioak lagun, amalgama eskuindarrak aurrea hartu duela dirudi, azken hitza erranda egon ez arren. Igande honetako bigarren itzulian berdinketa teknikoa izanik, azken emaitzaren iragarpena aste honen amaierarako berandutu da, eta ohiko hauteslekuetatik kanpo emandako bozen zenbaketak definituko du. Edozein dela irabazlea, tentsioa zabalduko dela aurreikusten ahal da.

Bolivian, hauteskundeen balizko irregulartasunen inguruan martxan jarritako estrategia neogolpista ez zen gelditu Evo Moralesek hauteskundeak berriro deitzeko eginiko iragarpenaren ondorioz, eta militarrei esker gauzatzea eta arrakasta izatea lortu du. Neogolpismoaren azken adibide honetan, gainera, jatorrizko herrien aurkako mendeku arrazista eta klasista sutsua bortizki piztu da. Hauteskunde berriak deitzeko berriki sinaturiko akordioak ez du kolpea desitxuratzen, baizik eta protestan den herria menperatzeko espero baino zailtasun handiagoa aurkitu dela erakusten du. Ikusteke dago egoeraren bilakaera.

Funtsean, jokoan dagoenaren inguruko hiru galderek lotzen dituzte aipatu egoera guztiak: eliteen ala herriaren mesederako eskubideen aitortza eta baliabideen banaketa? Estatu Batuekiko morrontza ala burujabetasun nazionala? Elkarren arteko konpetentzia ala erregio-elkartasuna? Erantzun aldakorrek Hego Amerikan eredu ekonomiko eta sozialen lehia puri-purian dela agerian uzten dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna