EAJ honekin ez da posible

Rafa Diez Usabiaga eta Eugenio Etxebeste 'Antton'
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun

Milaka familiatan min eta heriotza arrasto ikaragarria uzten ari da koronabirusa. Gure ekonomiaren eta kontsumo-aisiaren oinarriak astintzen ari da. Gure kasuan, nazio ikuspegitik begiratuta, berebiziko garrantzia duen erabaki bat atera du agenda politikotik, bere eragin-eremua EAEri badagokio ere. Urkullu-Ortuzarren EAJren dekantazio autonomista berriaz ari gara.

Azken garaietan, hauteskunde-ikuspegi motz eta lehiakorretik harago, pentsamendu kolektibo bat gauzatzeko beharra defendatu dugu, Euskal Herrira erdigune politiko eta soziala ekarriko lukeena eta eraldaketa sozial eta politiko baten buru izango litzatekeena. Hau da, autonomismo-amejoramendutik burujabetza-esparru batera igarotzea planteatu dugu, datozen hamarkadetako Euskal Herriaren nondik norakoak definitzeaz batera. Beharbada gehiegizko boluntarismoa genuen, baina uste genuen gatazka politikotik borroka armatua desagertu ondoren, herri honek lubaki jakin batzuk gaindi zitzakeela, eta eremu abertzaletik lidergo partekatuak eratzeko aukerak zabalduko zirela belaunaldi berrientzat. Premiazkoa zen, ez bakarrik autonomia-erkidegoaren agortzeak beste jauzi politiko bat eskatzen zuelako errekonozimendu eta burujabetza alorrean, baizik eta aldagai orokorrek (ekonomikoek, teknologikoek, balioek...) behartzen zutelako mugimendu abertzalearen profil estrategikoa birmoldatzera, gure ahultasun demografiko, ekonomiko eta kulturala kontuan hartuta.

Helburu horretan, aurreikusten genuen etorkizunean gidaritza izango zuten bi indar politiko nagusiek, EAJk eta Ezker Abertzaleak, beste oinarri, asmo eta konpromiso kolektibo batzuekin begiratzen hasi beharko zutela; biei zegokiela begirada luzeko gogoeta egitea. Izan ere, egoera hartan, autonomismoa politikoki agortuta zegoela eta Espainiako Estatuan inboluzio-joera handiak indartzen ari zirela kontuan hartuta, funtsezkoa zen energia ekonomiko, sozial eta kulturalak artikulatzea. Maltzaga politikoa abian jartzeko aukera aurreikusi genuen: herri honentzako helburuak partekatzeko aukera genuen eta horretan murgiltzea zegokigun; proposamen ekonomiko, sozial eta kulturalak ezartzea zegokigun, euskal-nafar estatuaren egiturak eratzen hasteaz batera. Gainera, hau guztia bagenuen: erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu sozial anitza; sindikalismo abertzalea lidergo sozialarekin; belaunaldi berriak feminismo, ekologismo, euskara eta kulturaren aldeko borrokan antolatuta; ahalmen handiko adimen indibidualak… eta funtsezkoa zen, beraz, helburu eta konpromiso partekatuak eskaini eta elkarren arteko artikulazioa gauzatzea.

Baina, ezker abertzalearen aldaketa estrategikoaren eta ETAren erabakien ondoren, EAJk bere hegemoniaren aurkako mehatxu gisa hartu zituen indar korrelazio berria eta aldaketa instituzionalak. Ondorioz, independentismoak irabazitako espazio instituzionalak (Gipuzkoa, Donostia) desegonkortzea helburu, ez zuen zalantzarik egin bere indarra PPrekin eta PSErekin batzeko, ilegalizazioez baliatuta Ajuria-Enetik kanporatu zuten indar berberekin. Jazarpen eta eraispen politika horrek, azken batean, Ibarretxek utzitako herentziaren eta haren estatutu politikoaren inguruan estrategia espekulatibo eta inbolutiboa ekarri zituen. Hau da, indar-korrelazio berritua estatus politiko berria sustatzeko baliatu beharrean –Urkulluren konpromisoa 2012an–, lehendakariak eta bere alderdiak lehentasun gisa jarri zituzten alde batetik ekonomia – autogobernu/burujabetza esparrutik kanpo balego bezala–, eta bestetik ezker independentista higatzea, Madrilekiko edozein konfrontazio alboratuz esparru autonomikoa gainditzeari dagokionean. Ez zen momentua! Eta bi legealdi hauetan ikusi dugu inoiz ez dela momentua EAJ honentzat.

Geldialdi hori Ibarretxe Planaren amaieraren hasiera izan zen. Alderdi jeltzalea gero eta erosoago murgilduko zen zeharkakotasunean –Ardanzaren garaiko Arriagaren espiritura itzulita –, beti-beti txandako alderdi unionistak hipotekatuta.

2015eko hauteskundeen ostean, jeltzaleek botere instituzionala berreskuratuta, oraindik ere bazegoen itxaropenen bat esparru abertzalearen egituratze soziopolitiko horren inguruan, Gure Esku Dago mugimendu sozialaren eraginagatik: akordioak egiteko dei egin zuen, Konstituzio-estatutu esparrua gainditzeko. Etapa horretan, ezker independentistak Geroa Bai-EAJren Gobernua babesten zuen Nafarroan, UPN-PSN geldiaraziz, eta Urkullu-Ortuzarrek PSE erabiltzen zuten balizko gehiengo baten alternatiba gisa.

Hauteman genuen jeltzaleen jokabidea, Estatuarekiko pultsio nazionala narkotizatzera jo zutenean, gehiengo abertzale instituzionalaren potentzialtasuna ahultzean, kontserbadurismo soziala eta prepotentzia nagusitzean haien gobernu-ekintzan eta Kataluniako gatazkan paper negargarria jokatu zutenean. Hala eta guztiz ere, ezker independentistak beste saiakera bat sustatu zuen Autogobernu Batzordearen esparruan, adosterakoan estatus bat eraikitzeko oinarri eta printzipioak, izaera laua izan beharko zutenak, autonomismoaren osteko estatus berria eraikitze aldera. Baina hori ere irudipen bat baino ez zen izan, eta adituen batzordeak, EBBk aldi baterako erabili zuen espekulaziozko-jostailuak, berretsi egin zuen EAJren zuzendaritzaren ziaboga politikoa. Horrenbestez bi indar politikoen artean lortutako akordio parlamentarioaren zutabeak birrinduta gelditu ziren: nazioaren eta subjektu politikoaren errekonozimendua, berdintasunean; erabakitzeko eskubidea; eskumen esklusiboak alor ekonomikoan, soziolaboralean, kirol alorrean… eta autogobernu osoaren blindajea, berme-sistema nagusi batekin. Ezker independentistak EBBri egindako proposamenak, egonkortasun instituzionalerako konpromisoei eta partekatutako ibilbide-orri baten definizioari lotuta, gutxietsi eta manipulatu egin zituzten –“ez dira fidatzekoak” errepikatzen zuen Ortuzarrek –, eta, horrela, beste aliatu batzuen bilaketa justifikatu nahi izan zuen berebiziko garrantziko une batean eta munta handiko gai baten inguruan. Badaezpada ere Ortuzarri gogorarazi beharko genioke 1999an EITBko zuzendari aukeratu zutenean, bere alderdiaren eta ezker abertzalearen adostasunarekin izan zela.

Batzordeak aurkeztutako proposamenak edo proposamenek EAJk PSErekin duen aliantzak utzitako hipotekan du/dute oinarrian, ezker independentistarekin edozein Maltzaga politiko baztertuta. Hau da, ekuazio argi baten alde egiten da: alde batetik, Estatutua erreformatzeko edukiak, indarrean dagoen autonomismoa gainetik pintatuz, eta bestetik PSErekin aliantza, Estatuaren jarrera bermatuko duenarekin. Dirudienez, EAJ honentzat fidagarriak diren bakarrak unionismoa, Confebask, Iberdrola eta enparauak dira; alderantziz, ezker independentista, sindikalismo abertzalea, mugimendu soziala edota Kataluniako independentismoa “soberan” gaude eta traba egiten diegu.

Erabaki hori bat dator Llotja de Mar-ko adierazpenean bere burua baztertzearekin eta duela gutxi egindako legealdi berriko akordioa berrestearekin. Erabaki horrek hautsi egiten du komunitate abertzalean zegoen kultura politikoa, balizko aliantzen ingurukoa, Lizarratik edota Txibertatik zetorrena. Egibarrek esaten duenean Ezker Abertzalearekin ezin dela akordiorik lortu, EAJren zuzendaritza zuritzen ari da, Ibarretxe Plana lurperatu duena, Gasteizen eta Madrilen estatutu-erreforma huts baten aldeko apustua egin duena. Hau da, beste koiuntura batzuetan borroka armatua existitzeagatik arrazoitzen zuten abertzaleen arteko artikulazioa ezinezkoa zela. Egun, ETAren osteko ziklo honetan, ebidentzia enpirikoak honako ondorio honetara garamatza: EAJ honen helburu bakarra da bere alderdi-erakunde-negozioa garatzea, unionismoaz baliaturik eta nazio eta burujabetza alorreko akordioei uko eginik. Horrek guztiak, beste kudeaketa-ziklo bat dakarkigu, kontserbadorea eta prepotentea, politikarik gabekokoa. Horrek guztiak bizikleta estatikoa dakarkigu, autonomismo amaigabea, Madrilentzako aginte bakarra. Badirudi Marcos Vizcaya buruzagi jeltzaleareen esaldi ahaztezina (“Espainian eroso bizitzea”) gaurkotu dutela: Sabin Etxeak Estatuaren egonkortasunaren pieza gisa kokatu du bere burua, euskal eta kataluniar burujabetza eta independentismoa geldiaraziz.

Berebiziko garrantzia duen dekantazio horren ondorioz, EAJren zuzendaritzak modu obsesiboan kokatu du ezker independentista etsai nagusi gisa, bere kritiken eta irainen helburu gisa; izan ere, funtsean, ezker independentista da, izan da eta izango da bere errenuntzia nazionalaren ispilu, bere kontserbadurismo sozioekonomikoaren eta prepotentzia politikoaren isla. Horrekin guztiarekin, aurrean badugu erronka kolektibo bat, herri-erronka gisa hartu behar duguna: EH Bildu fronte zabal bihurtzea, subiranismoa, independentismoa eta konfederalismoa egituratzeko, eraldaketa sozial eta ekonomikoko proiektu batekin, euskal eskala nazional batean, espazio demokratiko eta aldaketa politikoko espazio gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.