SOS Kuba?

2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Kubaren kontrako manipulazioari buruz idaztea aspergarria da, bai. Oso neketsuak dira. Kuban oso gaizki daude, ez daukate jatekorik ezta medikamenturik, internet moztu diete, baita elektrizitatea ere, Kubako erregimena gora, Kubako diktadura behera... zenbatetan jaso ditugu halako mezu sinplista eta apokaliptikoak pozoitutako iritzi-zutabeetatik zein tertuliakide askorengandik?

Kuban egoera zail batean daude, bai. Haratago, Kuban egoera zail batean bizitzera ohituta daude, egoera zail batean bizitzera kondenatu dituztelako. Iraultza boterera heldu zenetik etengabekoa izan da inperialismo yankiaren erasoa, blokeoa ere arma gisa erabilita, sei hamarkadaz jada luzatzen dena. Gaur, egiturazko arazo eta gabeziei gehitu behar zaizkie, besteak beste, turismoaren erortzea (ekonomiaren lehen lerroa) edota pandemiaren gorakada. Testuinguru zail honetan blokeoak atondu du protesten euskarri materiala. Berak nabariki okertutako egoera erreala da eta herriaren egonezina eta kezka ulergarria. Beste kontu bat da sare sozialetatik, kasu batzuetan kanpoko estrategia zehatz bati erantzunez, sektore batzuen atsekabea bideratzen saiatzea iraultzaren aurka aritzeko.

Zentzu horretan, amorragarria da ikustea nola hedabide gehienek blokeoa intentzio osoz saihesten duten edo bigarren toki batean utzi, Kubako iraultzaileek erabiltzen duten aitzakia bezala irudikatuta. Kubako populazioaz hain kezkatuta omen dauden hainbesteri galdetu behar zaio non zeuden ekainaren 23an, euskal hiriburuetan internazionalistok blokeoaren aurka kontzentratu ginenean.

COVID-19ak eragindako gaixo eta hildakoekin grinatzen dira gustura ere. Egoera benetan okertu arren, Kubako zifrak inguruko herriekin zein Europakoekin alderatzea baino ez dago, hemengoekin konparatuta maila askoz txikiagoan murgiltzen direla ikusteko. Ez digute hainbeste azpimarratzen Kuba izan dela Latinoamerikako herrialde bakarra bere txerto propioak garatzen (Abdala erabileran jada, Soberana 2 oniritziaren zain eta beste hiru txerto aurreko faseetan). Bai, baliabide natural gutxiko eta blokeatutako herri txiki bat eusten ari da erronka honi.

Errepresioaz ere hitz egiten digute, batzuetan Kubakoak ez diren irudiak zabalduz. Oso kezkatuta omen daude, baina ez litzateke gaizki egongo, alderaketa-ariketa bezala, bortizkeria-mailaren arabera estaldura proportzionalki ematea. Zenbat minutu eta karaktere Kubako istiluen aurrean erabilitako indarkeria mugatuari eta zenbat Txileko manifestazioetan galdutako 400 begiei edo Kolonbiako protesten dozenaka hildako eta ehunka desagertuei? edo 2018an «bakea» sinatu zenetik eraildako 1.206 lider sozial eta 277 gerrillari desmobilizatuei? Nekez erakutsiko dizkigute zalapartarien aurrean iraultza defendatzera atera diren kubatarrak.

Egun SOS Cuba leloa erabiltzea nahasmen-operazio horren parte izatea da, ezjakintasunetik edo jarrera politiko kontziente batetik. Estrategia bati erantzuten dio, bai, AEBetatik bultzatuta eta finantzatuta eta herrialde askotako kapitalaren morroi lokalek hedatuta. San Isidroko artista errebelde-ekin edo Patria y vida abestiarekin egin zuten bezala. Eta, ez, hau ez da bestearen etiketatze hutsa norberaren posizioetatik ez mugitzeko. Kuban arazoak daude, agerikoak dira, eta iraultzaile kubatarrek (agintariek ere) ez dituzte ukatzen. Egoerak higadura eragiten du, materiala zein emozionala (blokeoarekin bilatzen dena…), eta ez da erraza gabezien aurrean eta egin beharreko ilaretan naretasuna mantentzea eta egunerokoaren gauzarik sinpleenak testuinguru batean kokatzen jakitea.

Are gehiago gazte askoren kasuan, erretorika ofizialetik urrun eta sare sozialen etengabeko kanpainaren bonbardaketapean. Baina ez dezagun ahaztu zer dagoen mugimendu hauen atzean. Beste toki batzuetan garatutako koloreetako iraultzen kirats nabarmenegia dauka. Jendartea oso egoera delikatu batera eraman, protestak elikatu eta kanpoko interbentzio bati atea ireki, giza eskubideen aldeko aitzakiapean edo laguntza humanitarioz mozorrotuta, Venezuelan ere saiatu den bezala. Ziur Kuban gauza asko hobetu daitezkeela, baina zer eta nola kubatarrek erabaki behar dute, potentzia ekonomiko eta militar handienaren presio itogarririk gabe.

Kubako Iraultzaren kontrako «askatasuna» oihuek ez daukate pandemian zehar Madrilen ultraeskuinak erabilitakoek baino askoz sinesgarritasun gehiago. Ezarritako botereari egin beharreko ezinbesteko kritikaz gain (botere eraldatzaileari hobetzeko kritika, botere zapaltzaileari eraisteko salaketa), zer dago «askatasuna» oihukatzen dutenen atzean? Zein proposamen? Batistaren diktaduraren kontra Moncada eraso zuten iraultzaileek programa bat zuten, Fidelek La Historia me absolverá alegatuan deskribatu zuena. Gaur «askatasuna» eskatzen ikusten ditugunek, zer proposatzen dute? Iraultza desegin eta kapitalismora bueltatu? John Quincy Adams-en fruta garatuaren teoriari jarraituz, AEBetako eskuetan geratzea, kolonizatzaile espainiarrak bota ostean Platt zuzenketarekin gertatu zen bezala?

Kubatar gehienen formazioak eta harrotasunak eta iraultzaren sustrai sakonek bere lekuan utziko dituzte saiakera kontrairaultzaile hauek, beste batzuetan egin duten bezala. Kubatarrei dagokie beren herria eta beren prozesu iraultzailea perfekzionatzea, oztopoz oztopo, akatsez akats eta lorpenez lorpen. Guri euskal internazionalismoa lantzea dagokigu, Kubako iraultzaileei elkartasuna adieraziz, kontrairaultzaileak salatuz eta zabaltzen diren gezurrei aurre eginez. Kubako kasuan, mundu mailan baita Euskal Herrian ere, SOS deia behar duena egia baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.