Xabier Isasi Balanzategi.

Hizkuntza politikak, berriztagarriak

2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Zenbat urte behar du legeak zahartzeko? Zenbat, indarge geratzeko? Ez da erantzun sinpleeneko galdera. Gertaera eta aldaketa soziopolitikoen arabera, legearen objektuaren arabera eta beste zenbait arrazoiren arabera, legeak urte gehiago edo gutxiago iraun dezake. Adibidez, hedabideei dagozkien arauak eta legeak oso aldagarriak dira, hedabideak eurak oso bizkor aldatzen ari direlako.

Imajina dezagun, esaterako, 1982. urtean Gasteizko Legebiltzarrak Komunikazio eta Telefoniaren erabilpena aurauzkotzezko Oinarrizko Legea gehiengoz onartu zuela. Demagun, alegiazko lege hori berrogei urtez aldatu gabe iristen dela gaur arte. Demagun ere, dena delako lege hori ez dela eraberritzen, orain dela berrogei urte itxuraz zegoen adostasuna orain, batzuen ustez, ez dagoelako. Esan daiteke lege hura oso aurreratua, ausarta eta erabilgarria izan zela bere garaian; seguru. Esan daiteke, neurri batean, oraindik ere lege hark baduela nola halako baliorik eta indarrik telefonia eta komunikazioen erabileren arautzeko; ia seguru. Ikusitakoak ikusita, izan daiteke 2022ko Jaurlaritzak eta lehendakariak lege haren gaineko ospakizun arranditsuak antolatzea. Inor ausartuko litzateke esaten alegiazko lege hark ahalbidetuko zituzkeela bizi izan dugun iraultza digitala, telefono mugikorren hedapena eta smartphoneen erabilera unibertsala? Nonbait inor bada, bai.

Alegiazkotik harago, berrogei urteko legeak utz ditzagun adibidetarako. Euskarari dagokionez, erreferentziazko lege nagusia 1982koa da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako autonomiaren aurreneko legealdikoa, alegia. Zorionez, euskararen estandarizazioa hamalau urte lehenago hasita zegoen. Euskaltzaindiak eta euskaltzaleek lortu zuten adostea euskararen batasunerako oinarrizko eredua, lan zaila eta latza. Horrela, Jaurlaritzak sortu orduko aurkitu zuen hizkuntza estandarraren oinarria jarrita: euskara batua abian zegoen. Euskararen normalizazioaren prozesua, bizia, aldagarria eta kontraesanez beteriko prozesua, hasi zen. XX. gizaldiaren erdialdean galera bizikoa, euskara hamaika euskalkitan zatitzen ari zen, gramatika idatzirik gabe, kulturako hizkuntza eredu estandarrik gabe; euskarak baserritar eta arrantzale eremu mugatuetan ozta-ozta zirauen. Zailtasunak zailtasun, diktadorea hil aurretik euskararen pizkundea sendotzen ari zen.

Urte batzuk geroago, Gasteizko Legebiltzarraren aurreneko legealdian (1980-84) 60 legebiltzarkide hautatu ziren: EAJ (25), HB (11), PSE-PSOE (9), EE (6), UCD (6), AP (2) eta PCE-EPK (1). Legealdi horretan onartu zen Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko Oinarrizko Legea. Lege horrek, formalki, EAJ, PSE-PSOE, EE, UCD eta PCE-EPK indar politikoen babesa lortu zuen, 60 legebiltzarkideetatik 47k babestu zuen legea, %78ak. Legea babestu zuten indar politikoek bildutako botoak zenbatuta, 686.216, babesa ez zen iritsi %75era.

Garaian garaiko egoera zela-eta, esan daiteke lortutako adostasun maila nahiko handia zela. Dudarik ez. Oraingo Legebiltzarreko indar politiko berrien jarreraren gainean espekulatu gabe, nork esan dezake ezin lor daitekeela orduan lortutako adostasun maila? Edo, akaso, agintean dauden alderdiek, EAJ eta PSE-EEk, aldaketarik ez dute nahi eta euskara amaigabeko hilzoriko egoeran izoztea nahi dute?

Edozelan ere, gure ustez, Euskararen Erabileraren Normalizazioaren Oinarrizko Legea berritzeko premia gorria dago. Legea zaharkiturik geratu delako eta, okerragoa dena, euskararen atzerako joera hasi delako. Euskal Autonomia Erkidegoko euskararen legeak berrogei urte beteta, aro analogikoko denak honela esaten du:

«Hirugarren Kapituluak euskararen erabilera hedabideetan arautzen du, informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea aitortuz. Jaurlaritzari egozten dio euskara Autonomia Erkidegoko hedabideetan sustatzeko ardura eta Espainiako Irrati-Telebistan (EITB) bultzatzekoa eta euskararen erabilera bultzatu eta babesteko neurriak hartzea irratian, egunkari eta aldizkarietan, irudiaren eta soinuaren grabaziotan eta abarretan». Euskal Irrati Telebista (EITB) sortu aurreko legea! Informazio eta Komunikazioko Teknologiak eta Internet baino lehenagokoa. Eraldaketa digitala ez al da arrazoi indartsua hizkuntza normalizioaren legea eraberritzeko? Bada gehiago.

1996ko Bartzelonako Adierazpena (Unesco), Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna. Hogei urte igaro dira Espainiako Erregeak sinatu zuela Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna (Estrasburgo, 1992ko irailaren 15a). Gutun horrek bere hamargarren artikuluan, Administrazioko agintariak eta zerbitzu publikoak, zehatz xedatzen zuen, c) atalean, dokumentuak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza batean erredaktatzea baimentzea administrazioko agintariei dagokiela.

Espainiako Erresumako administrazio publikoaren gaineko legediak, beste aldetik, tokian tokiko berariazko hizkuntzen erabilera arautu eta babesten du: tokiko administrazioen araubide juridikoari buruzko Errege Dekretuak xedatzen du berariazko hizkuntzen erabilera herri administrazioen jardueretan. Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak ahalbidetzen du tokian tokiko berariazko hizkuntzen erabilera.

Izandako aldaketa horiek ez dira arrazoi indartsuak gure normalizaziorako lege nagusia eraberritzeko?

Esan ohi da euskararen erabilera dela ahulunea eta eginkizunik garrantzitsuena. Hala da. Alabaina, hizkuntza gutxituaren erabilerari bidea emateko euskararen hiztun elkartearen eraketa, hedapena eta kohesioa egin beharrekoak dira. Horiek dira, hain zuzen ere, datozen urteotan normalizazio prozesuan egin beharreko urratsak: euskararen hiztun elkartearen eraketa, hedapena eta kohesioa. Horretarako, bada, lege berria behar dugu, berandu baino lehen. Hizkuntza politika berriztagarriak behar dugu.

Seguru asko Amets Arzallusek hobeto azaldu zuen Bilboko azken agurrean:

Gaur abenduak hirua
ta nik barrena dut sutan
Hizkuntzaren agonia
saltzen da promes faltsutan
Bortizkeriaz ezin da
mintzatu ez bada damutan
ta nik egunero bortxa
pairatzen dut mihi puntan
Euskaldun jaio izanaz
amorratzen naiz batzutan
Orain larrialdi globala
dago guztion burutan
Bukatua dagoela
dirudien mundu huntan
Bukatu gabeko herri bat
gelditu zaigu eskutan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.