Ni nazionalista? Ni independentista? Zu gehiago!

2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Dialektika da politikagintzaren oinarria, eta hitzen eta kontzeptuen manipulazioa boterearen armarik onena. Pentsa, Espainiako alderdirik elitistena popularra da,Voxek «askatasunaren aurkako erasotzat» hartu ditu pandemiaren inguruko neurriak eta libertad! oihukatu dute Salamanca Auzoko neofrankistek, Jimenez Losantos ultrak sortutako sare-egunkariak Libertad Digital du izena, liberalismoa da kapitalaren eta multinazionalen ekonomia-dotrina kutuna.

Euskal alderdi nagusiak nazionalistak dira; Espainiakoak, ostera, konstituzionalistak, edo espainiarrak, besterik gabe. Nazionalista kontzeptuak, nahiz eta berez ezer txarrik ez izan, norberaren nazioa maitatzea eta haren burujabetza bilatzea gauza bidezkoak baitira, baditu hain jatorrak ez direnkonnotazioak ere, nazi, nazional sozialismoa eta horrelakoak ekartzen baititu gogora. Maria Molinerren hiztegiak horrela definitzen du nacionalismo: Intensa devoción por el país, que lleva a veces al exclusivismo, que se manifiesta en el afán por su grandeza, y en especial por su independencia en todos los órdenes.

Abertzale eta abertzaletasuna dira euskal ordainak. Bitxia da; hitza Sabino Aranak EAJ sortu berriarentzat XIX. mende amaieran asmatua izan arren, oso gutxitan erabiltzen du alderdi horrek bere burua definitzeko, ez da ageri bere sigletan ere; euskarazko bertsioan nahiago du Jeltzale anakronikoarekin jarraitzea (Jaun-goikua Eta Lagi-zarra), eta nacionalista-rekin (PNV) erdarazkoan. Aldiz,bere burua ezker abertzaletzat du jeltzaleekin lehia bizian dabilen mugimendu politikoak.

Katalanak, gu baino azeriagoak izaki, aspaldi konturatu ziren ez zela komenigarria beren alderdien sigletara nazionalista hitza ekartzea: CIU, ERC, CUP, Junts...Eta jauzi ikusgarria eginez, independista bihurtu dira eta independentzia darabilte hitzetik hortzera inolako konplexurik gabe.

Badugu zer ikasia katalanengandik. Independentziaren aldeko pedagogia handia egin dute azken hamarkadan, gu lozorroan egon garen bitartean. Aholku bila joan gatzaizkie inoiz, eta gogoan izango ditugu Carod Rovirak gurean emandako hitzaldiak. Gauza batek harritu zituen gutariko asko: independista izateko ez omen da derrigorra abertzalea edo nazionalista izatea, hau da, norberaren herriaren hizkuntza, kultura, historia edo sinboloekiko atxikimendua eta sentimendua; aski omen da Espainiatik at hobeto biziko ginatekeen konbentzimendua: osasungintza hobea, bizikidetza hobea eta batez ere ekonomia hobea; bizimodu atseginagoa, azken batean. Katalunian soslai horretako independista berri asko omen dago.

Ez dakit, ba. Ezin ukatu ikuspegi interesgarria dela eta arlo hori ere landu beharko dugula, baina ezin hortik miraririk espero. Baliteke Katalunian hala izatea, baina hemen ez dugu horrelako jende asko ezagutzen. Aski da hauteskunde emaitzetara begiratzea konturatzeko euskara eta euskal kultura indartsuen dauden tokietan ateratzen dutela independentziazaleek boto gehien.

Dena dela, geure burua edozein modutan izendatuta ere (independentista, abertzale edo nazionalista, edo hirurak batera),bestaldekoek, konstituzionalistek, berdintsu ikusiko gaituzte. Nazionalistak gara eurentzat eta kito. Batasun nazional sakratuaren etsaiak. Eta supremazistak ere bai; distira handiko hitza fitxatu dute duela gutxi Ameriketako Estatu Batuetatik edo auskalo nondik, denborarekin indarra galdu duenseparatista zaharra ordezkatzeko. Eta gu jarrera horren aurrean defentsiban jartzen gara, eurak nazionalista eta abar ez balira bezala, eta mila azalpen eman beharrean aurkitzen dugu geure burua: hizkuntza, kultura, historia, sentimena... Eurek ez dute horren beharrik, eurek erasora jo dezakete lasai, nagusitasun moraletik.

Noiz ikasi behar ote dugu euskaldunok espainiarrei eta frantziarrei (eskumako zein ezkerreko, honetan anai-arreba bikiak ematen baitute), eta etxeko eusko-espainiar eta munduko herritarrei eurak ere nazionalistak direla erantzuten? Gu baino nazionalistagoak, gainera, guk azken batean ez dugulako geure estatuaren barruan beste naziorik hartu nahi, eta eurek bai, gogoz kontra eta indarrez bada ere. Eta independentistak direla, gu bezain independentistak; ez al daude ba Frantziaren eta Espainiaren independentziaren alde? Nire iritziz, hori mihiaren puntan eduki beharko genuke beti abertzale guztiok; eta, batik bat, gure pertsonaia publikoek, politikoek eta kazetariek bereziki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.